«Oso latza da: zikinkeria dago, arratoiak… Baina ez dugu beste lekurik»

Gasteizko Adurtza auzoko fabrika abandonatuetan zabor artean bizi dira dozenaka etxegabe. Hotza, zikinkeria eta Poliziaren kontrolak etengabe jasaten dituztela salatu dute, eta babesik ezean ez dutela nora joan.

Abandonatutako fabriketako baten pabiloia. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Abandonatutako fabriketako baten pabiloia. ENDIKA PORTILLO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko maiatzaren 27a
16:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Adurtza auzoko fabrika abandonatuetara sartzen den edonork irudika dezake han bizi direnen egunerokoa nolakoa izango den. Aspaldian abandonatutako industria eraikin handietako pabiloien leihoak hautsita daude, hormak pitzatuta, materialak herdoilduta eta, batez ere, zaborra dago nonahi: plastikoak eta kartoiak lurrean, altzairu zaharrak eta janari hondarrak pilatuta, koltxoiak manta zikinekin estalita... Zenbait tokitan su txikiak egiteko prestatutako lapikoak edo gas bonbonak daude, janaria berotu edo hotzari aurre egiteko. Elektrizitaterik eta urik ez dute; bizirik irauteko oinarrizko baliabiderik ez dute kasik.


Han bizi diren dozenaka bizilagunek behin eta berriz aipatzen dituzte arratoi artean bizi direla. Gauean korrika entzuten dituztela diote, eta askok sarna edo larruazaleko arazoak izan dituztela azken hilabeteetan. Baina nora joan ez dute. Gehienak Aljeriatik edo Marokotik iritsitako gazteak dira, batzuk duela hilabete batzuk helduak, eta beste batzuek urteak daramatzate Gasteizen. Denek dute antzeko zerbait ahotan: ez dira «horrela» bizitzeko etorri hona.

«Inoiz ez dakigu Polizia noiz etorriko den: goizeko lauretan, seietan... Hemen beldurrez bizi dira»

ABANDONATUTAKO FABRIKA BATEAN BIZI DEN BIZILAGUNA

«Hemen hotz handia pasatzen dugu, baina ez daukagu alternatibarik», dio 23 urteko gazte aljeriar batek. Duela hamar hilabete iritsi zen Gasteizera, eta lagun batzuek esan zioten abandonatutako fabrika batean lo egiteko aukera zegoela. Harrezkero, han bizi da. «Oso latza da: zikinkeria dago, arratoiak… Baina ez dugu beste lekurik».

Fabrika barruko egoera «osasunerako kaltegarria» dela azaldu du emakume batek: «Arratoiak daude, sarna dugu, zikinkeriaz beteta dago… Ez da bizitzeko lekuA». Neguan argindarra moztu zietela ere gogorarazi du. «Berogailuak eta estufak bagenituen, baina kendu egin zizkiguten».

Poliziaren beldur

Egunsentiarekin batera iritsi dira poliziak fabrika abandonatuetara. Espainiako Poliziaren, Ertzaintzaren eta Gasteizko Udaltzaingoaren ibilgailuak eta dozenaka agente bat-batean agertu dira, eta fabriken barruan lo zeuden askok ez dute denborarik izan zapatak janzteko ere. Nolanahi ere, Polizia agertzea ez da gauza berria haientzat. Bikotekidea lantokietako batean duen emakumeak azaldu du polizien presentzia etengabea bihurtu dela azken hilabeteetan. Frantziatik iritsi ziren Gasteizera, «bizimodu hobearen bila», baina gaur egun etxerik, lanik eta egonkortasunik gabe bizi direla dio. «Bizimodu hau oso gogorra da, eta ez dugu inoren laguntzarik. Inoiz ez dakigu Polizia noiz etorriko den: goizeko lauretan, seietan... Hemen beldurrez bizi dira».

«Hemen jende ona dago, eta jende txarra ere bai. Baina guztiok zaku berean sartzen gaituzte»

ABANDONATUTAKO FABRIKA BATEAN BIZI DEN BIZILAGUNA

Ongi dakite hori 23 eta 28 urteko bi gazte aljeriarrek ere. Duela hamar bat hilabete iritsi ziren Gasteizera, erroldatzea lortu, eta lagunen bidez jakin zuten fabrika abandonatuetan lo egiteko aukera zutela. Egunerokoa oso gogorra dela berretsi dute, eta argitu han dauden guztiak ez direla «gaizkileak», elkarbizitza arazo franko izanda ere. Bi gazteek gaztelania ikasten dute egunero, eta noizean behin lan prekarioak egiten dituzte bizirik irauteko. Gainerakoan, jantokietara joaten dira, edo txatarrarekin ateratzen dute bizimodua. «Hemen jende ona dago, eta jende txarra ere bai. Baina guztiok zaku berean sartzen gaituzte».

URSSA
URSSA lantoki zaharrean bizitzeko atondutako toki bat. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Azaldu dutenez, poliziak sarri joaten dira fabriketara: gauean, goizaldean edo ustekabean. Dokumentazioa eskatzen diete, datuak konprobatzen, eta kolore bidez sailkatzen. «Berdea arazorik ez duen jendea da; laranja, arazo txikiak dituztenak, eta gorria, problematikoak direnak».

Fabriketan bizi den beste gazte batek amorruz hitz egin du etxegabeak kriminalizatzeaz: «Hemen ez gara guztiak berdinak. Batzuek lapurtu egiten dute, baina beste askok ez». Azaldu du askotan sentitzen dutela automatikoki susmagarri bihurtzen dituztela. «Kalean zoaz, eta dokumentazioa eskatzen dizute. Baina zer egin dut? Ezer ez».

Polizia operazioaren ondoren, askok ez dakite zer gertatuko den hemendik aurrera. Batzuei pasaporteak kendu dizkiete, eta komisarian aurkeztu behar dute egoera administratiboa erregularizatzeko. Beste batzuk alde egitekotan dira. «Agian beste herrialde batera joango gara. Hemen ezin dugu gehiago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA