Azken boladan auzitegi ugarik administrazioen hizkuntz eskakizunen aurka emandako epaiei aurre egite aldera, EAJk «segurtasun juridikoa» irabazi nahi du lan eskaintza publikoetan euskara eskakizunak txertatzeko, horiek gero epaile batek atzera botako ote dituen beldurrik izan gabe. Horretarako, Enplegu Publikoaren Legea moldatzeko proposamen bat erregistratu dute jeltzaleek, zeinak mami nagusitzat duen derrigortasun indizea kentzea eta administrazio bakoitzaren esku uztea zenbaterainoko hizkuntz eskakizunak ezarri. «Hilabeteak eman ditugu; urtarriletik hona, guk daukagun jende onenarekin. Talde juridiko bat osatu dugu. Konfiantza daukat bide onetik joango dela», esan du Markel Olano EAJko legebiltzarkide eta Euzkadi Buru Batzarreko euskara arloko arduradunak.
Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa batean eman ditu Olanok EAJren proposamenari buruzko gogoeta eta xehetasun batzuk. Galdetuta ea aldaketak balioko ote duen egungo oldarraldi judizialari galga jartzeko, Olanok «konfiantza» du baietz: «Orain bere bidea du Eusko Legebiltzarrean, alderdien arteko elkarrizketa ezinbestekoa da, eta bideak erakutsiko du noraino iristen garen». Izan ere, EAJk «lan sakona» egin du, «sakonetik» heldu diote gaiari: «Kezka handia nabaritu dugu gure arduradunengan. Kezka hori hedatu da euskalgintzara eta gizarte osora».
Ikusi gehiago
Derrigortasun indizea kentzeko zergatiez jardun du Olanok. Bi ikuspegi antzeman ditu hizkuntz eskakizunen aurkako epaietan: «Bat oso gogorra, non hizkuntz eskubideen gainetik jartzen ziren Espainiako Konstituzioak herritar guztientzat ezartzen dituen eskubideak, eta ez zegoen hizkuntz irizpiderik eskatzerik, konstituzioaren kontra zihoalako». Hori izan zitekeen «legez kontrako bide bat», haren iritziz: «Epaileek ez zuten, gure ustez, legea ongi aplikatzen, 1982tik erkidegoan lege bat onartu baita, eta lege horrek euskaldunen hizkuntz eskubideak bermatzen baititu. Epai batzuetan ez da hori bermatzen».
«Jauzia da kontzeptua. Jauzia eman behar badugu, euskara bidegurutzean baldin badago eta guztion artean elkarrekin esfortzu handi bat egin behar badugu euskararen erabilerak aurrera egin dezan, ahalduntze hori funtsezkoa da: administrazio bakoitzak bere ardurak hartzea»
MARKEL OLANOEAJko legebiltzarkidea
Beste epai batzuen azpian dagoen argudio juridikoak, ordea, derrigortasun indize horiek ditu jomugan, Olanoren esanetan. «Tresna konplexua eta, gure ustez, iluna. Horri helduz, zenbait epailek esaten dute erakunde diferenteek egiten dituzten enplegu publikorako deialdiek ez duela proportzionaltasunik gordetzen». Hizkuntz eskakizunen «interpretazio zabala eta malgua» egiten zen orain arte, baina epaileak interpretazio «oso zorrotza» egiten hasi dira, eta derrigortasun indizea erabiltzen ez gutxienez bermatu beharreko euskarazko lanpostu gisa, baizik eta gehienera eskatu daitekeenaren langa gisa. Jeltzaleen ustez, beraz, indize hori bazter utzita, «ahultasun juridiko handiena» kentzen dute, eta «segurtasun juridiko handiagoa bermatzen». Horrekin lortuko ote da erabateko segurtasuna? «Ziurrenik beste bide batzuk jorratu beharko ditugu, baina honek oinarri on bat eskaintzen digu bide horretan», gaineratu du.
Indize hori kenduta administrazio publikoek izango duten ardurari ere erreparatu die, «ahaldundu» egingo baitira: «Zuk, administrazio gisa, aurrena zeure burua prestatu behar duzu, gero euskara sustatzeko, bai zure baitan eta bai gizartean. Alegia, hizkuntza politikako politikek administrazio gihartsu bat behar dute». Eta bide horretan «beste fase bat» iragarri du euskararen normalizaziorako bidean: «Jauzia da kontzeptua. Jauzia eman behar badugu, euskara bidegurutzean baldin badago eta guztion artean elkarrekin esfortzu handi bat egin behar badugu euskararen erabilerak aurrera egin dezan, ahalduntze hori funtsezkoa da: administrazio bakoitzak bere ardurak hartzea, bere plangintza egitea, eta hori txertatzea euskalgintzarekin eta planifikazio orokorrago batekin. Baina inportantea da azpimarratzea erakunde bakoitzak bere ardura daukala. Ardura ez dauka soilik Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzak».
«Euskara biziberritze prozesuan ipintzeko, zure ekarpena egin behar duzu militante gisa eta alderdi gisa. Eta bigarren atal hori ez dago horren garbi, ez gure alderdian, ezta gizartean ere»
MARKEL OLANOEAJko legebiltzarkidea
Norabide horretan, etxe barrura ere begiratu du Olanok: «Normalean, EAJn berez dator abertzalea eta euskaltzalea izatea. Maite duzu euskara, euskal kultura, eta ahalegintzen zara hori errealitatera eramaten. Hori oinarrizko posizio bat litzateke». Baina hori, ordea, «ez da nahikoa», haren iritziz: «Euskara biziberritze prozesuan ipintzeko, zure ekarpena egin behar duzu militante gisa eta alderdi gisa. Eta bigarren atal hori ez dago horren garbi, ez gure alderdian, ezta gizartean ere. EBB berri honek plangintza bat aurkeztuko du hemendik gutxira, eta nik burukide gisa dudan ardura da hedatzea euskararen normalizazio politikek duten ezagutza gure alderdian, hain zuzen ere, zehar-lerrokotasuna behar dugulako: arlo guztietan arduradun guztiek barneratzea».
PSE-EE desados
EAJk bere kasa lege erreforma aurkeztu izanak haserrea eragin zuen PSE-EEn: gobernu akordioa urratzea egotzi zieten sozialistek jeltzaleei. Olanok garrantzia eman dio bide hori PSE-EErekin egiteari, eta azaldu du ahalegina egin dutela: «Guk uste dugu ezin dugula batzuk egin bide hori, horri errespetu handia diogu. Non dago desadostasuna? Ez datoz bat gure diagnostikoarekin, eta zilegi da. Uste dute sententziek ez dutela eragin sakona sortu, eta guk uste dugu oso sakona sortu dutela. Eta ez daude ados tresnarekin ere: eurak saiatu dira euren proposamenak egiten, baina guk uste dugu haienek ez dutela berme juridikorik ematen».