Nafarroako Ahal Dugu-ko ehun militantek alderdia utzi dute, eta Zurekin babestu

Ohar batean, adierazi dute ez dutela bat egiten Roldanen ildoarekin eta alderdiaren aliantza estrategiarekin. Zuzendaritzari egotzi diote Madrilgo «nukleo itxi» baten menpe aritzea.

Neniques Roldan Nafarroako Ahal Dugu-ko burua, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Neniques Roldan Nafarroako Ahal Dugu-ko burua, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Iosu Alberdi.
2026ko martxoaren 13a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Ahal Dugu-ko ehun kidek baino gehiagok alderdia utzi dute. Hedabideetara helarazitako ohar batean, azaldu dute alderdia «noraezean» ikusten dutela, eta Zurekin proiektuan lanean jarraitzeko asmoz azaldu dira: «Nafarroa justuago bat lurraldeari lotutako esparru plural, plurinazional eta anitzetatik eraikitzen deneko konbentzimendu osoz» hartu dute erabakia, ez baitatoz bat alderdiaren aliantza estrategiarekin.

Alderdia utzi duten lagunek egungo zuzendaritza egin dute egoeraren erantzule. Zuzendaritzak urtarrilean iragarri zuen hurrengo urteko udal eta foru hauteskundeei begirako barne eztabaida bat hasiko zutela, militantziari ahotsa emateko asmoz. Kritikoak, baina, kexu dira, zirkuluetan —tokiko batzarretan— parte hartzeko deia egiten bazaie ere erabakiak «Madrilen interesen» arabera hartzen direlakoan, bertan egiten den lanari «ez ikusiarena eginda»: «Zalantzan jartzen dute urteetako esfortzu militantearekin eraikitakoa, lan estrategikorako dokumenturik aurkeztu gabe, eta euren adierazpenak kuoten, izenen eta diruaren banaketara mugatuz».

Hori oso lotuta dago Podemosek estatuan duen aliantza estrategiarekin, azaldu dutenez. Hura zalantzan jarri dute, eta salatu dute erabakiak «nukleo itxi, gogor eta txiki baten» menpe daudela. Argudiatu dute «inkoherentzia» horren adibide direla Katalunian ez aurkezteko erabakia eta Aragoin Espainiako ezker konfederaleko beste alderdi batzuekin koalizio bat osatzeari uko egitea. «Podemosen edo Unidas Podemosen markaren indarraz harro dira, baina gizarteak gero eta emaitza okerragoekin erantzuten du», adierazi dute, eta autokritika eskatu.

Horren ondorioak Nafarroan ere antzeman dira, ordea. Kritikoek Ahal Dugu-ko zuzendaritzari egotzi diote esparru politiko bereko alderdi eta politikarien kontra egitea, eta indar berezia egin dute Begoña Alfaro Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken kontseilariaren dimisio eskaeran.

Hain zuzen, iazko ekainean, Neniques Roldan Nafarroako Ahal Dugu-ren zuzendaritza hartzear zenean, Podemosen zuzendaritzak Alfarori exijitu zion gobernuan zuen eserlekua uzteko, eta Roldanek exijentzia horri eutsi zion behin lidergoa bereganatuta. Kontuan izan behar da, alderdiaren zuzendaritzatik bananduta bazegoen ere, lehen eskaera egin ziotenean Alfaro bera zela oraindik ere Nafarroako Ahal Dugu-ko koordinatzailea, nahiz eta hilabete batzuk lehenago uko egin zion berriz primarioetara aurkezteari. Hain zuzen, Zurekin-en aldeko apustua berretsita eman zuen erabakiaren berri.

Oharra sinatu duten kideek ez dute bat egiten erabaki harekin: «Nafarroako Gobernutik ateratzearen gisako mugimendu bat justifikatzeko erabakiak bultzatu dituzte goikoek, hain zuzen gure kideek Etxebizitzari eta Gazteriari lotutako politika publikoen arloan egindako lana estatu mailan erreferentzia bilakatu denean».

Horregatik, «ezkerreko proiektu politikoak» eraikitzeko lana beste nonbait egitea erabaki dute: «Lurraldean errotuta, esparru ezberdinetan eta askotariko lekuetatik militatzen dutenekin benetako lotura izanik, Nafarroa hobe bat eraikitzen segitzeko». Defenditu dutenez, Zurekin Nafarroa da lan hori egin dezakeen «esparru politiko bateratu eta eraldatzailea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA