GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak gogor salatu dute atzo ertzainek eta udaltzainek Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan bildutako gazteen aurka erakutsitako «bortizkeria». Atzo arratsaldean istiluak izandako leku berean, agerraldia egin dute bi erakundeetako gazteek gaur goizean, eta gogor gaitzetsi dute Poliziaren «errepresioa»: «Poliziak modu bortitzean erreprimitu zuen protesta baketsu bat». Bortizkeria hori erakusten duten bideoak eta lekukoak badirela adierazi dute, eta kanpaldia egin nahi zuten gazteek Poliziari objekturik jaurti izana gezurtatu: «Giro lasaian egiten ari ginen ekintza baten aurka oldartu zen Polizia, eta gezurra da objektuak jaurti genituela». Arratsaldean elkarreteratzea egin dute Errepresio polizialari ez lelopean.
Ikusi gehiago
Gasteizko Txosnen Batzordeak GKSri eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistari «beto politikoa» ezarri diela salatu nahi zuten atzo Andre Maria Zuriaren plazan kanpaldia eginez. Iluntzean kontzertu bat egitekotan ziren, J Martina taldearekin, baina udaltzainak eta ertzainak agertu, eta kolpeka hustu zuten plaza. Ertzaintzak lau lagun atxilotu zituen, gutxienez beste 11 identifikatu, eta «dozenaka» zauritu zituen, tartean kazetari batzuk, Mugimendu Sozialistaren arabera. «Neurriz kanpokotzat» jo dute Poliziaren indarkeria, eta elkarretaratze batera deitu dute gaur 18:00etarako, plazan bertan, gertatutakoa salatzeko.
Istiluen eragilea Polizia izan zela argi utzi dute Mugimendu Sozialistako bi taldeek. Aroa Arrizubieta eta Karla Pisano mintzatu dira haien izenean prentsaurrekoan. Kontatu dutenez, kanpaldiaren helburua zen Gasteizko txosnetan jasaten duten «beto politikoa» ikusaraztea eta arazoa konpontzeko irtenbide bat eskatzea. Kontzertu bat egin nahi zuten iluntzean, eta gaua plazan igaro. Baina, salatu dutenez, kanpin dendak jartzen hasi zirenean poliziak agertu ziren, bi kide identifikatu, plaza hesitu, eta bertan zeudenei oldartu zitzaizkien: «Orduan ehunka pertsona ziren plazan, asko adin txikikoak, eta haien aurka ere egin zuen Poliziak».
«Inolako abisurik eman gabe, alde guztietara oldartu zen Ertzaintza: protestan ari ginenon aurka, kazetarien aurka, kontzertua ikustera bildu zirenen aurka, eta baita kalean zebilen jendearen aurka ere»
AROA ARRIZUBIETAMugimendu Sozialistako kidea
Egoera ikusirik, jende askok Poliziaren hesitik ihes egin nahi izan zuen, baina poliziek ez zieten utzi, eta haien aurka oldartu ziren, Mugimendu Sozialistako kideen arabera: «Inolako abisurik eman gabe, alde guztietara oldartu zen Ertzaintza: protestan ari ginenon aurka, kazetarien aurka, kontzertua ikustera gerturatu zirenen aurka, eta baita kalean zebilen jendearen aurka ere».
Halaber, irmo arbuiatu dute Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak «hainbat hedabideren bitartez» zabaldu duen kontakizuna, eta Ertzaintzari eta Gasteizko Udaltzaingoari aurpegiratu diete gertatutakoari buruzko euren bertsioa eman nahi izatea: «Beren burua erasoa jasandakoaren tokian kokatu nahi dute, errepresioa zilegitzat joz eta gehiegikeriak ezkutatuz». Haatik, argi utzi dute Polizia oldartu izan ez balitz ez zela istilurik egongo.
GKS eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistarentzat atzo gertatutakoa ez da kasu bakana, eta azken hilabeteetako joera «autoritario eta erreakzionarioaren» bidean doa. Hala, testuinguru horretan kokatu dituzte Bilboko Etxarri II gaztetxea husteko operazioan Ertzaintzaren foam bala batek Iker Arana 33 urteko auzokidea larri zauritu izana eta larunbatean Azpeitian (Gipuzkoa) izandako istiluak. «Ez da harritzekoa jokabide horiek guztiak ikusi eta EAJk Ertzaintzari babes irmoa agertzea; izan ere, poliziak dira hark ordezkatzen duen gutxiengo pribilegiatuaren interesak defendatzen dituztenak, gehiengo langilearen aurka». Gasteizko gertakariek erakusten dute, halaber, Poliziak sortzen dituela «segurtasun arazoak» protesta sozialen aurka eginez «pribilegiatuen» defentsan, GKS eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren ustez.
