Araba, Bizkai eta Gipuzkoak Espainiako Estatuarekiko beste estatus bat lortzeko negoziazioetan daude azken bi urteotan EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PSOE, eta bide horretan helmugaren batera iristen ari direlako albisteak kaleratu dira azken egunetan. «Erabakitzeko eskubide gradualaren» kontzeptuaren berri eman zuen EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik, orain egun batzuk, eta asteburu honetan, EAJko EBBko presidente Aitor Estebanek berretsi egin du erabakitzeko eskubidearen karpeta «adostua eta itxita» dagoela.
Testuinguru horretan iritsiko da ostegun honetan politika orokorreko osoko bilkura Eusko Legebiltzarrera, eta ikusteko dago Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek ekimena hartuko ote duen Gernikako Estatutua gaindituko lukeen akordio berri baten aldeko urrats instituzionalak egiten hasteko. Izan ere, Jaurlaritzaren urte politikoaren hasierako Gobernu Kontseiluan, Pradalesek jakinarazi zuen politika orokorreko bilkura izan daitekeela «lehendakariaren posizioa markatzeko» abagunea estatutu berri bat adosteko prozesuan. Azken egunetan, ganberako alderdien ordezkariekin batzartu da lehendakaria, banan-banan, Voxekin salbu; bada, «entzuten duenaren arabera» ekimena hartuko zuela esan zuen Pradalesek, abuztu bukaeran.
Batera edo bestera, osteguneko osoko bilkuran gobernuburuak aletuko dituen edukiak aurreratu ditu Lehendakaritzak, eta apenas dago aurrerapen horretan erreferentziarik estatus berriari. Pradalesek, ordea, berretsi egin du bere lehentasuna dela «Euskadi etorkizunera begira prestatzea». «Gure betebeharra da gure herriaren indar guztiak aktibatzea, norabide berean arraun egiteko». Gehitu du Espainiako legealdia «azkenetan» dagoela, eta ziurtatu «beharrezkoa» dela «abiadura handiagoa hartzea» bete daitezen Espainiako Gobernuak Gernikako Estatutua osatu aldera hartu zituen konpromisoak.
Aurreko astean, EH Bilduko Otegik eskaera argi bat egin zion Pradalesi: alderdiei jakinaraztea zer ikuspuntu duen EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PSOE negoziatzen ari diren estatus berriaren inguruan. Lehendakariak alderdiekin egindako bilera sorta amatu berri da, eta osteguna izan daiteke, beraz, Pradalesek estatutua berritzeko prozesuan aurrera pauso bat emateko eguna.
Osasuna, etxebizitza, hezkuntza...
Horrez gain, lehendakariak osasuna, etxebizitza, hezkuntza, segurtasuna eta enplegua jarriko ditu «erronka nagusitzat» osteguneko osoko bilkuran. Lehendakaritzak aurreratu duenez, klima-aldaketa, adimen artifiziala eta ongizate integrala ere hizpide izango ditu. Era berean, inbertsio publikoak eta azpiegiturek ere zeresan garrantzitsua izango ei dute bere hitzaldian. Hori guztia hiru helburu nagusiren inguruan egituratuko du: «Zerbitzu publikoak indartzea, etorkizuneko eraldaketetan inbertitzea eta komunitatearen zentzua indartzea».
Halaber, legegintzaldiaren lehen zatian bere gobernuak egindako lana defendatuko du Pradalesek, eta gobernu programa betetzen ari dela helaraziko du. Gainera, lehendakariak azpimarratuko du «elkarrizketan, parte hartzean eta akordioan oinarrituta» gobernatzen duela, eta horren adibide gisa jarriko du alderdiekin, sindikatuekin eta patronalarekin egin duen bilera sorta.
Hiru tradizio politikoak
EAJko legebiltzarreko eledun Joseba Diez Antxustegik, berriz, diskrezioa eskatu du gaur, estatus berriaren negoziazioen inguruan, baina onartu du «gai batzuetan aurrerapenak» egon direla; erantsi du «lorpen hori» ahalbidetu duela «diskrezioaren aldeko borondateak». ETBk egindako elkarrizketa batean, eledun jeltzaleak ziurtatu du «hiru tradizio politiko nagusiek» elkarrizketa mahaian jarraitzen dutela, eta ez dutela ezer gehiago esan behar «negoziazioa amaitu arte».
Hiru tradizio politiko horietako bat PSE-EE da, eta alderdi horretako idazkari nagusi Eneko Anduezak esan du «haurren jolasean» dabiltzala EAJ eta EH Bildu estatus berriaren inguruan, eta sozialistentzat lehentasun bakarra dagoela: «Lehentasun soziala».
Eusko Legebiltzarreko PSE-EEren taldearen bileraren osteko agerraldian, Anduezak ziurtatu du Otegiren eta Estebanen artean «haurren jolas moduko bat» ikusten duela, «ea nor gehiago nabarmendu». «Haientzat uzten ditut jolas horiek», erantsi du. Baina ez ditu gezurtatu erabakitzeko eskubide gradualaren inguruan akordioa badela dioten albisteak. Diskrezioa eskatu du berriro, eta ohartarazi adosten den ezein akordiok «Konstituzioa bete» beharko duela.
EH Bilduk ere heldu dio estatus berriaren gaiari. Naiz irratian egindako elkarrizketa batean, Nerea Kortajarena Programa idazkari eta Donostiako alkategai izango denak eskatu du adosten den hori ez izatea «euskal singularitatea tonu edo formetara mugatzen duen zerbait»; Kortajarenak zera nahi du: «Benetan herri honek dituen erronkei eta herritarrek helarazten dizkiguten kezkei erantzuteko bide bat».