Errenteriako Udalak berretsi du biktimak babestea izan duela lehentasun Xenpelarko eta Kukaiko erasoen auzian

Aizpea Otaegi alkateak azaldu duenez, udalak hasieran Kukai diruz laguntzen jarraitu zuen Jon Maia Seinek egotzia ziotena aitortu eta zuzendari kargua utzi zuelako, baina aurten, dantzaria bere lanpostura itzuli denean, harremana etetea erabaki dute.

Errenteriako alkate Aizpea Otaegi, zenbait zinegotzi inguruan dituela. JAGOBA MANTEROLA
Errenteriako alkate Aizpea Otaegi, zenbait zinegotzi inguruan dituela. JAGOBA MANTEROLA
Arantxa Elizegi-Garbiñe Ubeda
Errenteria
2026ko ekainaren 1a
12:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Indarkeria matxistari lotutako bi kasu esanguratsu gailendu dira azkenaldian Errenterian (Gipuzkoa). Xenpelar bertso eskolan gertatutakoa izan da bat: Bertsozale Elkarteak, Errenteriako mugimendu feministak eta Oiartzungo (Gipuzkoa) feministen asanbladak irakasle baten erasoak salatu zituzten, eta, horren ondorioz, bertso eskola horren jarduera bertan behera uztea erabaki zuen udalak. Kukai dantza taldean gertatutakoa izan da bigarrena: Jon Maia dantzariari sexu erasoak egin izana leporatu zioten zenbait emakumek duela bi urte, eta, biktimek hala eskatuta, konfidentzialtasun zorrotzez landu zuten auzia, harik eta PSE-EE alderdiak udal gobernuari kontuak eskatu, eta hautsak harrotu ziren arte. Ostiralean gertatu zen hori, eta geroztik sortutako zurrumurruei, gaizki-ulertuei eta kritikei aurre egin eta azalpenak emate aldera, agerraldia egin du goizean Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak.

Lehenik eta behin, Otaegik zehaztu du biktimak babestea eta haien borondatea errespetatzea izan duela udalak lehentasun une oro, eta horri lotuta hartu dituztela erabakiak.

Xenpelar bertso eskolari dagokionez, maiatzean izan zuen udalak gertatutakoaren berri, biktimek egoera salatzeko urratsa egin, eta mugimendu feministari zein Bertsozale Elkarteari jakinarazi ziotenean. «Egoeraren larriaz jabetuta», eta hartu beharreko neurriak «hasieratik» hartuta, Otaegik aitortu du egoera «konplexua eta zaila» dela, eta egitekoak zerrendatu ditu: «Zer gertatu den zehatzago jakiteko eta eskolaren bueltako gazte eta guraso horiei eragindako mina osatzen laguntzeko behar diren prozedurak martxan jartzea, behar duten babesa eta laguntza eskaintzea, konfiantza berreskuratzeko». Tartean adin txikikoak daudela nabarmendu du gainera, eta esan du fiskaltzarekin harremanetan daudela prozesua aitzinatzeko.

Bestelakoa izan da Kukai dantza taldeko Jon Maia Seinen kasua. Otaegik azaldu duenez, mugimendu feministarekin hitzartuta eta biktimek hala eskatuta, prozesu bat jarri zen martxan, dantzariak egozten zitzaiona onartu eta zuzendari kargua utzi ostean. Hain zuzen ere, Maia Seinek pauso hori eman zuelako erabaki zuen udalak 2025ean dantza taldeari diru laguntza ematea —53.600 euro—. 2024an izan zuten salaketen berri.

Iazko urte amaieran, ordea, Kukai dantza taldeak jakinarazi zion udalari Maia Sein bere lanera itzuliko zela otsailean. Hori jakinda, eta informazio zabalagoa jaso bitartean, dantza taldearekin harremanak etetea erabaki zuen udalak, eta halaxe daude orain ere.

«Printzipio guztiak auzitan»

Otaegiren esanetan, adostutako bidetik aldentzea ekarri du Jon Maia Seinen itzulerak. Gainera, izan da beste urratzerik ere horrekin batera, hala nola «printzipio guztiak auzitan jartzen dituen oharra, Kukairen gidaritza taldeko kide batek izenpetua». Gaineratu du horrek krisi bat zabaldu duela udalaren eta Kukairen artean, eta «prozesuari berriz ekitea eta biktimei dagokien zentralitatea ematea» dela irtenbide bakarra.

«Guztion interes partikular askotarikoak sobera daude, oposizioarenak barne. Eta sobera daude ez diotelako batere onurarik egiten biktimen erreparazio prozesuari, ezta indarkeria matxistaren aurkako borrokari ere»

AIZPEA OTAEGI Errenteriako alkatea

Argitu du, halaber, bertso eskola udal zerbitzu bat dela, baina Kukai ez duela udalak kudeatzen: «Egoitza eta lanerako tokia udal lokaletan ditu Kukaik, eta diru laguntza izendun bat ere jasotzen du udalerriko beste hainbat eragilek bezala, baina udalak ez du esku hartze zuzenik haien jardunean».

Hala, udal gobernuaren kontra egin diren kritikei erantzun die Otaegik: «Jo dezagun bi auzi hauen muinean zaindu behar den horretara: biktimak eta euren nahia. Guztion interes partikular askotarikoak sobera daude, oposizioarenak barne. Eta sobera daude ez diotelako batere onurarik egiten biktimen erreparazio prozesuari, ezta indarkeria matxistaren aurkako borrokari ere».

Hunkituta adierazi du Otaegik bizi izandakoa: «Zazpi urte daramatzat alkate, eta gauza asko ikusi, bizi eta kudeatzea egokitu zait. Baina herriarentzat hain gordinak eta mingarriak diren bi auzi hauetan, gogorra egin zait biktimak ahaztu, azpiratu, eta etekin politikoa ateratzeko nahia nola gailendu den ikustea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA