Joan den asteko bentzeno ihesa dela eta, Eguzki talde ekologistak erantzukizunak exijitu ditu maila guztietan, hala nola Petronorri eta haren zuzendaritzari. Salatu dutenez, Muskizen aplikatu zen «protokolo bakarra» enpresaren jardunean esku ez hartzea izan zen. «SOS Deien telefono bidezko alertak ere ez ziren erabili. 2024ko azaroaren 25ean egindako simulazio batean, ordea, erabili ziren», gehitu dute ekologistek. Horiek horrela, Guillermo Herrero Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendariaren dimisioa eskatu dute.
Ohar batean, Eguzkik kezkagarritzat jo du airea kontrolatzeko sistema eta alerta sistema bat ez etortzea: «Kontuan izan herritarrek eman zutela kutsaduraren berri, usain txarra antzeman baitzuten. Aitzitik, Jaurlaritzak enpresak hartutako neurrien berri eman zuen, kontua konponduta balego bezala». Hori dela eta, kutsatzeko gaitasun ertaina edo handia duten enpresak kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema publiko eta gardena eratzea eskatu du Eguzkik.
Haien ustez, Muskizen gertatutakoa «ez zen industria arloko istripu hutsa izan», eta herritarren segurtasuna, osasuna eta aire garbia bermatzeko neurriak berehala hartzeko eskatu dute. Igande arratsaldean, metro kubikoko 200 mikrogramo neurtu ziren.
Kopuruak berriz gora
Petronor findegian izandako isuri batek eragindako alarma egoeratik lau egun eskasera, bentzeno mailaren beste gorakada bat igarri zuten bart, Muskizko (Bizkaia) San Julian auzoko airearen kalitatearen neurgailuan: metro kubikoko 40 eta 50 mikrogramo bentzeno artekoa; Mikel Otero EH Bilduko Trantsizio Ekologikorako idazkariak salatu zuen sare sozialetan.
Asteazken gauean Petronorrek Muskizen duen findegian izandako bentzeno isuria azken urteetako handienetakoa izan zen, eta kalte handiak eragin zituen inguruko bizilagunen bizimoduan. Igandean bertan, manifestazio handi bat egin zuten findegiaren sarreraraino, herritarren osasuna babesteko neurriak eskatzeko.Â
Erlazionatuta
Petronorrek azaldutakoaren arabera, ontzi batean garbiketa lanak egiten ari ziren, eta, une jakin batean, estalkia mugitu behar izan zuten lanak egin ahal izateko. Baina, handik gutxira, bentzeno mailak behera egin zuen beste behin.Â