Nafarroako politikagintzak azeleragailua zapaldu du. PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak udaren ondotik aktibatu nahi zuten ikerketa batzordea, baina azkartu egin behar izan dituzte epeak, Cerdan auziak hartu duen neurri politikoaren ondorioz. Batzordea datorren osteguneko osoko bilkuran onartuko da, eta datorren astean jarriko da abian: orduan zehaztuko dituzte funtzionamendu arauak eta egutegia. «Gertaerek arrapaladan harrapatu dituzte PSN eta haren bazkideak. Azkarregi ari ginela esaten ziguten, eta orain egoera aldatu da. Erreakzionatzera behartu ditu», azaldu du UPNko Javier Esparzak.
Berez, beste bi ikerketa batzorde osatzeko eskaerak egin dituzte UPNk eta PPk: Belateko tunelen adjudikazioan jarri nahi izan dute arreta. Esparzak aurreratu du zalantzak dituztela tramitean den N-121 errepideko adjudikazio prozedura baten gainean ere. Alta, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak aurreko astean hitzartu zuten ikertu egingo dituztela UPNren azken gobernutik Txibiteren azken legealdira arte adjudikatu diren obrak —Guardia ZIbilaren txostenean agertzen diren enpresei dagozkienak, alegia—.
«Ez diogu ezeri aterik itxiko», azpimarratu du Geroa Baiko Pablo Azkonak, asteleheneroko Eledunen Batzordearen bileraren ondotik. PSNko Ainhoa Unzuk, berriz, gogora ekarri du Belateko tunelen obrak ez direla aipatzen Guardia Zibilaren txostenean.
Lucero, Unzuren albokoa
Azken egunak frenetikoak izan dira. Asteazkenean Ramon Alzorriz idazkariorde nagusi eta eledun postuak uztera behartu zuen alderdiak, haren bikotekideak Santos Cerdanekin lotutako Servinabar enpresarentzat lan egiten zuela jakinarazi ondotik. Dimisioaren ostean, PSNk Ainhoa Unzu aukeratu zuen parlamentu taldeko eledun izateko, eta haren albokoa, berriz, Kevin Lucero izango da. Haien alboan eseriko da Alzorriz parlamentuan, legebiltzarkide izaten jarraituko baitu.
Bozeramaile kargua hartu duenez, Unzuk parlamentuko mahaiko lehendakariorde izateari utziko dio, eta datorren osteguneko osoko bilkuran hautatuko dute ordezkoa. Emakumea izango da. PSNk ez du aurreratu nor izango den.
«Ez da zalantzan jarri Nafarroako Gobernuaren kontratu bakar bat ere. Akusazioak egiten dituztenei dei egiten diegu zorrotz joka dezaten».
AINHOA UNZU PSNko bozeramailea
Unzuk gaur izan du bere lehen Eledunen Batzordea, eta, ondorengo prentsaurrekoan, adierazi du ikerketa batzordearen alde egin dutela, nahiz eta orain arte ez den atzeman irregulartasunik Nafarroako adjudikazioetan. «Ez da zalantzan jarri Nafarroako Gobernuaren kontratu bakar bat ere. Akusazioak egiten dituztenei dei egiten diegu zorrotz joka dezaten. Are, Belateko tunelak ez dira aipatu ere egiten Guardia Zibilaren txostenean».
Unzuk ohartarazi du ez dutela onartuko UPNk eta PPk duintasun eta etika irakaspenik ematea sozialistei. «Gobernu honetako kide bakar batek ez du dieta bikoitzik eta hirukoitzik kobratu, UPNko bi presidentek iraganean [Miguel Sanzek eta Yolanda Barcinak] egin bezala». Ildo beretik jo du PPren aurka, Gurtel auzia gogoratuz. «Nahikoa da, hainbeste doilorkeria. Txibite ez da izango ez Otano eta ez Urralburu».
Ikerketa batzordeko presidentea izatea eskatu du EH Bilduk. «Ustelkeriarik ez dugu onartzen, eta hori erakusteko pauso bat dela uste dugu. Aukera ona da erakusteko gai honen inguruan erabateko gardentasuna dugula. Gainera, ez gara gobernuan partaide», arrazoitu du Laura Aznal presidenteak. Haren esanetan, «motz eta zaharkituta» geratu dira Belateko tunelen adjudikazioak soilik ikertzeko UPNren eta PPren eskaerak. Nabarmendu du ezen, ustelkeria kasuan inplikatutakoez harago, legez kanpoko diru sariak ordaintzen dituzten enpresei jarri behar zaiela arreta: «Sakon aztertu behar dugu ustelkeriagatik zigortutako enpresen aurka zer neurri hartu behar ditugun».
