Prefetak berretsi du herriko etxeek ezin dutela euskara ofizialki aitortu

Frantziako Estatuko ordezkariaren hitzetan, «ofizialki» terminoa erabiltzea da arazoa. 2018an Euskal Elkargoak formulazio hori erabili bazuen ere, prefetak ezetz dio.

Simon Fetet, agorrilean, Pauen, kargua hartu ondoren eman zuen lehen prentsaurrekoan. GUILLAUME FAUVEAU
Simon Fetet, agorrilean, Pauen, kargua hartu ondoren eman zuen lehen prentsaurrekoan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko urriaren 1a
18:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Simon Fetet Pirinio Atlantikoetako prefetak ez du gibel egiteko asmorik. Pauen egin duen prentsaurreko batean berretsi du euskarari aitortza ofiziala egiteko herriko etxeek hartu dituzten deliberoak ez direla legezkoak. «Euskara hizkuntza ofizial gisara aitortzen dute, eta ez dute horretarako eskumenik», baieztatu du. Gaur-gaurkoz, Ipar Euskal Herriko hamabost herriko etxek hartu dute euskara aitortzeko erabakia. Prefetak erran du delibero bakoitza artoski aztertuko duela. «Ez da auzi politiko bat, juridikoa baizik».

«Ofizialki» hitzaren erabilpenean eman du azpimarra prefetak. Haren hitzetan, horrek sortzen du arazoa, euskarari frantsesaren heineko estatusa ematea lekarkeelako. Frantziako Konstituzioko 2. artikuluaren arabera, frantsesa da Errepublikako hizkuntza. Eta Konstituzio Kontseiluak behin baino gehiagotan ebatzi du artikulu horren arabera ezin dela beste hizkuntza koofizialik izendatu. «Estatuak ez die debekatzen herriko etxeei agiantzak egitea. Euskara intereseko gaia da herrientzat, eta haren aldeko jarrera adieraz dezakete, edo baliabide gehiago eskatu».

«Delibero horiek, idatziak diren moduan, herriko etxe batek egin dezakeena gainditzen dute, eta horregatik jarri ditugu helegiteak»

SIMON FETET Pirinio Atlantikoetako prefeta

Hortaz, esplikatu du herriko etxeen deliberazioen gainean egin behar duen legezkotasun kontrola aplikatu besterik ez duela egin. «Ez dira erasoak: behaketak dira». Esplikatu du bere ardura dela herriko etxeen deliberoak zalantzan jartzea, baldin eta «konstituzioaren edo Frantziak hartutako engaiamenduen kontrako elementuak» badituzte. «Zuzenbide estatuaren parte da, ez da posizio politiko bat. Delibero horiek, idatziak diren moduan, herriko etxe batek egin dezakeena gainditzen dute, eta horregatik jarri ditugu helegiteak». Fetetek baieztatu du herriko etxeek deliberoak aldatu eta «ofizialki» terminoa kenduko balute erabaki berri horiek ez luketela arazorik sortuko.

Hitz joko baten sinboloa

Herriko etxeetan hartutako deliberoak ez diote halakorik: ez dute euskara hizkuntza ofizial gisara aitortzen; ofizialki aitortzen dute euskara beren lurraldeko hizkuntza dela. Hitz joko horretan dago auziaren giltza. Erabaki sinboliko bat da, euskararen estatus legala aldatzen ez duena. Izan ere, hori da 2018an Euskal Hirigune Elkargoak erabili zuen formulazioa, urte hartan Ipar Euskal Herriko instituzioak onartu zuen lehen euskara plana bozkatzeko deliberoan. Bere garaian, Paueko prefeturako zerbitzuekin adostu zuten esaldia, hain zuzen ere Frantziako konstituzioaren esparrua errespeta zezan.

Bada, prefetak ostegun honetako prentsaurrekoan baieztatu du esaldi hori ez zela agertzen 2018ko deliberoan. «Euskara plana bozkatzeko erabaki bat izan zen. Planaren editorialean agertzen zen, baina deliberoan ez», adierazi du.

Euskal Hirigune Elkargoaren 2018ko deliberoa. BERRIA
Euskal Hirigune Elkargoaren 2018ko deliberoa. BERRIA

Okerra da informazio hori. 2018ko ekainaren 23an elkargoak bozkatu zuen deliberoa eskuratu du BERRIAk, eta bi aldiz agertzen da euskararen aitortza. Erabakiaren aurkezpenean lehenik, 5. orrian; eta erabakian berean ondotik, 6. orrian. Frantziako Estatuko lege esparrua aipatzen dute lehenik: konstituzioaren 2. artikulua eta 75-1 artikulua; frantsesaren erabilera arautzen duen 1994ko 94-665 legea; eta elkargoaren sorrera ahalbidetu zuen legea, Notre legea. Honela dio ondoren: «Elkargoko biltzarrak honakoa erabakitzen du, aitzitik aipatutako marko juridikoaren errespetuan: Euskal Hirigune Elkargoak ofizialki aitortzen du euskara eta okzitaniera-gaskoia bere lurraldeko hizkuntzak direla, frantsesaren ondoan».

Auzitegien beha

Herriko bozetako kanpainan, Euskal Konfederazioak euskararen aldeko engaiamenduak har zitzatela eskatu zien tokian-tokian aurkeztu ziren hautagaiei. Hogei neurriko zerrenda bat argitaratu zuen, gerora herriko etxeen hizkuntza politikaren segipena egiteko xedearekin. Barometro horren barruan proposatu zuten herriko etxeek euskara ofizialki aitortzea.

Uztailean iritsi ziren lehen deliberoak. Uztailaren 2an Sarako herriko etxeak bozkatu zuen, eta uztailaren 25ean, Baionakoak. Bien kontrako helegitea jarri zuen Jean Marie Girier orduko prefetak. Lehen instantzian ontzat eman zituen helegiteak, baina dei egin dute bi herriko etxeek. Orain, Bordeleko Administrazio Auzitegiak aztertu beharko ditu. Frantziako Estatu Kontseiluraino iristeko borondatea agertu zuen Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak.

Anartean, Girier joan zen, eta Fetet iritsi zen; eta beste herriko etxe batzuen erabakiei ere errekurtsoa ezarri die prefeta berriak. Ondoko asteetan aztertuko dituzte Paueko Administrazio Auzitegian.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA