Aintzat mugimenduak, EHEk, ELAk eta LABek egindako salaketei izkin egin nahi izan diete berriro Eusko Jaurlaritzako osasun arduradunek. Osakidetzako LEP lan eskaintza publikoko euskarazko ikasmaterialean eta azterketetan aurkitutako errakuntzak «puntualak» zirela esan zuten joan den asteartean. Gaur, berriz, akatsak egotea «normaltzat» jo dute Alberto Martinez Osasun sailburuak eta Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak; «bai euskaraz, eta baita gazteleraz ere». LEParen bigarren faseko azterketen azken egunean egin dituzte adierazpenak.
Ikusi gehiago
Lan eskaintza publikoaren bigarren eta hirugarren faseetako zerrendak batera hartuta, 37.200 galderetatik 6.150etan itzulpen oker larriak aurkitu dituzte euskarazko bertsioan. Hala ere, Martinezek eta Bilbaok uste dute «inoiz baino gehiago» bermatu direla hizkuntza eskubideak. «Ahalegin handia egin da galdera sortak prestatzeko, bai gazteleraz eta baita euskaraz ere», esplikatu dute.
«Akats nabarmenen bat dagoenean» epaimahaira jotzeko aukera ere badagoela aipatu dute, hark galdera hori kendu edo aldatu dezan.
OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea ere «oso kezkatuta» agertu zen, akats horiek «ondorio larriak» eragin ditzaketela eta. Martinezek eta Bilbaok gezurtatu egin dute hori: «Euskaraz azterketa egin dutenak emaitza hobeak lortzen ari dira, kategoria gehienetan».