Otegi: «PP okerragoa dela esateak jada ez dio eusten legealdiari»

EH Bilduko idazkari nagusiak esan du Espainiako Gobernuak «programa politiko plurinazional» bat behar duela aurrera egiteko. Estebanek PSOEri eskatu dio frogatu dezala soilik Santos Cerdan, Koldo Garcia eta Jose Luis Abalos daudela nahastuta ustelkerian.

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi, artxiboko argazki batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi, artxiboko argazki batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
jon olano
2025eko ekainaren 17a
10:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Abisua egin dio Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente eta PSOEko idazkari nagusiari: «Atzo Sanchezek esan zuen PP okerragoa dela. Orain arte, inbestidura bloke esan zaion horrek interes komun bat zuen: pentsatzea alternatiba okerragoa dela. Baina horrek ja ez du balio. Horrek jada ez dio eusten gobernuaren jarduerari eta legealdiari». Izan ere, Otegiren ustez, eztabaida ez da Sanchezek gobernuan iraungo duen, edo zenbat: «Kontua da beharrezkoa dela programa bat eta asmo bat daukan bloke bat osatzea, eta hori ez da existitu». Beraz, beharrezkotzat jo du gobernuak «programa politiko plurinazional bat» edukitzea, «estatu eredu desberdin bat onartzeko eta trantsizioan egin ez zena egiteko».

Santos Cerdanen aurkako ustelkeria akusazioak sortutako ekaitz politikoaz galdetu diote Otegiri Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean. Eta behin baino gehiagotan errepikatu du ideia hori: «Gobernuari eusteko itsasgarri gisa funtzionatzen zuen argudio nagusia erori da. Pentsatzea epe ertain-luzerako estrategia bati eutsi dakiokeela esanez besteak okerragoak direla, horrek ja ez du balio. Jakinik ere datorrena okerragoa dela».

«78ko erregimenari» erreferentzia egin dio Otegik, uste baitu erregimen horrek berezkoa duela ustelkeria, eta, beraz, soluzio gisa jarri du sistema politiko hori aldatzea.

Era berean, aitortu du harridura sortu diola Guardia Zibilaren txostenak Cerdani buruz esaten dituenak. «Ez dut asko ezagutzen, baina nahikoa ezagutzen dut harridura handia hartzeko. Hura ezagutzen dutenek badakite ez daramala bizimodu desordenatu bat». Cerdan EH Bilduren mintzakidea izan da, eta, Otegiren esanetan, oraingoz ez dute solaskide «definiturik» PSOErekin: «Hori PSOEri dagokio».

Esteban: Cerdanen auzia «hariaren hasiera» izan daiteke

Aitor Esteban EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak ere hitz egin du Cerdanen auziaz. Herri irratian eginiko elkarrizketa batean, esan du PSOEk frogatu behar duela soilik Cerdan, Jose Luis Abalos eta Koldo Garcia zeudela ustezko ustelkeria sare horretan, eta soilik haien mesederako ari zirela. Izan ere, Estebanen hitzetan, Abalos eta Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkariak izan zirenez, uste du auzi hau «hariaren hasiera baino ikusten ez den mataza» bat izan daitekeela. Gainera, Sanchezen gobernuak legealdia amaitu dezan, beharrezkotzat jo du datorren urterako aurrekontuak onartzea.

Sanchez, hirugarrenez barka eskean

San Pedrok hiru aldiz ukatu omen zuen Jesu Kristo ezagutzen zuela, eta Pedro Sanchezek sei egunean hirugarrenez eskatu du barkamena Guardia Zibilaren txostenak azaleratutako ustelkeria sarearengatik eta hor Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohia agertzeagatik. Ostegunean eskatu zuen barkamena lehenbizi —zortzi aldiz—, Guardia Zibilaren txostena zabaldu eta biharamunean; bigarrena atzo izan zen, PSOEren zuzendaritza batzartu ondorengo agerraldian. Eta hirugarrenez gaur, PSOEko militanteei zuzenduta sare sozialetan zabaldu duen gutun batean. Eskutitz horretan kontraerasora jo du PPren aurka: gobernua «kosta ahala kosta» eroraraztea da haren «lehentasuna», Sanchezen esanetan, eta salatu du Guardia Zibilaren txostena «eskuinaren ahaleginaren zerbitzura» jarri dela. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.