Ate joka dabil Martxoaren 8a. Eta, urtero lez, Euskal Herriko Mugimendu Feministak kalera ateratzeko deia egin die emakumeei, transei eta lesbianei, Beste mundu bat feminismotik leloaren pean. Elene Lopetegik eta Mariana Urcuyok kolektibo feministen izenean irakurri duten adierazpenean ohartarazi dute «noraeza, etsipena eta beldurra» gailentzen ari direla. Hori ikusirik, nabarmendu dute ez direla «isilik» eta «otzan» geratuko, eta sistema kapitalista zisheteropatriarkal, kolonial eta arrazistari aurre egingo diotela. Aurten M-8a igandez izango dela eta, Euskal Herriko hiriburuetan goizerako antolatu dituzte manifestazioak, baina gainerako herrietan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egin dute.
Prentsaren aurrean egindako adierazpenetan, desberdinkeriak areagotzen eta «askotariko zapalkuntzak betikotzen» ari direla salatu dute, eta hori «errealitate materialean islatzen» dela argitu: «Etxebizitzarako sarbidea nork duen eta nork ez, baliorik gabeko lanetan nor dabilen eta nor ez, hainbat eskubideren jabe nor den eta nor ez... Finean, nori eragiten dion geroz eta gehiago sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonialistak eta arrazistak».
Feminismoa aitzakia harturik
Era berean, instituzioei egotzi diete feminismoaren diskurtsoak eta proposamenak «bereganatzea», eta feminismoa aitzakia harturik «mezu arrazistak zabaltzea». Onartu dute Euskal Herriko Mugimendu Feministak azken urteotan aurrerapausoak eman dituela, baina oraindik egiteko asko dagoela gogorarazi dute. Ekiteko ardura, ordea, ez da soilik feministena, Lopetegiren eta Urcuyoren aburuz: «Instituzioek, patronalek, gizonek, sistema hau betikotzen dutenek. Urgentziaz diogu: hartu dagokizuen erantzukizuna!».
Martxoaren 8ko manifestazioa antolatzeaz gainera, mugimendu feministak martxorako aurreikusita dauden beste deialdiekin ere bat egingo du. Hilaren 17an gutxieneko soldata propioaren alde euskal gehiengo sindikalak deitu duen greba orokorrean parte hartuko dute, baita martxoaren 21ean ere, arrazakeriaren kontrako egunean. Halaber, hilaren 30ean etxeko eta zaintzako langileen eguneko mobilizazioetara joatera deitu dute, eta 31n transen ikusgaitasunaren egunekoetara ere bai.
«Instituzioek, patronalek, gizonek, sistema hau betikotzen dutenek. Urgentziaz diogu: hartu dagokizuen erantzukizuna!»
ELENE LOPETEGI Euskal Herriko Mugimendu Feministaren bozeramailea
Ildo horretan, aliantzak eraikitzeko deia egin dute: «Elkarrekin nahiz subalternitate propioetatik. Askotariko zapalkuntzen bitartez sostengatzen den sistema honi erantzun diezaiogun askotariko gorputz eta borroketatik». Gainera, gogora ekarri dute feministak beste mugimendu askotan ere badaudela: «Baina guk argi dugu ez dugula feminismorik eta antirrazismorik gabeko mugimendurik nahi, ezta mundurik ere».
Indarkeria matxista ere hizpide izan dute agerraldian. Iragan astean Sarrigurenen (Nafarroa) senarrak erail zuen emakumea gogora ekarri dute, baita eraso berean gizonak larri zauritu zuen beste emakumea ere —erasotzailearen ama, hain zuzen ere—: «Ez zaituztegu bakarrik utziko».
Martxoaren 8ko mobilizazioak
- Baiona: 11:00etan, tren geltokitik.
- Donostia:12:00etan Antiguako tuneletik.
- Iruñea: 12:00etan Antoniutti parketik.
- Bilbo:12:00etan Jesusen Bihotzetik.
- Gasteiz: 12:30etan San Anton plazatik.