Denbora gutxian, paradigma aldaketa handia izan da etxebizitzaren arloan. Eusko Jaurlaritzak 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone inbertsio funtsari ehun milioi euroren truke, eta, ezinbestean, zorion mezu ugari jaso ditu Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak; izan ere, operazio horrek egonkortasuna emango die han bizi diren maizterrei. Hori horrela da. Baina, aldi berean, ukaezina da gertatu den guztiaren irabazle nagusia Blackstone dela, munduko etxejaberik handiena.Â
Euskal Herriko sindikatuek azaroaren 11rako deitu duten greba orokorrari erreparatuta, deigarriak dira egin dituzten aldarrikapenak: besteak beste, espekulazioa debekatzea eta espekulatzaileen jabetzak desjabetzea. Bai, desjabetzea. Duela urtebete pentsaezina zen jendetza handiak mobilizatzeko aldarrikapenak termino horietan egitea; orain, ordea, greba orokor bat antolatu da aldarri hori egiteko, gehiengo sindikalaren oniritziarekin. Horrenbeste aldatu da etxebizitzaren gaiaren inguruko iritzia?
Adibide errealetara jota: Bentaberriko etxeen jabe egiteko, Jaurlaritzak bi aldiz ordaindu behar izan die enpresa pribatuei, eta maizterrek 28 urtez ordaindu diete alokairua. Beraz, herritarrei galdetuz gero, zer zuketen nahiago? Blackstoneri ehun milioi euro ordaintzea edo etxe horiek zentimorik ordaindu gabe desjabetzea? Azken asteetako mobilizazioek agerian utzi dute: premia handiko egoeretan, premia handiko neurriak.