Otxandianok «zazpi mugimendu eta akordio politiko bat» proposatuko dizkio Pradalesi bihar

Euskal Herriak dituen «erronka nagusiei erantzuteko eta adostasun zabalak sustatzeko» helburuarekin joango da EH Bilduko eleduna Eusko Jaurlaritzako lehendakariarengana.

Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarrean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarrean. ARITZ LOIOLA / FOKU
xabier martin
2026ko irailaren 8a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko burua ez da esku hutsik joango bihar Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin egingo duen batzarrera. Pradalesek deitu duen bilera sortaren barruan elkartuko dira biak Lehendakaritzan, eta koalizioak iragarri du proposamen zehatzak eramango dituela: «Zazpi mugimendu eta akordio politiko bat». Euskal Herriak dituen «erronka nagusiei erantzuteko eta adostasun zabalak sustatzeko» helburua dute proposamen horiek; hala azaldu du Otxandianok, baina ez du xehetasunik aurreratu proposamen horien edukien inguruan.

Komunikabideetara bidalitako oharrean, koalizio abertzalearen Eusko Legebiltzarreko eledunak azaldu du «orainaldi konplexuak eta etorkizun ziurgabeak» zehazten dutela gaur egungo egoera, eta horren adibidetzat jo ditu eskuin muturraren gorakada, klima larrialdia, iraultza teknologikoa, gerrak eta migrazio krisia. Haren ustez, nahiz eta alderdiek proiektu desberdinak izan, zenbait arlotan badaude indar politikoen «lankidetzarako eremuak», eta elkarlana «ezinbestekotzat» jo du erronka handiei aurre egiteko. Otxandianoren esanetan, legebiltzarrean gehiengo osoa duen gobernu batek ere ezin ditu gai horiek bakarrik konpondu, eta, horregatik, beharrezkotzat jotzen du «gaitasun instituzionalak eta komunitarioak batzea».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dagoeneko oinarrizko adostasun batzuk lortu dira «gai estrategiko jakin batzuetan», EH Bilduko bozeramaileak nabarmendu duenez, eta azaldu horrek etorkizuneko akordioetarako «oinarri sendoa» eskaintzen duela.

Hitzetik ekintzetara

Horrez gain, PISA txostenaren emaitzei erreparatu die Otxandianok, adierazteko «gero eta zabalduago» dagoela martxan jarritako politikek ez dutela «behar adinako aurrerapenik» ekartzen. Txostenaren emaitzek agerian utzi omen dute «bestelako politika publikoen beharra».

«Aldaketa sakonen garai honetan, geldotasuna, konformismoa edo egungo egoerari eustea ez dira aukera errealistak»

PELLO OTXANDIANO EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko eleduna

Hala, esan du «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko garaia dela, eta eskatu du «epe luzeko eraldaketa prozesu koherenteak» martxan jartzeko. «Aldaketa sakonen garai honetan, geldotasuna, konformismoa edo egungo egoerari eustea ez dira aukera errealistak», gehitu du. EH Bilduko bozeramaileak azaldu du gehiengo zabalak daudela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeetan akordioak lortzeko, «bloke erreakzionarioa albo batera utzita». Izan ere, uste du indar politikoen artean badagoela «gutxieneko kultura politiko partekatua».

Otxandianoren iritziz, «ez dago aitzakiarik adostasunen bidean aurrera ez egiteko» eta alderdiek bozei begira duten logikatik harago joateko, «lidergo partekatuekin». Horregatik guztiagatik, EH Bilduk «zazpi mugimendu eta akordio politiko bat» proposatuko dizkio Pradales lehendakariari.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA