Selektibitateko euskara azterketan sortutako zalaparta dela eta, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak adierazi du «unibertsitatearekin, familiekin eta parte hartzen dabiltzan pertsona guztiekin jesarri, kolaboratu eta lan egin» behar dela. Arratsaldean da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektoretzarekin batzekoa, gai askoren inguruan hitz egiteko, tartean Unibertsitatean Sartzeko Proban (USaP) Euskara eta Literatura II ikasgaiko notetan sortutako arazoa ebazteko. Hala ere, Radio Nervion irrati katean gaur egindako elkarrizketan, lasaitzeko deia egin du, auzia «erlatibizatzekoa» eta fokua «hobetu beharrekoetan» jartzekoa, gertatutakoa «berriz gerta ez dadin».
Azken asteetan zeresana eman du Pedrosaren jarrerak selektibitateko zeroen auzian. Polemika piztu ondoren, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egin zituen lehen adierazpenetan, «anomalotzat» jo zituen emaitzak, eta «bermeak» eskatu zizkion EHUri. Izan ere, unibertsitatearen gain jarri zuen ardura guztia, nahiz eta selektibitateko probak batzorde misto batek antolatzen dituen, EHUko eta Hezkuntza Saileko ordezkariek osatuta.
Gaur, berriz, «aurrera begiratzeaz» eta elkarlanaz mintzatu da: «Lasaitasunez aztertu behar dugu zer gertatu den, zer hobetu nahi dugun, eta ikasleentzako eta sistemarentzako onena izan behar dugu helburu». Horrela, EHUren eta Hezkuntza Sailaren arteko «elkarguneak» bilatu eta aurrean dituzten «erronkak» nola ebatzi adostu behar dutela berretsi du. Gogora ekarri du unibertsitate publikoak, «autonomoa» izan arren, «hezkuntza sistemaren eskutik» joan behar duela.
«Lasaitasunez aztertu behar dugu zer gertatu den, zer hobetu nahi dugun, eta ikasleentzako eta sistemarentzako onena izan behar dugu helburu»
BEGOÑA PEDROSA Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua
Izan ere, erabat korapilatuta dago auzia. Selektibitateko euskara azterketan zero atera zuten zenbait ikaslek —gehienak Bilboko eta inguruko itunpeko ikastetxeetakoak, eta A eredukoak— auzitara jo dute, eta epaileek EHUri agindu diote ikasle horien euskarako notak ez kontuan hartzeko unibertsitatera sartzeko batezbestekoan, eta haientzako ikaspostuak gordetzeko. Hori dela eta, Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak ikaspostu gehiago sortzea adostu du Jaurlaritzako Unibertsitate Sailarekin, baina kexatu da epaileen aginduak urratu egiten duelako 534/2024 dekretua, selektibitatea arautzen duena.
Pedrosak adierazia du auzitegien erabakiak «inongo zalantzarik gabe bete» behar direla. Era berean, gaur azpimarratu du Hezkuntza Saila «mundu osoaren lekuan» jartzen dela, eta euren jardunean «enpatia» dagoela beste ezeren gainetik. Horregatik, unibertsitatearekin elkarlana egin beharra nabarmentzeaz gain, ikastetxeekin ere bildu dela jakinarazi du: «Guztiei entzun behar zaie, eta guztiengandik ikasi behar da. Ez baitaude onak edo txarrak hemen: gris asko daude».
Gainera, ikastetxeei esker ona adierazi die, «etorkizuneko euskal hezkuntza sistemaren oinarriak finkatzen» ibili baitira ikasturte honetan zehar. Era berean, hezkuntzako profesionalek ahal duten «hoberen» jardun dutela ziurtatu du.
EHUrekin bilera, gaur
Hainbat gai aztertuko dituzte gaur Hezkuntza Sailak eta EHUren errektoretza taldeak egingo duten bileran, eta, besteak beste, mahai gainean izango dituzte Pedrosak selektibitateko zeroen harira orain bi aste egindako proposamenak. Esate baterako, azterketak zuzentzen dituzten epaimahaien osaera jakinaraztea galdegin zuen sailburuak, baita ikasleak tribunaletan «modu orekatuagoan» banatzea ere.