Negu Gorriak kolektiboak Iruñean banatu ditu afariak, Donostiako debekua dela eta

Adierazi dute Ceutako eta Donostiako gertakariak «pobrezia eta migrazioa kriminalizatzen dituen mekanismo beraren parte» direla.

Negu Gorriak kolektiboa, Iruñean afariak banatzen. NEGU GORRIAK
Negu Gorriak kolektiboa, Iruñean afariak banatzen. NEGU GORRIAK
2026ko abuztuaren 11
10:43
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ceutan eta Donostian gertatu dena segurtasun politika eta migratzaileen aurkako politika berberen emaitza da: kanpoko mugan, Sanchezen gobernuak iritsi ahala kanporatzen ditu milaka pertsona; Donostiako barne mugan, Insaustiren gobernuak Kaleko Afari Solidarioak taldeari kalean jaten ematea debekatu dio ordenaren eta segurtasunaren aitzakian». Egoeraren analisi horrekin eman dio hasiera Negu Gorriak kolektiboak atzo zabaldu zuen oharrari.

Ceutako eta Donostiako gertakariak ikusita, atzo Iruñeko San Lorentzo kaleko jaietan eman zizkieten afariak kale gorrian daudenei: «Jendeari jaten ematea bezain iraultzailea den zerbait egingo dugu». Kolektiboaren ustetan, bi kasuak «pobrezia eta migrazioa kriminalizatzen dituen mekanismo beraren parte» dira. Zehazki, adierazi dute mekanismo hori profil jakin batekoen kontra aplikatzen dela: langile eta migratzaile gazteen kontra. Eta argi dute horiek «soberako populazioa» direla kapitalarentzat, «integraezinak».

Alabaina, azpimarratu dute Iruñea ez dagoela egoera horretatik salbu; izan ere, salatu dute Joseba Asiron alkateak Arantzadiko komentu zaharreko «huste masiboa» eginarazi zuela. Hortaz, azaldu dute gaur egungo egoeran ezin dela «erakundeez fidatu», eta «klase elkartasuna» herritarren eta kolektiboen esku dagoela.

Horiek horrela, adierazi dute «kolapsoa» dagoela eta horren adierazle direla Nafarroako hiriburuan kalean bizi diren berrehun pertsonak, Ceutan egun bakarrean hil ziren 141ak edo iaz Mediterraneo itsasoan hil ziren ia 2.000k. «Ez muga batek, ez udal ordenantza batek, ez etxegabetze batek ezin du geldiarazi klase elkartasuna».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA