«Azaroaren 25ean kaleak hartuko ditugu: matxismoa ukatzen eta indarkeria normalizatzen duten ideia faxisten aurka eta erasotzaileen inpunitatearen aurka». Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean ere kalera aterako da Itaia emakumeen antolakunde sozialista, eta herritarrei mobilizatzeko eta antolatzeko dei egin diete. «Matxismoaren normalizazioa» ezin da onartu, antolakundeko kideen irudiko; are, horri erantzuteko, «urgentziazkoa» iruditzen zaie «emakumeenganako deshumanizazio eta mendekotasun forma guztiei aurre egingo dion bloke zabal bat» osatzea.
Gogoratu dute indarkeria matxistak «errealitaterik gordinena» erakusten duela etengabe, eta horren adibide direla azken asteotan Euskal Herrian gertatutakoak: «Gizon batek emakume bat erail zuen Zarautzen; urruntze agindua urratu, eta emakume bat itotzen saiatu da haren bikotekide ohia Irunen; talde bortxaketa bat Iruñean; bere semea eta bere burua senar erasotzailearengandik babesteko Angelura etorri zen emakumea atxilotu dute; polizia batek bortxaketa frogak suntsitu ditu erasotzaileak laguntzeko; eta bi sexu esplotazio sare atzeman dituzte Donostian, Tuteran eta Irunen».
Finean, egoera «larria» dela nabarmendu dute, eta hala izanen dela aurrerantzean ere «kalean erantzun kolektibo eta eredugarriak emateko» antolaketarik ez badago. Bada, antolakundea kalean dagoela adierazi dute, eta indarkeria matxistari aurre egiteko garaia dela erran: «Lan hori egin dugu gure herrietan eta hirietan gertatutako eraso bakoitza salatuz, eraso bakoitza desnormalizatzearen bitartez indarkeria matxista arazo sozial modura erdigunean jarriz, eta jendea matxismoaren aurkako jarrera har dezan kontzientziatuz, eraso egin dieten emakumeek behar duten babes soziala izan dezaten».
A25ean kaleak hartzeko dei egiten dugu: matxismoa ukatzen duten ideia faxisten eta erasotzaileen inpunitatearen aurka!
— ITAIA (@itaiasarea) October 30, 2025
Batu mobilizazioetara! pic.twitter.com/GMcy7vN2O6
Hain zuzen, nabarmendu dute emakumeek egunero jasaten dituztela matxismoaren kolpeak, hamar indarkeria kasutatik bederatzi ingurune hurbilean izaten baitira. Horrelakoetan, «zaurgarrienak» emakume langileak direla adierazi dute; izan ere, emakume horien «bizi baldintza prekarioek» ezinezko egiten dute indarkeria testuingurutik ateratzea: «Gu gara gizartetik baztertuak eta estigmatizatuak garenak, gu gara kalean seinalatuak garenak eta errudun sentiarazten gaituztenak, gu gara babes neurriekin itota eta intimitaterik gabe bizi behar dugunak».
Bi arlo indartu
Itaiaren irudiko, faxismoaren gorakadaren ondorioz, zabaldu egin dira «emakumeak gutxiesten dituzten diskurtsoak». Gainera, gogoratu dute matxismoa ez dutela ultraeskuinekoek soilik ukatzen, eta emakumeen kontrako jarrerak hedatu egin direla kalean. «Gure zapalkuntza minimizatzen duten mezuak zabaldu egin dira, bereziki, gazteen artean, sare sozialen bidez», adierazi dute.
Hori ikusita, bi arlo indartu nahi dituzte. Batetik, ezinbertzekoa zaie instituzioetatik kanpo «matxismoaren kontrako sen on bat» garatzea. Izan ere, Itaiako kideen irudiko, instituzioek, indarkeria matxista amaitzeko ahaleginak egin beharrean, bortizkeria hori «kudeatu» baino ez dute egiten, eta gero eta baliabide gutxiago erabiltzen dituzte gainera. Bertzetik, «oinarrizkoa» da matxismoari aurre egiteko «erantzun argi eta irmoak» ematea, eta «erasotzaileei argi uztea gure herrietan, kaleetan eta auzoetan ez zaiela baimenduko pauso horiek ematea».
Matxismoa amaitzea «lehen mailako zeregina» dela erran dute, eta horretarako «funtsezkoa» dela «kapitalismoaren oinarrien kontra borrokatzea». «Eraiki dezagun indarkeria matxista amaitzea ahalbidetuko duen alternatiba. Itaiatik norabide horretan lan egiteko konpromisoa hartzen dugu, eta azaroaren 25 honetan mobilizaziorako eta antolakuntzarako dei egiten dugu», borobildu dute.