Indarkeria politikoaren biktima guztiek memoria osatzeko orduan «funtsezko zeregina» dutela azpimarratu nahi izan du Eusko Jaurlaritzak Memoriaren Egunean. Gogora institutuak Europa biltzar jauregian antolatu du ekitaldi nagusia, Gasteizen, eta, hain justu ere, biktimak jarri ditu lehen lerroan, etorkizuneko belaunaldiei iragan hurbilean izandako indarkerien berri emateko garaian haien testigantzek duten garrantzia azpimarratzeko. Bertan, «biktima guztiekiko enpatia bilatuko duen memoria terapeutikoa» eraikitzea eskatu du Imanol Pradales lehendakariak. Lehen aldiz hartu du parte torturatu batek Eusko Jaurlaritzak antolatutako memoriaren eguneko ekitaldi batean.
Batasun politikorik gabe egin dute ekitaldia beste urte batez, PPk eta Voxek uko egin baitiote parte hartzeari, horrelako ekitaldiek indarkeria eta biktima mota ezberdinak nahastu egiten dituztela argudiatuta. Goizean, Eusko Legebiltzarreko lore-eskaintza ekitaldian ere ez dira izan. Europa biltzar jauregian izan dira, ordea, gainerako alderdi politikoetako eta erakundeetako ordezkariak, eta alboan izan dituzte ETAren, GALen, eskuin muturreko taldeen nahiz Poliziaren 50 biktima inguru.
Biktimak izan dira ekitaldi horren protagonistak, eta haien lekukotzak. Izan ere, Justizia eta Giza Eskubideen sailburu Mari Jesus San Joseren aburuz, horiek dira «ohartarazpenik onenak lehengo hanka sartzeak berriro egiteko edozein saioren kontra». Haien izenean, hiru emakumek hartu dute hitza: Maixabel Lasak, Ixone Fernandezek eta Amelia Matxinbarrenak. Nork bere oinazean oinarrituta hitz egin du, itxi gabeko edo ixten ari diren zaurien minetan oinarrituta, baina testigantza horiek memoriaren transmisioan duten garrantziaz jabetuta.

Min guztien aitortza
Izan ere, hirurek elkarbizitzaren aldeko aldarria egin dute, eta prest agertu dira memoria osatzen laguntzeko. Horretarako, baina, ezinbestekotzat jo dute biktima guztien mina aitortzea. «Elkarbizitzarantz eta gizarte hobe baterantz aurrera egin nahi badugu, egia guztiek jasota egon behar dute, ezin baitugu memoria osatu zati bat falta duela», azpimarratu du Fernandezek, eta zera erantsi: «Euskal Herria puzzle moduko gizarte bat da, non indarkeria asko egon diren, eta denok gara indarkeriaren biktimak modu batera edo bestera».
Hain zuzen ere, lehen aldiz hartu du parte Poliziaren torturen biktima batek Memoriaren Eguneko ekitaldian. Fernandez 2005ean atxilotu zuen Espainiako Poliziak, eta torturatu egin zuten. Bizipen «traumatikoa» izan zela kontatu du, eta salatu bere kontakizuna «ukatua» izan zela gerora. Horrek eragindako minean oinarrituta aritu da, eta tortura kasu guztiak aintzat hartzeko eskatu du Fernandezek; izan ere, bere kasua ez dago ofizialki aitortua gaur egun.
«Niri 18-20 urterekin esan balidate neska bat torturatu zutela, ziur aski ez nukeen sinetsiko, nik orduan sentitzen nuen minak besteek sentitzen zutena aitortzea oztopatzen zidalako. Eta ederra da puntu honetara iristea»
AMELIA MATXINBARRENA ETAk hildako baten iloba
ETAk 1978an hil zuen militar baten iloba da Matxinbarrena, eta eskerrak eman dizkie erakundeei oroitza ekitaldiak antolatzeagatik. Izan ere, nabarmendu du halakoek biktimak «babestu» egiten dituztela eta laguntzen dutela haiek bizitako sufrimendua ez ahazten. «Niri 18-20 urterekin esan balidate neska bat torturatu zutela, ziur aski ez nukeen sinetsiko, nik orduan sentitzen nuen minak besteek sentitzen zutena aitortzea oztopatzen zidalako. Eta ederra da puntu honetara iristea».
