Agian udaren ondoren greba mugagabeari ekingo ziotela iradoki zuten atzo EAEko medikuen plataformak eta MUD Beren Eskubideen Alde Batutako Medikuak elkarteak. SMN Nafarroako Sindikatu Medikoak, ordea, hartua du erabakia; eta ez du asmorik uda amaitu arte itxaroteko. Ekainerako deitutako lanuzteak luzatzeko asmoz, uztailaren 1etik aurrera greba mugagabea egingo dute arratsaldeetan. «Jendea oso haserre dago Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak egindako proposamenarekin, autonomia erkidego guztietan eskaintzak egiten ari baitzaizkie sendagileei, grebak indargabetzen saiatzeko», salatu dute.
Osasunbideko eta Osakidetzako medikuek, azken orduko aldaketarik ez bada, greba egingo dute datorren astean. Espainiako Osasun Ministerioak hitzartutako eta onartutako esparru estatutuaren kontra daude, eta eskatzen diote medikuen oinarrizko lan baldintzak arautzeko estatutu propio bat ezartzeko. Hala ere, beste urrats bat egitea erabaki du gaur Nafarroako Sindikatu Medikoak, iritzita Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak egindako proposamena ez dela nahikoa.
Iruñeko, Tuterako eta Lizarrako ospitaleetan eta Ubarmin klinikan batzarrak egin ostean hartu dute erabaki hori, ekainerako deitutako lanuzteak luzatzeko asmoz. Alberto Perez sindikatuko idazkari nagusiak Nafarroako sendagileen baldintzak eta Espainiako medikuenak alderatu ditu : «Nafarroa da gehieneko lanaldia zehaztuta ez daukan erkidego bakarra, lanaldi zatitua baitugu oraindik ere. Hori dela eta, ezin gara beste erkidegoetara joan lanera».
Lan baldintzetan dauden aldeak «hain izugarriak» izanda, lehenik eta behin zera egiteko eskatu dio Perezek Osasun Departamentuari: «Lan baldintzarik onenak dituen erkidegokoekin berdintzea gureak». Osasunbideko egungo egoera «penagarritzat» jo du sindikatuko buruak: «Ez dut esango katastrofikoa denik, profesionalen ahaleginari esker pazienteak artatzen ari baikara». Osasunbideak dituen hainbat arazo zerrendatu ditu Perezek: «Medikuen %23 baino ez daude lanean hainbat tokitan, osasun zentroak gainezka daude, eta ilarak sortzen dira».
«Ezin dugu gelditu protesta; presio egiten jarraitu behar dugu egoerak hobera egin dezan», amaitu du.
Hurrengo deialdiak
SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuak jakinarazi du parte hartuko duela «greba batzordeak» ekainaren 15erako, astelehenerako, Madrilen antolatua duen elkarretaratzera. Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioaren egoitzaren aurrean batuko dira, 12:00etan. Halaber, ekainaren 19an elkarretaratzeak egingo dituzte 11:00etan hasita, Basurtuko (Bilbo) eta Donostiako ospitaleen aurrean.
Izan ere, otsailean hasitako aldizkako greba mugagabearen barruan, ekainaren 15etik 19ra bitartean lanuzteak egingo dituzte Osakidetzan eta Osasunbidean.