Osakidetzak uste du Espainiako Osasun Ministerioak agiri berri bat aurkeztu eta bideratu beharko duela, medikuen lanaren berezitasunak aintzat hartuz. «Argi dago medikuen berezitasunak aintzat hartu behar direla», esan du Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Berezitasun horiek osasun langile publikoen esparru estatutuan jasotzea edo medikuek eskatzen duten moduan estatutu propio batean onartzea Osasun Ministerioari dagokio. «Bideratuta dagoen testuak ez ditu asetzen medikuen eskaerak, eta egoerak azkenean eztanda egin du», onartu du Bilbaok.
Osakidetzako eta Osasunbideko medikuek greba egingo dute hurrengo astean. Bilbaorentzat, greba «saihetsezina» da. Osasun Ministerioari egotzi dio medikuen gatazkaren erantzukizuna, bai esparru estatutua berritzeko prozedura «desegokia» izan delako, bai jatorrizko testuari egindako alegazioak eta proposamenak aintzat hartu ez dituelako. Autonomia erkidegoek ere egin zituzten «testua hobetzeko» ekarpenak. Egoera ikusita, Osakidetzako zuzendari nagusiaren iritziz, Osasun Ministerioak berriro lanean hasi beharko luke, mahai gainean dituen eskaerei erantzuteko eta neurriak hartzeko, «gatazka hau lehenbailehen buka dadin».
«Analisi sakona»
Osasun Ministerioak urtarrilean sindikatuekin hitzartutako esparru estatutuaren lege aurreproiektuaren arabera, medikuen guardiak, gehienez, 17 ordukoak lirateke. Halako neurri bat bete al daiteke Osakidetzan? «Aztertzen ari gara», erantzun du Bilbaok. «Gure asmoa da analisi sakon bat egitea; egoera aztertu behar dugu zerbitzuz zerbitzu, eta, horren arabera, neurriak proposatu». Esan du zerbitzu batzuetan agian bete daitekeela, baina beste batzuetan zailagoa izango dela. Lantalde bat sortu nahi dute horretarako.
Hori da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak medikuei egin dizkien eskaintzetako bat: «Badakigu 24 orduko guardiak egitea gogorra dela, eta saiatuko gara horren inguruan neurri batzuk hartzen. Ea egoera hori hobetzen dugun». Esparru estatutuaren lege aurreproiektuaren arabera, bost urteko epea izango litzateke guardiak 17 ordura jaisteko. Bilbaok espero du hori lortzeko epea laburragoa izatea. Medikuek Osasun Sailari erantzun diote haren proposamenak ez direla nahikoa, eta greba mugagabea egiteko aukera aztertuko dute. Nafarroako medikuek atzo esan zuten uztailetik aurrera uko egingo diotela arratsaldean borondatezko lana egiteari.Â
Osakidetzako zuzendari nagusiak eskerrak eman dizkio SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuari, egiten ari den lanagatik. Osasun Saila harekin ari da negoziatzen, eta hura da medikuen bitartekaria; baina EAEko medikuen plataformarekin eta MUD Beren Eskubideen Alde Batutako Medikuak elkartearekin elkarlanean ari da.
Eztabaida Eusko Legebiltzarrean
Osakidetzaren egoerari buruz eztabaidatu dute gaur Eusko Legebiltzarrean. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du Eusko Jaurlaritzak ez diela heldu Osakidetzaren egiturazko arazoei. «Langileek gero eta zailtasun gehiago dituzte zerbitzuaren kalitatea eta pazienteen segurtasuna bermatzeko, gehiegizko ahalegina eginda ere», Uberaren iritziz. Hitzak baino gehiago, neurriak eskatu dizkio Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari: «Gehiago arduratzen ari zarete kontakizun bat eraikitzen, heltzeko konpromisoa hartu zenuten egiturazko arazoei heltzen baino. Ez duzue ez planik, ez proiekturik, ez norabiderik».
Martinezek erantzun dio Osakidetzan «tentsioak» daudela, ez Osasun Sailaren ekintza faltagatik, baizik eta «egoera konplexu batengatik». Osasun sailburuak babestu egin du pazienteak itunpeko klinika pribatuetan operatzeko aukera, operazioaren zain 180 egun baino gehiago badaramatzate: «Guretzat pazienteak daude sistemaren erdian, eta paziente bat lehenago artatu badaiteke eskura dauden baliabide guztiak erabilita, egingo dugu, ideologiarik gabe, erantzukizunez jokatuta».
Martinezek Uberari egotzi dio EH Bilduk ez duela osasun sistema hobetu nahi, eta osasun sistema publikoari buruzko adierazpen «katastrofistak» egiten dituela: «Osasuna erabili nahi du balizko etekin politikoa lortzeko. Kritikatu, ezer proposatu gabe; seinalatu, inplikatu gabe; salatu, eraiki gabe».
abortuak egiteko programa pilotua
Osakidetzak programa pilotu bat abiatuko du urrian, borondatezko abortuak osasun sare publikoan egin ahal izateko. Hamar aste baino gutxiagoko haurdunaldietan oinarrituko da. Horiek dira kasu gehienak, %88, Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuak Eusko Legebiltzarrean zehaztu duenez. Sailburuak azaldu du «talde tekniko» bat lanean ari dela. Talde horrek zehaztuko ditu eredua, protokoloak eta kronograma. Sumarreko Jon Hernandez legebiltzarkideak egin dio galdera, «Eusko Jaurlaritzak ez baitu bermatzen abortu eskubidea osasun publikoan gauzatzea». Osakidetzak legea betetzen diola erantzun dio Martinezek, eta haurdunaldiko lehen hamalau asteetako abortuak nagusiki «egiaztatutako zentroetan» egiten direla: «Diru publikoarekin egiten bideratzen dira hara. Lehen arretak lagundu egiten die emakume horiei, emaginen bidez. Informazioa, aholkularitza eta sarbidea bermatzen diete». Hernandezek salatu du Osakidetza «atzerapen handiarekin» ezartzen ari dela abortuak osasun sare publikoan egiteko aukera.