Osasun publiko «sendo, unibertsal eta kalitatezkoa», eta osasunak «negozio» izateari uztea. OPA Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak bi eskakizun horiek lelo hartuta deitu ditu manifestazioak larunbaterako Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Eta, jada 60 eragile baino gehiagoren babesa jaso dute: ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CNT eta CGT sindikatuena; EH Bildu, Ahal Dugu eta Sumar indar politikoena; Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarena; eta baita zenbait auzo, ingurumen, kultura eta osasun arloko profesionalena zein elkarte feministena ere.
Atxikimenduen berri emateaz gain, plataformako kideek Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren kudeaketa gogor kritikatzeko baliatu dute Gasteizen eginiko agerraldia. Salatu dute Alberto Martinez Osasun sailburuaren «hitzek eta promesek» zerikusirik ez dutela osasun publikoaren errealitate «gordinarekin». Are, Osakidetzaren «egiturazko arazoek» bere horretan jarraitzen dutela ohartarazi dute: besteak beste, itxaron zerrenda «onartezinak» daudela, profesionalak falta dituztela osasun zentro askotan, zerbitzuak pribatizatzen eta aurrekontuak murrizten ari direla, osasun langileek «gehiegizko lan karga» dutela eta lehen mailako arreta egunez egun «hondatzen» ari dela.
Dimisio eskaera
Osasun sistemaren «narriadura» islatzen du EAEko Arartekoak duela gutxi argitara emandako txostenak ere, gogoratu dutenez. Arartekoaren azken txostenak dioenez, 2025ean nabarmen egin zuten gora lehen mailako arretako eta arreta espezializatuko lehen kontsultetarako edo bigarren mailako kontsultetarako itxaron zerrendek, bai eta proba diagnostiko eta ebakuntza kirurgiko jakin batzuetarakoek ere. Eta atzerapen horiek «atsekabea» sorrarazi zuten gizartean, txostenaren arabera. Plataformak erantsi du datu horiek ongi islatzen dutela zer dela-eta ari diren gora egiten osasun aseguru pribatuak.
Osakidetzako arazoek bere horretan segitzen dutela uste dute OPA plataformakoek, eta lehengo lepotik ikusten dute Osasun sailburuaren kudeaketa ere. «Gardentasuna» falta duela, herritarren parte hartzea ukatzen duela, eta langileekin komunikaziorik ez duela salatu dute. Txerto iraungien auzian, gainera, erantzukizunik bere gain ez hartzea aurpegiratu diote. «Eskandalu horren azken arduraduna da, eta berehalako dimisioa eman beharko luke».
Horrez gain, gogoratu dutenez, haurdunaldiaren borondatezko eteteak Osakidetzako zentroetan egiten hasiko zirela hitzeman zuen, baina oraindik ez du esandakoa bete, eta, Osasun Itunaren inguruko «adostasun irudia» ematen saiatu arren, ez da izan halakorik.
Hori guztia aintzat hartuta, larunbatean kalera ateratzeko aski arrazoi badirela iritzi diote, eta manifestazioetan parte hartzera animatu dute gizartea. Bilbon, Jesusen Bihotza plazatik abiatuko da 12:00etan; Donostian, Bulebarretik 17:00etan; eta Gasteizen, Bilbo plazatik 12:00etan.