Israelek Iranen kontra abiatutako ofentsiba eta AEB Ameriketako Estatu Batuek asteburuan egindako erasoa salatu ditu Palestinarekin Elkartasuna herri ekimenak. «Israelen inpunitateari aurre egin behar diogu, eta sionismoari aurre egiten dieten herrien erresistentziarako eskubidea aldarrikatzea dagokigu», adierazi dute. Hortaz, ortzegunean eta ortziralean mobilizazioak eginen dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan, eta herritarrei parte hartzeko dei egin diete.
Hain zuzen, joan den ekainaren 13an operazio bat abiatu zuen Israelek Iranen: azpiegitura militarrak eta bizitokiak izan zituen jomuga, eta 70 lagun baino gehiago hil zituen; tartean, kupula militarreko lau goi kargudun, eta sei zientzialari. Iranek erasoei erantzun zien, misilak jaurtiz Israelera. Testuinguru horretan, AEBek eta Israelek propio aipatu dute Ali Khamenei Irango aiatola hiltzeko aukera. Bada, herenegun Irango hiru gune nuklear nagusiei eraso zieten AEBek: Fordowri, Natanzi eta Isfahani.
Palestinarekin Elkartasuna ekimenak ohar bidez erran duenez, ekintza horiek guztiek «Israelen eta Mendebaldeko inperialismoaren izaera terrorista eta suntsitzailea» erakusten dute: «Inguruko herrialdeen kontrako erasoak, bonbardaketa masiboak eta erailketa selektiboak zigorgabetasun osoz aurrera eramaten dituztelarik». Bada, ekimenaren irudiko, gertakari horiek tentsioa piztu dute, eta jarduera militarra areagotu: «Iran mehatxu gisa aurkeztu nahi du Israelek munduaren aurrean, arma nuklearra lortu nahi duela argudiatuz. Israelen benetako helburua Iran desegonkortzea da, eta horren isla da Irango azpiegitura militar eta energetikoei erasotzen ari dela».
Nabarmendu dute Iranen erantzuna defentsiboa dela, «Israelen eta, oro har, Mendebaldeko inperialismoaren interesei azpiratua ez izateko». Salatu dute, halaber, Mendebaldeko gobernuek «Israelen defentsarako eskubidea» aldarrikatu izana: «Ia bi urtez ikusi dugu nola defendatzen den Israel: populazio zibilari gupidarik gabe eraso eginez, ospitaleak eta eskolak bonbardatuz, hamarnaka mila pertsona erailez —gehienak haurrak— eta milioika pertsonaren gosetea hedatuz».
Horregatik guztiagatik, beharrezkotzat jo dute errudunak seinalatzea: «Israel eta Mendebaldeko potentzia inperialistak dira errudun gisa seinalatu beharrekoak. Mendebaldeko inperialismoak Asia mendebaldea azpiratuta mantentzeko interesa du, eta horrela ulertu behar da Iran desegonkortzeko nahia». Horri aurre egiteko alternatiba bakarra dagoela adierazi dute: «Proiektu koloniala desagerrarazi egin behar da: ez da beste alternatibarik».
MOBILIZAZIOAK
- IRUÑEA. Ekainaren 26an, 19:00etan Udaletxe plazan.
- GASTEIZ. Ekainaren 26an, 19:00etan Andramari Zuriaren plazan.
- DONOSTIA. Ekainaren 26an, 19:00etan Bulebarren.
- BILBO. Ekainaren 27an, 19:00etan Areatzan.
«Ekidistantzia» baztertu
Ez da lehenbiziko aldia Palestinarekin Elkartasuna ekimenak aldarrikapen hori egiten duena. Hain zuzen, joan den maiatzean manifestazio nazionala egin zuten Iruñean, eta 3.000 herritar inguru batu ziren bertan. Israel ez ezik, «konplizeak» ere jarri zituzten jopuntuan. Are, azpimarratu zuten haiei kontra egitea dela gizartearen zeregin nagusietako bat, Palestina askatzea erdietsi nahi bada. Askapena lortzeko «berme bakarra» zein den ere argitu zuten: «Israel desagertzea».
Bukaerako irakurketan, halaber, «ekidistantzia» bazter uztera deitu zuten, «ekidistantzia salatzera» ere bai, eta, horregatik, nabarmendu zuten «Palestinaren aldeko lubakian» dauden herritarren egitekoetako bat dela «zapaltzailea eta zapaldua argi bereiztea». «Inork ez du palestinarren alde egingo, ez badu herri guztietako langileon antolakuntza internazionalista indartsu batek egiten».
Palestinaren alde, hainbat eragile
Palestinarekin Elkartasuna ekimenak ez ezik, bertze hainbat eragilek ere mobilizaziora deitu dute. Hain zuzen, ortzegunean Isilune gehiagorik ez. Ekin diezaiogun lelopean Palestinaren aldeko mobilziazioa eginen dute, Bilbon.
Begirune, CEAR Euskadi, CVX Arrupe Elkartea, Gernika Palestina, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Pertsonalde eta Zehar-Errefuxiatuekin eragileek antolatu dute. 19:00etan hasiko da mobilizazioa Bilboko Elpitika plazan, eta udaletxean akitu.