Israel tech taldeak Espainiako Vueltan parte hartzearen aurka Bilbon izan ziren protestak eztabaida sortu du esparru politikoan; azken orduetan, EH Bilduri kontuak eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak eta Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, mobilizazio horiek goresteagatik. Gaur, Euskadi Irratian elkarrizketatu dute Pello Otxandiano EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramailea, eta mobilizazio horiek goraipatu ditu: «Protesta batek molestatu egin behar du, normaltasuna hautsi behar du», argudiatu du, eta esan Bizkaiko hiriburua «esperantzaren itsasargi» bihurtu zela. Hain zuzen, haren esanetan, «bainarik gabe» gaitzetsi beharrekoa Israel Palestinan egiten ari den genozidioa da, eta hori adierazteko zilegi da protesta zibila baliatzea: «Inperatibo etiko bat da halako egoeretan ozen hitz egitea».
Gauzak horrela, ez ditu ontzat jo protesta babestearen harira euskal erakundeek eta EAJk egindako kritikak, uste baitu auziari heltzea baino gehiago EH Bilduren kontra interpelatzea dutela xede. Horren ordez, auziari irtenbide bat emateko lan egitera deitu ditu, eta Pradalesekin jorratuko du gaia bi aldeek asteartean egingo duten bileran.
EH Bilduko eledunaren ustez, adierazpen instituzionalak egin eta Europako Batasunari ahots bakarrez jokatzeko eskatu ez ezik, beste zerbait egin behar dute euskal erakundeek, egungo testuinguruan horrek ez baitakar aldaketarik. «Jarraituko dugu lehenesten ekitaldi handiek gugan duten inpaktu ekonomikoa umeen bizitzen gainetik? Hori da nahi dugun etorkizuna?», adierazi du, Vueltak Euskal Herrian izandako presentziari erreferentzia eginda.
Begirada zabalduz, berriz, Otxandianok salatu du EB Washingtonen menpe dagoela, eta, era berean, AEBak direla Israel egiten ari den genozidioa sostengatzen dutenak: «Europako Batasunak jada adierazi du ez dela gai genozidio batean posizio argi bat hartzeko. Diplomazia bigunak huts egin du».
Estatus berria lehentasun
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek gaur ekin dio alderdiekin egin asmo duen bilera sailari, eta ez du EH Bilduko eledun Pello Otxandiano hurrengo asteartera arte jasoko. Halere, koalizio subiranistako kideak jada aurreratu du zer asmorekin joango den bilerara. Euskadi Irratian azaldu duenez, defendatuko du autogobernu arloan lehentasuna estatus politiko berri bat adostea dela, eta ez Gernikako Estatutua betetzea. Horrez gain, Gazako genozidioaren kontra rol aktiboagoa hartzeko eskatuko dio Pradalesi.
EH Bilduk oposizioa egiteko «tonu eta jardun molde berari» eutsiko dio urte politiko berrian, eta horrek eztabaidagaiaren arabera jarrera bat edo beste bat izatea eskatuko du, Otxandianoren esanetan. Hiru kategoriatan banatu ditu agenda politikoan dauden gaiak, horietan Eusko Jaurlaritzaren eta EH Bilduren artean dagoen diferentzia kontuan hartuta. Haren esanetan, zenbait arlotan —adibidez, etxebizitzaren arloan— eredu ezberdinak planteatzen dituzte bi aldeek, eta zaila izango da halakoetan itunak ixtea. Beste arlo batzuetan, berriz, bat egiten ez duten arren, akordio partzialetara iristeko aukera badela iruditzen zaio; hala nola industria politiketan, osasungintzan eta segurtasun arloan.
Horiez gain, badira «ezinbestean» alderdi nagusien arteko akordio «azkarrak» eskatzen dituzten gaiak ere. Hor legoke estatus politiko berriaren inguruko eztabaida, EH Bilduko eledunaren hitzetan. Haren ustez, saiakera serio bat egin behar da auzi horretan, eta hori aurrera ateratzeko funtsezkoa da urte politiko hau.
Otxandianok propio aipatu du estatus politikoa. Izan ere, uste du ez dela beteko Gernikako Estatutua osatzeko EAJk eta PSOEk adostutako epea; hau da, urtea amaitzerako ez direla eskumen guztiak transferituko. Horiek horrela, estatutua osatzearen aldekoa bada ere, uste du ezin dela helburu hori euskal agendaren erdigunean kokatu: «45 urteko esperientziak erakusten digu ez dela bete, kamustu egin dela, eta estrategikoki erabat lastatua utzi digutela».
Horregatik, «zalantzarik gabe», estatus politiko berria adostean egin nahi du indar. Auziaren inguruko elkarrizketak martxan dira egun, Otxandianoren hitzetan, Cerdan auziak PSOEn eragindako krisiak eta EAJren barne prozesuak etenaldia eragin bazuten ere. Halere, eten horrek izan ditu ondorioak, eta adierazi du «erlojuaren kontra» ari dira lanean, uste baitu ezin dela baztertu Espainiako Gorteetarako bozak aurreratzea, ezta horren eraginez «aukera leihoa» ixtea ere.
Estatus berriak izan beharreko gutxienekoez galdetuta, EH Bilduk orain arte esanak berretsi ditu Otxandianok: nazio aitortza, erabakitzeko eskubidea eta botere maila handiagoa, erronka sozial eta nazionalei erantzuteko. Aitortu du horiek juridikoki nola ezarri asmatu beharra dagoela, eta horretarako adostasunak behar direla.
Agerraldi eskaerak
EH Bilduk Bingen Zupiria Segurtasun sailburuaren, Mikel Torres lehendakariordearen eta Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordearen agerraldiak eskatu ditu Eusko Legebiltzarrean. Lehenari dagokionez, Otxandianok adierazi du Arkautiko zuzendari Miren Dobaranen dimisioaren inguruko azalpenak eman behar dituela. Are gehiago, uste du «Ertzaintzarekin eta eredu polizialarekin arazo bat» dagoela gaur egun, eta, horregatik, ez ditu ulertzen uda honetan koalizioari egin dizkioten kritikak. «Osakidetzaren egoera salatzen dugunean, osasun sistema publikoaren kontra egiten dugu?», galdetu du, eta adierazi oposizioaren betebeharra dela Jaurlaritzaren fiskalizazio lana egitea.
Era berean, pentsio txikienen igoeraren inguruko herri ekinaldi legegileaz galdetuta, EH Bilduko kideak esan du egin beharreko lehen galdera dela ea eskaera hori justua den ala ez. «Erantzuna baiezkoa bada, gobernuaren erantzunak ezin du juridiko-teknikoa izan», erantzun du. Hala, auziaren inguruan eztabaida bat izateko beharra defendatu du, «bizkarra eman» beharrean irtenbide politiko bat bilatzeko. Horixe adieraziko diote Torresi.
Azkenik, Bengoetxeari euskararen egoeraren inguruan galdetu nahi diote Eusko Legebiltzarrean. Atzo EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko zaintzaileek ez dutela euskaraz jakin beharrik, eta, hori ikusita, Otxandianok planteatu du Enplegu Publikoaren Legea aldatu behar dela. Haren esanetan, EAJk eta EH Bilduk hala uste dute, nahiz eta planteamendu ezberdinak izan. «Parlamentuan gehiengo oso nabarmenak daude. Gehiengo horiek gauzatuko dira, bai ala ez?».