Bide horretan, norbere buruari galderak egiteak duen garrantzia azpimarratu du Matxinbarrenak, halaber: «Denbora faktore garrantzitsua da horretarako, baina, batez ere, galderak egin behar dizkiozu zeure buruari. Eta erantzunek ez badute mundu guztia aintzat hartzen, jarraitu behar duzu bilaketa horrekin, edozein gizakiri bakea eta maitasuna opatzera iritsi arte».
Azkenik, 2001. urtetik Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako Bulegoaren zuzendari gisa egindako lanari buruz aritu da Lasa. Biktimek jasan zuten «abandonua» gainditzeko egindako ahalegina azaldu du, «erakundeek ez ezik, gizarteak ere ikusezin bilakatu baitzituen biktimak». Bide horretan, bereziki aipatu ditu biktimen testigantzak ikasgeletara eramateko programak, eta ETAko kideen eta biktimen artean egindako topaketen garrantzia.
Erakundeek egindako urratsak ere izan ditu hizpide, eta azpimarratu du biktimak «eztabaida politikotik ateratzea» izan zela orduko Jaurlaritzaren helburua. Hor kokatu du Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren barkamen eskaera, hain justu ere. «Patxi Lopezek ere barkamena eskatu zezan nahi izan genuen, baina ez genuen lortu. Pena izan zen, baina horrela izan zen eta horrela kontatu behar da». ETAk hil zuen Juan Mari Jauregiren alarguna ere bada Lasa, baina berak ez du bere burua biktimatzat: «Biktima nire senarra izan zen, hil zutenetik nire alabak eta biok bizi izan dugun guztia galdu duelako».
«Egunero elikatu» behar
Etorkizunean jarri nahi izan du mira Imanol Pradalesek ere, eta transmisioan. Jaurlaritzako lehendakariak esan du iraganean gertatutakoak ez duela atzera-bueltarik, ezin dela aldatu. Baina zehaztu du berriz gertatzea eragotz daitekeela: «Gure esku dago etorkizuneko bizikidetzaren oinarriak finkatzea, indarkeriaren deslegitimazioa, giza eskubideak, biktima guztien aitortza, eta balio etiko eta demokratikoak indartuz».
«Hau da gazteei, gure herriaren garai ilunak ezagutu ez zituztenei, helarazi behar diegun mezua: indarkeriak ez duela lekurik gure gizartean, eta sufrimendu amaigabea besterik ez duela ekartzen»
IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzako lehendakaria
Izan ere, Pradalesek nabarmendu du demokrazia eta giza eskubideak ez daudela ziurtatuta, eta ezinbestekoa dela iraganetik ikastea, «akatsak ez errepikatzeko». Horretarako, ezinbestekotzat jo du demokraziaren balioak sendotzea, hori delakoan «estremismoari, populismoari eta intolerantziari» aurre egiteko modurik egokiena. «Hau da gazteei, gure herriaren garai ilunak ezagutu ez zituztenei, helarazi behar diegun mezua: indarkeriak ez duela lekurik gure gizartean, eta sufrimendu amaigabea besterik ez duela ekartzen».
Lehendakariak memoria «kritikoa» osatzeko eskatu du, zeinak «epelkeriarik gabe» aitortuko duen «biolentzia forma guztiek eragindako mina bidegabea dela». Eta biktima guztiekiko «enpatia bilatuko duen memoria terapeutikoa» ere eskatu du, sufrimendua «instrumentalizatuko» ez duena eta biktimak «lehentasun» izango dituena. Izan ere, lehendakariak azpimarratu du gizarte osoaren ardura dela «biktimen mina arintzea edo, gutxienez, ez areagotzea».
