Galdera zehatza egin du Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak osoko bilkuran: «Zergatik eta noiz arte jarraitu behar dugu huts egin duen kudeaketa eredu hau mantentzen?». Larrialdietako anbulantzien zerbitzuaz ari zen; koalizioak iritzi dio premiazkoa dela zerbitzuaren kudeaketa publikoa bilakatzea, eta Eusko Jaurlaritzari aukera hori aztertzeko eskatu dio legez besteko proposamen baten bidez. Eusko Legebiltzarraren gehiengoak, ordea, baztertu egin du oraingoz, Osasun Sailari gutxienez bi epea eman baitio eredu egokia zein den aztertzeko eta erabakitzeko.
Eztabaida ez da berria; lehen ere maiz debatitu izan dute gaiaren inguruan, talde politikoetako ordezkariek gogorarazi dutenez. Alta, Osakidetzako anbulantzia zerbitzuaren kontratazioaren inguruan sortutako gatazkak lehen lerrora ekarri du berriro kudeaketa eredua aldatzearen beharra, EH Bilduren esanetan. Izan ere, 2024ko azaroan, Jaurlaritzak bertan behera utzi zuen La Pau enpresarekin zuen kontratua, enpresa ez zelako kontratua behar bezala betetzen ari. Uztailean berriro lizitatu zituen kontratuak, baina prozesu hori ere etenda dago behin-behinean, sindikatuek helegitea jarri zioten eta.
Uberak adierazi duenez, anbulantziekin gertatu dena ez da kasu isolatu bat, «egiturazkoa» baizik. Gogorarazi du azken urteetan behin baino gehiagotan gertatu dela zerbitzua ematen zuen enpresak kontratua etetea eta hark utzitako zuloa administrazioak estali behar izatea, aparteko diru ekarpenak eginez. «Egoera hau ez da enpresa baten ondorioa, kudeaketa eredu baten ondorioa baizik, zeina urteetan kontrastatua geratu den, baina gobernua tematzen den kontratazio eredu horri eusten», kritikatu du.

«Anbulantzien inguruko zenbat eskandalu gehiago behar ditu Euskadik zerbitzua kanpora ateratzearen eredua ez dela egokia aitortzeko? Zenbat aldiz egin behar du porrot eredu honek?», itaundu du Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkideak ere. EH Bilduk eta Sumarrek batera aurkeztu dute proposamena azkenean, eta bozketara jarri duten testuak zera eskatzen zion Osasun Sailari: erretira dezala uztailean lehiaketa publikora atera zuen lizitazioa, eta jar dezala martxan plan bat datorren urtearen hasieran larrialdietako anbulantzien zerbitzua publiko bilakatu ahal izateko.
Bi azterlan
Biek ala biek Jaurlaritzari galdegin diote halaber eman ditzala pausoak osasun sare publikoa osatzen duten zerbitzu guztiak publiko bilakatzeko, enpresa pribatuei esleitutako zerbitzuak «pixkanaka» bere gain hartuz eta zerbitzu gehiago pribatizatzea saihestuz. Anbulantzien kasuan, Osakidetzak anbulantzia medikalizatu propioak eta publikoak ditu, baina bizi euskarri aurreratuko anbulantziak —erizaindunak— eta oinarrizko bizi euskarrikoak enpresa pribatuen bidez kontratatzen ditu.
EAJk eta PSE-EEk, ordea, baztertu egin dute aukera hori, eta Eusko Legebiltzarrean duten gehiengoa baliatu dute elkarrekin aurkeztutako zuzenketa onartzeko. Biek ala biek gogorarazi dute anbulantzia medikalizatuen zerbitzua publifikatu egin zutela, eta, hain justu ere, prozesu hori aurten amaituko dela eta, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote azter dezala eredu horren bilakaera anbulantzien gainerako zerbitzuekin zer egin erabaki aurretik.
«Gutxienez jarduera urte oso bat» aztertzeko eskatu diote, zerbitzuaren kalitatea eta haren jasangarritasun ekonomikoa neurtuta. Era berean, osasun garraioaren sareko zerbitzu berriaren jarduerari buruzko beste azterlan bat egiteko ere eskatu diote; kasu honetan, gutxienez bi urteko epea aintzat hartu beharko luke txostenak. Bi azterlan horiek ondorioak aztertu ondoren erabaki beharko luke Jaurlaritzak zein kudeaketa eredu hautatu.
Edonola ere, eredu kontzertatuaren aldeko hautua egin dute hala jeltzaleek, nola sozialistek. «Kudeaketa publikoa izatea ez da arazo guztien irtenbidea, ez du zerbitzua apartekoa egiten», esan du Ekain Ricok PSE-EEko legebiltzarkideak, eta erantsi ez dela egia kudeaketa hirugarren baten esku uzten denean zerbitzu batek publiko izateari uzten dionik. Ildo berean mintzatu da Elena Lete EAJko legebiltzarkidea ere, eta EH Bilduri txarretsi dio legebiltzarrean publifikazioaz hitz egiten duen bitartean, beraiek agintzen duten udaletan zerbitzu asko enpresa pribatuen esku uzten dituztela «modu orokortuan»; «marka da gero».