«Betoari» amaiera eman
Mugimendu Sozialistako bi eragileak kezkatuta daude Gasteizko jaietan Poliziak haiekin zer jarrera izango ote duen. Izan ere, «baimenik izan ez arren» txosna jarriko dute aurten ere EHUko Letren Fakultatean, aurreko urteetan bezala: «Aurrekoetan ez dugu inolako arazorik izan gure jaigune hori aurrera ateratzeko, eta, jaietan parte hartzeko eskubidea eduki artean, halako ekimenak egitera derrigortuta gaude».
«Aurrekoetan ez dugu inolako arazorik izan gure jaigune hori aurrera ateratzeko, eta, jaietan parte hartzeko eskubidea eduki artean, antzeko ekimenak egitera derrigortuta gaude»
KARLA PISANOMugimendu Sozialistako kidea
Adierazi dutenez, bosgarren urtea da txosnetatik kanpo utzi dituztena, eta uste dute «betorari» amaiera emateko garaia dela. Gogoratu dute gero eta jende eta eragile gehiagok eskatzen dutela arazoari konponbidea ematea, baita txosna batzordearen barruan ere, baina ezker abertzaleak egoera blokeatuta mantentzeko erabakia hartu izana kritikatu dute. Irtenbidea bilatzeko elkarrizketak abiatzeko deia egin diote atzera Gasteizko txosna batzordeari.
Ertzaintzaren hainbat patruila izan dira gaur goizeko agerraldiari gertutik erreparatzen, eta prentsaurrekoa amaitzean Pisano identifikatu egin dutela salatu du Mugimendu Sozialistak.
PSE-EE, EAJ eta PPren adierazpena
Gasteizko Udaleko PSE-EEk, EAJk eta PPk adierazpen bateratua onartu dute atzoko istiluak «irmo» gaitzetsiz eta Poliziari babesa erakutsiz. Hiru puntu ditu onetsi duten adierazpenak. Batetik, arbuiatu egin dituzte ertzainek eta udaltzainek «beren eginkizunetan zihardutela jasandako erasoak», eta nabarmendu dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak «legez kanpo eta jakinarazi gabeko» elkarretaratzea sakabanatzera joan zirenean gertatu zirela.
Gainera, hiru taldeek «irmo gaitzetsi» dituzte Mugimendu Sozialistak Poliziaren aurka erabilitako «bitarteko antidemokratiko eta indarkeriazkoak». Azkenik, Gasteizko Udalaren izenean, babesa agertu diete Ertzaintzari eta Udaltzaingoari, herritarren «segurtasuna» eta «ordena publikoa» mantentzeagatik; elkartasuna agertu diete, bereziki, istiluetan «zauritu zituzten zazpi agenteei».
EH Bildu, eredua aldatzearen alde
EH Bilduk, berriz, ohar batean eskatu du indarrean den polizia eredua «berrikusi» eta «sakon erreformatzeko». Koalizio subiranistarentzat, Azpeitian eta Gasteizen izandako gertaerek erakusten dute Ertzaintzaren polizia eredua «aldendu» egin dela haren lana gidatu beharko luketen printzipioetatik, hau da, «proportzionaltasunetik, neurritasunetik eta kalte handiagoen prebentziotik».
Azpeitiko eta Gasteizko esku hartzeak «guztiz neurrigabeak» eta «onartezinak» izan direla uste du EH Bilduk. Eta Iker Aranaren kasuak, Donostiako Anoetan realzale bati egindako «erasoak» eta Tolosan (Gipuzkoa) gazte bati begian egindako lesioek erakusten dute, koalizioaren iritziz, «egiturazkoa» dela arazoa.
Hori dela eta, EH Bilduk polizia eredua errotik aldatzeko eskatu du: «Euskal gizarteak merezi du eskubideak errespetatuko dituen, erantzukizunez jokatuko duen eta arazoak eta gatazkak larritu gabe konponduko dituen polizia bat. Telesforo Monzonek Ertzaintza eraikitzeko oinarri izan zituen printzipio eta balio demokratikoak berreskuratuko dituen polizia bat: polizia zibil, demokratiko eta euskalduna, euskal herritarren zerbitzura ariko dena».