Intentsitate handiko goiza izan du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak. Izan ere, lau orduz jarraian aritu da Eusko Legebiltzarreko taldeei zenbait gairi buruzko azalpenak ematen. 12:00etan hasi da batzordea; Ertzaintzak Loiun izandako jarrerari buruzko argibideak eman ditu, luze gainera, eta 16:00etan amaitu du azalpenak ematen, Petronor findegiak otsailean eragin zuen bentzeno isuria zela-eta Eusko Jaurlaritzak izandako jokaerari buruz.
EH Bildu talde parlamentarioak eskatuta eman ditu argibideak Zupiriak. Koalizio subiranistak zalantzan jarri du Jaurlaritzak garden jokatu ote zuen otsailaren 26an Petronor findegian izandako bentzeno isuriak atzeman eta gero.
Amacay Villalba Eguiluz legebiltzarkideak kezka azaldu du, isurketa gertatu zenetik bertsio «desberdinak eta nahasiak» entzun dituztelako Eusko Jaurlaritzako ordezkarien ahotik. Haren ustez, herritarrekiko eta beste eragileekiko komunikazioa ez zen behar bezain azkarra eta egokia izan, eta horregatik eskatu du Zupiriaren agerraldia. Otsailetik hona, istripu horrekin lotutako beste arduradun batzuek ere eman dituzte azalpenak legebiltzarrean: Xavier Fava Ibañez Petronorreko Segurtasun, Kalitate eta Ingurumen zuzendaria, martxoaren 24an, eta Guillermo Herrero Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendaria maiatzaren 18an.
Otsailaren 26ko goizean gertatu zen ezbeharra: findegiaren gasolina tanga batean izandako istripu baten eraginez, Muskiz (Bizkaia) inguruko airean nabarmen handitu zen bentzeno maila. Petronorren jarduera neurtzeko lau estazio ditu Eusko Jaurlaritzak, eta hasieran goizean bakarrik atzeman zuten goraldi bat bentzeno mailan. Gerora jakin zen arratsaldean ere beste goraldi bat egon zela, baina estazioek ez zuten erregistratu. Bentzenoa oso toxikoa da, eta, haren maila igo zela eta, Osasun Sailak ohartarazpena bidali zien inguruko herritarrei, eta kalera ez irteteko gomendatu.
Segurtasun sailburuak emandako argibideen arabera, Petronorren ezbeharraren berri izan zutenean, erakundeen arteko koordinazio egokia jarri zuten martxan. «Osasun Sailak prebentzio neurriak agindu zizkien Muskizko herritarrei, baina ez zen aipatu konfinamendu hitza. Pertsona kalteberei zuzenduta zeuden bereziki. Badaezpadako ohartarazpenak dira», azaldu du. Egun hauetako beroaldia dela-eta Jaurlaritzak ematen dituen gomendioekin alderatu ditu orduko ohartarazpenak.
Larrialdirik ez
EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi dio sirenak ez zirela piztu, eta Muskizko Udalak ere ez zuela egoeraren berri izan isuriak izan eta ordu batzuk igaro ziren arte. Zupiriak argudiatu du larrialdi kimikoetan bakarrik aktibatzen dela protokolo hori, eta, azaldu duenez, otsailaren 26an ez zen izan maila horretako larrialdirik. «Petronorrek ez zuen plan hori aktibatu, ez zutelako ikusi larritasun egoera bat», esan du Zupiriak.
Larrialdietarako protokoloa ez, baizik eta «kutsadura atmosferikoarekin lotutako protokolo bat aktibatu zen», adierazi du.
«Lau estaziok neurtzen badute Petronorren inguruko aire kalitatea, eta agerian geratu bada batzuetan ez dutela ondo funtzionatzen, nola egongo dira lasai herritarrak?»
AMANCAY VILLALBA EH Bilduko legebiltzarkidea
Aire kalitatea neurtzeko prozedura kritikatu du Villabak: «Zergatik ez zen azaldu bigarren goraldia? Arratsaldekoa?». Zupiriak azaldu du lehen goraldia atzeman zutenean Osasun Sailak abian jarri zituela neurketa mugikorrak egiten dituzten ibilgailuak. Eta horietan bai, azaldu zen arratsaldean izandako bentzeno maila altua. EH Bilduko legebiltzarkideak ardura azaldu du akats horiengatik: «Lau estaziok neurtzen badute Petronorren inguruko aire kalitatea, eta agerian geratu bada batzuetan ez dutela ondo funtzionatzen, nola egongo dira lasai herritarrak?».
Zupiriak onartu du komunikatzeko denborak eta moduak hobetu daitezkeela, eta konpromisoa hartu du etorkizunean «herritarrak lasaitzeko asmoz» komunikazioa gardenagoa izan dadin, larrialdietarako protokoloa aktibatzeko moduko egoerak ez izanda ere. «Herritar eta alderdi politiko batzuek adierazitako kezka kontuan hartuta, berrikusi ditugu egiteko moduak; herritarrekiko elkarrizketak azkarragoa izan behar du», esan du Zupiriak.
Segurtasun sailburuak nabarmendu du Petronor enpresa estrategikoa dela EAEn, eta Villabak gogorarazi du Muskizko petrolio findegia Europan bakanetakoa dela, populazio eremu batetik hain gertu dagoelako. Hori dela eta, «azpiegitura horren jarduera arriskutsua izanda, oso ondo gainbegiratu behar da, edozein gorabeherak herritarren artean urduritasuna eta nahasmendua sortzen ditu eta».