Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua Madrilen elkartuko dira bihar, Moncloa jauregian, Gernikako Estatutua osatzeko falta diren eskumenei buruz hitz egiteko. Ez da lankidetzarako aldebiko batzordearen bilera izango, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak sei hilabetean behin elkartzeko konpromisoa hartu zuten. Bi gobernuburuak aurrez aurre elkartuko dira, azken asteetako tirabirak baretu, eta bi aldeen arteko harremanak onbideratzeko helburuz.
Bi gobernuetako iturriek jakinarazi dutenez, batzarrak «aldebiko harreman egonkorra» sendotzea izango du helburu, eta «bi gobernuen arteko harremanen eta interes komuneko gaien egoera» aztertzea. Beste era batera esanda, Jaurlaritzak egiaztatu nahi du Sanchezen gobernuak borondaterik ba ote duen EAJrekin hitzartutakoa betetzeko, eta horren arabera erabaki abian den urte politikoan zein bide hartu.
Hain justu ere, bilera hori baliatuta, Pradalesek zuzenean emango dio Sanchezi Espainiako Gobernuak «sinatu eta bete gabe utzitako akordioen inguruan» Jaurlaritzak egindako txostena. Lehendakariak duela bi aste azaldu zuen bere gobernua txosten hori egiten ari zela, uztailean adostutako bost eskumenen korapiloa aurtengo urtarrilean askatu ondoren.
Lehendakariak «errebalidatzat» jo zuen dokumentu hori, hots, Sanchezek ezinbestean gainditu beharreko azterketatzat. Izan ere, 2023an, zera adostu zuen jeltzaleekin, haiek Sanchez presidente izendatzearen truke: 1979ko Gernikako Estatutua osatzeko falta ziren eskumenak Jaurlaritzaren esku uztea 2025a amaitu aurretik. Bistan denez, hori ez da bete.
Uztailean beste bost transferentzia itxi zituzten, tartean langabezia sariaren kudeaketa. Baina zailenak falta dira oraindik. Dozenatik gora dira guztira, eta tartean daude, besteak beste, pentsioena eta aireportuena. Jaurlaritzak Madrilen esku utzi zituen eskumen horien inguruko proposamenak, baina negoziatzen jarraitzen dute bi aldeek. Korapilo horiek askatzea ere ez da erraza izango, dena den.
Beste fase batean
Aitor Esteban EAJren EBBko presidenteak zailtasunak espero ditu geratzen diren transferentzien inguruko negoziazioetan ere, batez ere Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoari lotutakoetan. «Erresistentzia handiagoa» egon daitekeela esan zuen Estebanek. Edozein kasutan, EAJk adierazi zuen ez duela etsiko falta diren eskumenak lortu arte, baina zehaztu zuen negoziazioak «beste fase batean» daudela jada. Estebanen hitzetan, hitzartutakoa bete ez izanak argi erakusten baitu Espainiako Gobernuaren «borondaterik eza».Â
Ikusteko dago biharko batzarra bide horretan urratsak egiteko baliagarria izango den edo urak baretu direla erakusteko argazkia egiteko baliatuko duten. Izan ere, soka muturreraino tenkatu zuten jeltzaleek eta sozialistek duela bi aste, eta gertu izan zuten bazkideen arteko krisia ere. Are, Estebanek berak mehatxu ere egin zuen, esanez izenpetutako akordioa bete ezean EAJ ez zela «besoak gurutzatuta» geratuko. Sanchezek legealdia amaitzea «ez dela komenigarria» ere esan zuen jeltzaleen buruzagiak, eta Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin beharko liratekeela erantsi.Â
Pradales eta Sanchez aurrez aurre elkartuko diren seigarren aldia izango da biharkoa. Bi gobernuburuek etengabeko harremana dute, baina inoiz ez dira hainbestetan elkartu horren epe laburrean —uztailean elkartu ziren azkenekoz—. Aldebiko batzordearen bilera noiz egin erabaki zain dauden honetan, lehendakariak transferentziez gain beste eskakizun batzuk ere eramango ditu bilerara, hala nola osasunari, immigraziori eta segurtasunari lotutakoak.