«Ahanztura ez da aukera bat, eta ezin da orrialdea pasa irakurri gabe», azaldu du Pradalesek. Mikel Zabaltzaren eta Oscar Villafañeren kasuak ekarri ditu gogora, eta bere buruari galdetu dio ea zenbatek duten kasu horien berri. «Erantzunak ondorio garbi batera eramaten gaitu: asko dugu partekatzeko, gizarteratzeko eta ikasteko», adierazi du, eta erantsi memoria «egunero elikatu» behar dela.
Legebiltzarreko lore eskaintza
Eusko Legebiltzarrean ere ekitaldia izan da Memoriaren Egunaren harira, hainbat hiritako udaletxetan egin duten moduan, baina Gasteizko ganberan ere ordezkaritza duten talde bik ez dute parte hartu: PPk eta Voxek. Urtero bezala, lore eskaintza egin dute gainontzeko talde politikoen ordezkariek Gauerdiko Iparrorratza eskulturan, indarkeria politikoaren biktimei eskainitako piezan, legebiltzarreko sarreran. Ekitaldi horretan bi minutuko isilunea egin dute EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Sumarreko parlamentariek, eta Agur, jaunak eta andreak ereserkia entzun da. PPk eta Voxek helarazi dute ekitaldi horrek «biktimak eta indarkeriak nahastu» egiten dituela, eta «EH Bildu zuritu» egiten duela. Baina, esaterako, Donostiako Udalaren ekitaldian parte hartu dute PPko zinegotziek.
Imanol Pradales lehendakaria buru izan dela egin dute lore eskaintza ordezkari politikoek. Pello Otxandiano EH Bilduko eledunak adierazi du bere koalizioak «memoria inklusiboa» defendatzen duela, «sufrimendu guztiak eta biktima guztiak» aitortu eta errespetatzen dituena, uste baitute hori dela bidea «elkarbizitza benetan demokratikoa eraikitzeko». Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, Otxandianok adierazi du EH Bildu «ekarpen eraikitzailea» egiteko dagoela.
Bizikidetza eta memoria «lehia politikotik» ateratzera dei egin du: «Ezin dute lehia horren esparru bihurtu, are gutxiago liskar antzuetarako». Era berean, gogoratu du aurten 50. urte beteko direla Franco diktadorea hil zenetik, eta horrek «testuinguru berezi» ematen diola Memoriaren Egunari aurten. Gogoratu du 50 urte direla, halaber, Juan Carlos Borboikoak koroa hartu zuela, eta frankismoaren azken fusilamenduak izan zirela; «besteak beste, Txiki eta Otaegirenak».
EH Bilduko bozeramaileak gogoratu du Pradales lehendakariak esan zuela balitekeela «garai ilunak» heltzea, eta «atzera eraman nahi gaituztenak» sektore faxistak eta autoritarioak direla. Hori dela eta, koalizioak uste du memoriak balio behar duela «lezioak ateratzeko, eta, faxismoaren aurka, herri gisa bat egiteko».
PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak ere sare sozialetara jo du Memoriaren Egunean zabaldu nahi zuen mezua igortzeko. «Biktimak gogoratu eta haiei omenaldia egiteak elkarbizitza eraiki eta sendotzen» duela azaldu du. Erantsi du sozialisten helburua beti izango dela «biktimak oroitzea, erreparazioa ematea eta justizia egitea». Eta horrekin batera, PSEk «elkarbizitzan aurrera egin» nahi du: «Guztien ekarpena behar du bizikidetzak».
Halaber, abisu bat eman nahi izan du elkarbizitza «mehatxaturik» ikusten baitu. «Zenbait sektoreri loturik dagoen indarkeriaren kultura» aipatu du: «Eskerrak oso gutxi diren». Dena den, sektore horiek, Anduezaren arabera, abisu argi ematen ari zaizkie. «Konpromiso sendoak eta zintzoak hartzeko beharra dugu».