«Sakon aztertu behar dugu ustelkeriagatik zigortutako enpresen aurka zer neurri hartu behar ditugun».
LAURA AZNALEH Bilduko eleduna
Berez kontratu publikoen foru legeko 22. artikuluak dio debekatua dutela lehiaketa publikoetara aurkeztea epai irmo batean zigortutako «pertsona fisikoek eta juridikoek». Alta, juridikoki arazoa izaten da epaiek pertsona fisikoak zigortu ohi dituztela, nahiz eta haiek enpresetako goi kargudunak izan daitezkeen. Orain arte, legeak ezarritako baldintza hori ez da bete Nafarroan. Unzuren arabera, juridikoki aztertu beharreko gaia litzateke. «Guztiz ados gaude kontratazio publikoa babestu egin behar dela», nabarmendu du.
Galdera hori egin zaie talde guztiei. «Bukatu egin behar dugu hori, ezin da berriro ere gertatu, gobernatzen duenak gobernatzen duela. Egiten duenak ordain dezala», esan du Esparzak, nahiz eta ez duen zehaztu zer aldaketa egin beharko liratekeen legean. Esparzaren irudiko, Txibite «lur jota» dago, «ez du indarrik». «Oso kasu larria izan daiteke, eta nola ordezkatuko du Txibitek Nafarroa horrela? Gobernua alderdien gainetik dago, eta erantzukizuna onartu beharko luke», gaineratu du.
«Oso kasu larria izan daiteke, eta nola ordezkatuko du Txibitek Nafarroa horrela? Gobernua alderdien gainetik dago, eta erantzukizuna onartu beharko luke».
JAVIER ESPARZA UPNko eleduna
Esparzak salatu du EH Bilduk ez duela zilegitasunik ikerketa batzordea zuzentzeko. «EH Bilduk ez du ezer berrikusi nahi izan, oso eroso dagoelako Pedro Sanchezekin Madrilen». Azpimarratu du UPN dela Belateko tuneletan irregulartasunak egon direla salatu duen «lehen alderdia» —oraingoz ez da horren zantzurik azaldu— eta auzia Guardia Zibilaren aurrean salatu duen «alderdi bakarra». Dena den, ukatu egin du oraingoz zentsura moziorik aurkeztuko duela: «Ez dugu presarik erabakirik hartzeko. Dena dagoenean hartu beharko dira dagozkigun erabakiak». Era berean, PPko Javier Garciak salatu du «herrialde honetako ustelkeria kasurik larriena» dela.
Zurekin Nafarroako Carlos Guzmanek azaldu du oraingoz koalizioaren zuzendaritzan ez dutela gobernutik ateratzeko eskaerarik jaso. Aurreko astean, Pablo Fernandez Podemoseko Antolakuntza idazkariak jendaurrean eskatu zion Begoña Alfaro Etxebizitza kontseilari eta Ahal Dugu-ko koordinatzaileari Nafarroako Gobernua utz dezala, ustelkeria susmoak daudelako eta horren aurkako printzipioak dituelako alderdiak. «Oraingoz ez dugu ezer esateko. Ez da ustelkeria kasu bat; ez dio gobernu honi eragiten, PSOEri baizik».
GORENAK ez du onartu NAFARROAKO GOBERNUA AKUSAZIO PARTIKULAR GISA AURKEZTEA
Espainiako Auzitegi Gorenak ez du aintzat hartu Nafarroako Gobernuaren eskaera. Jose Luis Abalos eta Santos Cerdan PSOEko buruzagi ohien eta Koldo Garciaren aurkako auzian, kaltetu gisa aurkeztu da Maria Txibiteren gobernua, eta akusazio gisa parte hartzeko eskaera egin du. Alta, Gorenaren arabera, eskaera oso motza izan da, eta «ez du auzi honi dagokion gertaera zehatzik aipatu». Hartara, Auzitegi Gorenak ezin izan du ebatzi kaltetua izan ote den. Politikoki kontraesan moduko batean erori da Nafarroako Gobernua, orain arte argudiatu baitu kasuak ez diola eragiten; aitzitik, aldi berean, kaltetu gisa aurkeztea onartu zuen aurreko astean. Akusazio gisa aurkezteak bide emango zion lehen eskuko informazioa jasotzeko eta auziaren epeak eta erritmoak jakiteko.