EAJren BBBko presidentea

Itxaso Atutxa: «Otegik ezin dio esan zer egin behar duen ustez gehiengo osoa izango duen gobernu bati»

Atutxak uste du ziklo berri bat hasiko dela, baina Pradales lehendakaritzara iritsiko delako. Izan ere, esan du «luzaro itxaron» gabe hasiko direla EAJ eta PSE gobernu berriaz hizketan.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU
JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko apirilaren 23a
11:30
Entzun

EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak (Bilbo, 1967) ez du etenik izan hauteskundeak pasatu izanagatik ere. Astelehen arratsaldean bildu ziren EBBko kideak bozen lehen balorazioa egiteko, eta gaur BBBko batzorde eragilearekin biltzekoa da. Azterketa kuantitatibotik kualitatibora igarotzea du datozen egunetarako helburua.

Garaipena eskuratu duzue botoetan, eta berdinketa eserlekuetan, baina ordezkari kopuruan eta ehunekoetan behera eginda. Zein da EBBk egindako lehen balorazioa?

Lehen balorazioa poztasunarena ere bada. Azken hilabeteak bizi izan ditugu EH Bilduren ingurua eta zenbait hedabide ia-ia EH Bilduren sorpasso-a ospatzen. Eserlekuetan parekatuta gaude, baina guk botoetan gora egin dugu, eta esan dezakegu lehen alderdia garela. Egia da EH Bilduren gorakada ikaragarria dela. Onartu behar da, objektiboa delako. Baina, gureei erreparatuta, kanpainan esaten zen datuak 2016koagaz konparatu behar zirela, eta haietatik hurbil gaude.

Gipuzkoan ez duzue lortu botoetan gora egitea, parte hartzea handitu arren. Lurralde horretan gertatutakoak analisi propio bat behar du?

Uste dut hiru lurraldeetan egin behar dugula. Gipuzkoan oso lokalizatuta geratu da gure botoa; hiri handietan, eta ez horrenbeste txikiagoetan. Baina hori beste herrialdeetara ere zabalduko nuke. Ohitura daukagu herriz herri aztertzeko, mugimendu konkretu bat egoten baita, eta hori aztertu egin behar da azken urteetako ibilbidearen barruan. Gaur zenbaki zehatzetan egin behar dugu balorazioa, baina etzidamu datuak kualitatiboki aztertzen hasi behar dugu. Gizarte baten nahiak eta kritikak kualitatiboetan ikusten dira.

Lehen aldiz, lehiakide bat izan duzue lehen postua lortzeko borrokan. Ziklo politiko berri batez hitz egin daiteke?

Guretzat bai, lehendakari berria daukagulako. EAJn halako zikloak heldu eta amaitu egiten dira: Urkulluk bere zikloa izan zuen, Ibarretxek berea, eta orain Imanol Pradalesen zikloa hasiko da. Hortik hartzen dut zikloarena. Azkenean, bi alderdiek [EAJ eta PSE] gobernu berria osatzen badugu ziklo berri bat hasiko delako, beste pertsona batzuekaz.

Ziklo berri horrek gobernatzeko eredu berriak ekarriko ditu?

Beti aldatzen dira gobernatzeko ereduak. Funtsezko izaera bat geratzen da, beti eskaintzen duguna berme moduan. Baina politikan egokitze hori beti izaten da, gizartearen beharrak ezberdinak direlako, egiteko moduak aldatu egiten direlako. Uste dut Imanol Pradalesek ez duela hutsik egingo.

Kanpainan herri akordio kontzeptua aipatu zuen. Hori izango da gobernatzeko eredu berria?

Azken legealdi honetan, ikusi dugu gehiengo osoa izanda ere zer-nolako ahalegina egin duen Iñigo Urkulluren gobernuak legebiltzarrean gehiengo zabalagoak lortzeko. Imanol Pradales ezagutzen duen edozeinek badaki gehiengo zabal horren alde egingo duela, nekatu arte. Gehiengo osoa izanda, gobernuaren alde egingo dut beti, baina horrek ez du sekula ekidin behar ahalegin berezia egitea gehiengoak zabaltzeko, gizartearen aniztasuna gobernu politiketan islatu dadin.

EAJk eta PSEk, biek esan duzue bestea lehentasunezko bazkide dela. Hitz egiten hasi zarete?

Nik dakidanez, atzo bi alderdietako buruzagiek hitz egin zuten batzartzeko asmoagaz, baina ez dakit egunik zehaztu zuten. Ez dut uste, baina ez da luzaro itxaron beharko. Dena dela, lehenengo bilera bat egiten da, eta gero hasten gara programak begiratzen. Luzea izaten da, baina ohitura badaukagu: amankomunean ditugun puntuak aztertu, eta desadostasunen inguruan gutxieneko akordioak egin.

Azken legealdian baino ordezkari gutxiago dituzue; haiek, berriz, gehiago. Atzo esan zuten «exijenteagoak» izango direla. Horrek indar korrelazioak egokitu ditzake Jaurlaritzan?

Gobernuz gobernu aztertzen da hori. Jakin behar da zelango Jaurlaritza eratu nahi duen Imanol Pradalesek. Ez dakigu sailburu kopuru bera mantendu nahi duen, sailak egungo edukiekaz mantendu nahi dituen... Aztertu behar da. Horretarako, lehenik eta behin, gobernu programa bat landu behar da.

Baina ulertuko zenukete PSE exijenteagoa izatea?

Bai, ziur. Emaitzak berdinak direnean ere beti dute arrazoiren bat euren presentzia handitzeko. Eta bi eserleku gehiago dituzte. Hori kontuan eduki behar da.

«Bi eserleku gehiago dituzte [PSE-EEk]. Hori kontuan eduki behar da»

Andueza gogor aritu da balizko estatus berri baten kontra. 2020an adostasunetatik kanpo geratu zen auzi hori. Berriz ere hala gertatuko da?

2020an, salbuespen bezala geratu zen iritzi ezberdinak genituela gai horren inguruan, baina ez landuko ez genuenik. EAJrentzat beti dago agendan. Eneko Andueza entzun dut, baina badaki bere nagusi [Pedro] Sanchezek EAJrekin sinatu duela herri honen instituzionalizazioa lantzen jarraitu behar dugula, eta, batez ere, estatus berriaren egokitzapena heldu behar dela. Anduezak berriro errepasatu behar du 2020an zer sinatu genuen PSErekin, eta gero PSOEko buruzagi eta Espainiako presidente denarekin. Eta guk sinatutakoa betetzeko eskatuko dugu.

Sinatuta geratu zen oinarrien eta printzipioen gaineko akordio bat ere.

Egindako lana handia eta zabala izan zen, eta kontuan eduki behar da. Egia da orain Podemos ez dagoela, baina ez nuke zakarrontzira botako orain arteko lana. Baina beste gauza bat ere gogoratu behar da: akordioaren ostean, adituek batzordean lan egin eta gero, EH Bildu izan zen akordio horretatik irten zena. Hori kontuan hartuta ere, uste dut berriz hasi behar dugula adostasuna izan genuen puntutik, ea gaur egun nola egokitzen den.

Atzo Otegik esan zuen «herri mandatua» ezkerrekoa eta abertzalea dela. Bat egiten duzue tesi horrekin?

Gure programa idatzita dago, eta hori da gure berme handiena gizartearen aurrean. Gizartearen babesa izan dugu, eta orain gobernuak berak egin behar du bere programa. Ahalegindu behar du gehiengo zabalak lortzen parlamentuan, baina uste dut Otegik ezin diola esan zer egin behar duen ustez gehiengo osoa izango duen gobernu bati. Hiru alderdien artean adostasun zabalagoak lortu behar ditugu. Hiruren artean diot, zaila dirudielako PPgaz inongo akordiorik lortzea, eta ez gaude prest Voxekin elkarrizketarik izateko. Gero, Sumarren ordezkaritza dago, baina ez dakit haren profila den benetan Sumarrek kanpainan aurkeztu nahi izan duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.