Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek gaur abiatu du alderdiekin eta eragile sozioekonomikoekin egitekoa duen bilera sorta, Miramarren urte politikoaren hasierako ekitaldian iragarri zuena. Ordezkari gutxien dituzten taldeekin hasi da: Sumarrekin eta PPrekin, kanpoan utzi baitu Vox oraingoan ere. Batzar horien helburua «elkarrizketa sustatzea» eta «akordioak lortzeko beste espazio batzuk bilatzea» da. Baina, lehen kolpean bederen, agerian geratu da alderdi batzuekin uste baino zailagoa izango dela.
Lehendakaritzan egindako bileran, ezkor eta kritiko azaldu da Alderdi Popularra, baina legealdi hasieran erakutsitako jarrera oldarkorretik oso urrun. EAJren eta PPren arteko harremana gaiztotua zela elkartu ziren iaz Javier de Andres EAEko PPko presidentea eta Imanol Pradales lehendakaria, eta agerian utzi zituzten bi alderdien arteko arrakalak. Gaur, ordea, tonua nabarmen lasaituta hitz egin du PPko buruzagiak, eta lehendakariarekin ere «zintzotasunez» jardun duela adierazi dio prentsari bilera osteko agerraldian.
Ikusi gehiago
PPk Eusko Legebiltzarrean duen eledunak, ordea, ez du ezkutatu «desadostasun handiak» dituela Eusko Jaurlaritzarekin. Kritiko azaldu da, lehendakariarekin bereziki, eta arazoen aurrean «baikor» jardutea leporatu dio. Hala ere, De Andresen hitzetan, arazo nagusia beste bat da: abiapuntua. Azaldu duenez, Jaurlaritzak uste du «autogobernu handiagoa» eskuratzea dela arazo guztien konponbidea, eta hori, haren hitzetan, okerreko ideia da. Izan ere, argudiatu du EAEk pisua galdu duela zenbait arlotan Espainiako beste erkidego batzuekin alderatuta, hala nola osasungintzan, gizarte zerbitzuetan eta hezkuntzan.
PISAren azterketaren emaitzak baliatu ditu ideia horretan sakontzeko, hain justu ere. De Andresek nabarmendu du EAE dela hezkuntzan diru gehien jartzen duen erkidegoa baina, kontrara, erkidego horrek dituela «emaitza txarrenak». «Hori autogobernua da, eta gauzak ez dira ondo egin. Arduradun batzuk daude, eta horiek EAJ eta PSE-EE dira. Denbora asko daramate analisiak egiten, eta emaitzak hauek dira». Hori horrela, jeltzaleei «porrotaren erantzukizuna» beren gain hartzeko eskatu die.
«Koalizio gobernuak ekarri gaitu egungo egoerara. Gobernu hau ez dago gizarte honek eskatzen duen mailan»
JAVIER DE ANDRES EAEko PPko presidentea
De Andresek nabarmendu du gauza bera gertatzen dela Osakidetzarekin eta segurtasun eta bizikidetza politikekin ere. Ohartarazi du «akatsa» onartu ezean ez dela «ezer konponduko». Ordea, zalantzan du EAJk jarrera aldatuko ote duen; izan ere, iritzi dio Jaurlaritzak helburu ideologikoekin lotzen dituela hezkuntza politikak. Ez hori bakarrik, azpimarratu du EAJk PSE-EErekiko «dependentzia ideologikoa» duela, eta ezin dituela loturak askatu. «Koalizio gobernuak ekarri gaitu gaur egungo egoerara. Gobernu hau ez dago gizarte honek eskatzen duen mailan», adierazi du.
Akordioetarako tarterik ikusten duen galdetuta, De Andresek esan du Alderdi Popularra prest dagoela Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzeko, baita korapilatsuak diren gaietan ere. Hori bai, gogorarazi du badaudela «sozialismotik kanpoko» alternatibak —«gu gara alternatiba», esan du—, eta erantsi alternatiba horiek aintzat hartu beharko lituzkeela lehendakariak.
«Tarte txikia» negoziatzeko
De Andresen aurretik, Jon Hernandez Sumarrek Eusko Legebiltzarrean duen parlamentariarekin bildu da Pradales, eta hark modua izan du Ajuriaenera iritsi berritan jasotako erantzuna berresteko: Espainiako ezker konfederaleko koalizioa «gero eta urrunago» dagoela Jaurlaritzaren politiketatik. Hala aitortu du Hernandezek berak ere bilera ostean egindako agerraldian: «Gero eta distantzia handiagoa dago Eusko Jaurlaritzaren eta gure artean, eta oso tarte txikia ikusten dugu akordioetarako».
Ezkor atera da bileratik Hernandez, nabarmendu baitu Jaurlaritzak akordioak eskatzen baditu ere ez duela ahaleginik edo keinurik egiten oposizioa itun horietara batzeko: «Ez dute akordiorik nahi, atxikimenduak nahi dituzte. Oposizioak argazkian parte hartzea nahi dute, baina ez erabakietan», salatu du, eta gogorarazi gobernuak berak lehenetsi duela «autosufizientzia», alderdien esku utzi baitu Jaurlaritzari dagokion lana lege ekimenen inguruan.
Sumarrek «noraezean» ikusten du jeltzaleen eta sozialisten koalizio gobernua, eta ohartarazi du «eskuinera lerratzen» ari dela, gero eta gehiago. Adibide gisa aipatu ditu, besteak beste, Jaurlaritzak Ceutako gertakariari buruz hartutako jarrera eta hiru aldundietan adostutako zerga aldaketak: «Errotzea, talentua, lehiakortasuna eta antzeko hitzak erabiltzen ari dira kapitalari abantaila gehiago emateko».
«Gero eta distantzia handiagoa dago Eusko Jaurlaritzaren eta gure artean, eta oso tarte txikia ikusten dugu akordioetarako»
JON HERNANDEZ Sumarreko legebiltzarkidea
Hori horrela, lema kolpea eman eta egoera iraultzeko proposamenak jarri dizkio mahai gainean. Ekonomiari dagokionez, bizitzaren kostuari aurre egitea eta soldatak areagotzea lehentasun gisa hartzeko eskatu dio. Eta etxebizitza politikei erreparatuz, berriz, «iragarpenak» egiteari utzi eta merkatuan esku hartzeko, etxebizitza hutsen nahitaezko alokairua aplikatuta.
Hernandezek ontzat jo du Jaurlaritzak medikuekin egindako akordioa, baina gainerako beharginekin ere ituna egiteko eskatu dio. Izan ere, Sumarreko bozeramaileak Pradalesi gogorarazi dio gobernuak badituela lan gatazka konpontzeko eskumenak, sailburuak ardura beti Madrilen esku utzi izan badu ere.
Estatutua eguneratzeko eztabaidari dagokionez, bestalde, Sumarreko ordezkariak lehendakariari aurpegiratu dio emandako hitza bete ez izana, gaiari buruz hitz egiteko alderdiekin bilera sorta bat egingo zuela iragarri arren ez duelako halakorik egin, ez ekainean, ez uztailean. Are, lehendakariari esan dio ez duela sinisten EAJ, EH Bildu eta PSE-EE ezer negoziatzen ari direnik.
Sumarreko bozeramaileak uste du hiru alderdiak negoziatzeko plantak egiten ari direla, baina egiaz ez direla ezertaz hitz egiten ari. Horiek horrela, jakinarazi du autogobernu lantaldea martxan jartzeko eskaera eramango dutela Eusko Legebiltzarrera.