Palestinarekiko elkartasuna «zigortzea» egotzi diote Eusko Jaurlaritzari abenduaren 13an CAFen aurka egindako protestan parte hartzeagatik auzipetutakoek. Bilboko epaitegian deklaratu dute gaur hiru ekintzaileek, ekintza hartan tranbia oztopatzeagatik «desobedientzia larria» delitua leporatu baitiete. Hiru ekintzaile horietako bati, Mikel Zuloaga Mikelon-i, bere burua identifikatzeari uko egin izana ere egozten diote.
Hiru kideek Gazarako Mugimendu Globalak abenduaren 13an Bilbon egindako protestan parte hartu zuten. Egun hartan, tranbiaren errailen gainean etzan ziren hainbat manifestari, Plaza Biribilean, salatzeko Israel Gazan egiten ari den genozidioaren konplize dela Beasaingo CAF enpresa; ertzainak oldartu egin zitzaizkien. Gaurkoa auzi horrengatik egiten duten bigarren auzi saioa izan da, Zuloagak joan den apirilaren 17an ere deklaratu baitzuen. Ikerketa instrukzio prozesuan dago.
Ekintzaileak ordu erdiz egon dira epailearen aurrean, gutxi gorabehera. Haiek deklaratu bitartean, epaitegien kanpoaldean dozenaka lagun izan dituzte zain, babesa eta elkartasuna adierazteko asmoz. Epaitegitik irten ondoren auzipetuetako batek, Nerea Etxebarria Aizpuruk, BERRIAri kontatu dioenez, gaurko galdeketa ertzain baten atestatuan oinarritu da; halere, salatu du ertzain horrek ez duela «egia borobila» esan.
Protestaren egunean zabaldutako oharrean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi zuen gutxienez lau agentek «kolpeak» jaso zituztela eta «mutualitatera» joan beharko zutela. Bada, handik hilabetera, urtarrilaren 20an, kontrakoa esan zuen Bingen Zupiria sailburuak; hots, ez zegoela «informazio nahikorik esateko ertzainen bat zauritu» zela edo «erietxeren batean artatuak» izan zirela. Hain justu, Etxebarriak azaldu du gaurko galdetegian aintzat hartutako atestatuan ez dela aipatzen ertzainik zauritua izan zenik.
Salatu du, halaber, zenbait «hutsegite» daudela dokumentu horretan. Haren arabera, atestatuan adierazi dute auzipetuek uko egin ziotela Ertzaintzak identifikatu zituen unean emandako orri bat betetzeari, baina nabarmendu du ez zietela «ez orririk erakutsi, ez ezer esan».
Flotillakoak gogoan
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren jarrera salatu arren, Etxebarriak esan du «askoz ere larriagoa» dela Palestinako kartzeletako egoera eta Palestinako lurralde okupatuetan bizi duten bortizkeria. Are, gaur egun Israelek bahituta dauzkan Global Sumud Flotillako kide Thiago Avila eta Saif Abu Kexek ekintzaileekin akordatu da, eta haiek pairatzen ari diren «torturak» gaitzetsi ditu.
Joan den astean, Israelek Gazara bidean zihoan flotillako bi ontzi atzeman eta 175 kide inguru gatibu hartu zituen Kreta uhartetik hurbil (Grezia). Horietako gehienak aske utzi zituzten arren, Avila eta Abu Kexek Israelgo Ashkelongo atxilotze zentrora eraman zituzten. Igandera arte luzatu dute bi kideen atxilotzea.