Ekitaldi sorta oparoa antolatu du Martxoak 3 elkarteak 1976ko sarraskiaren 50. urtemuga berezi honetan. Musika, literatura, artea, manifestazioak, erakusketak... Denetarik egon da elkarteak duela mende erdiko hildakoak eta biktimak oroitzeko ondu duen egitarauak. Urteak, ordea, laster joko du burua, eta, harekin, baita 50. urteurrenak ere. Urtemuga «borobiltzeko», beste erakusketa bat prestatu du elkarteak, 1976-M3-2026: Oroitu eta kontatu izenekoa. Zabalganeko gizarte etxean egongo da ikusgai, azaroaren 2tik aurrera.
Ikusi gehiago
Zabalgana euskara taldearen laguntzarekin antolatu dute erakusketa hori, eta bertan «Martxoak 3 elkarteak sarraskiaren 50. urtemugan egindako lanaren lagin bat ikusteko aukera» izango da, «aurretik landutako bi erakusketen piezak» bilduko ditu, «Gasteiztik mundura eta mundutik Gasteizera doan begirada» ardatz hartuta. Izaskun Arrue Kulturgunean inauguraturiko Oroiterri, Oroimenaren Euskarriak izeneko erakusketa eta Ignacio Aldekoa kultur etxean ikusi ahal izan zen Komunikazioa eta Memoria. Prentsa eta sarraskia, begirada kritikoa dira aurretik landutako biak.
Ikusi gehiago
Ekimen horren bitartez, urteurrena borobildu nahi du elkarteak, baita halako gertakariak «nola oroitu eta kontatzen» diren hausnartu ere. Astelehenean inauguratuko dute erakusketa, 18:30ean, eta hilabete osoan zehar egongo da ikusgai. Gainera, ostegunero bisita gidatuak eskainiko dituzte, euskara hutsean, Zabalgana euskara taldeari esker. Bisita gidatuak ere 18:30ean izango dira, eta sarrera doakoa da.Â