«Presioa areagotzera» deitu du Palestinaren aldeko elkartasun mugimenduak

«Herritarrok geldiaraziko dugu genozidioa, inork gelditzekotan». Iragarri dute Israelek atzemandako zenbait ekintzailek uko egingo diotela deportaziorako agiriak sinatzeari.

Palestinaren aldeko elkartasun mugimenduko kideak, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Palestinaren aldeko elkartasun mugimenduko kideak, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
2025eko urriaren 3a
15:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herritarrak «bero eta haserre» daude, Israel Gazan egiten ari den genozidioa ikusita, eta Global Sumud Flotillaren aurkako erasoak are gehiago sumindu ditu; hala uste du Palestinaren aldeko elkartasun mugimenduak, eta atzo Hego Euskal Herriko hiriburuetan egindako manifestazio jendetsuak jarri ditu horren adibide. Baina mugimenduko kideen ustez, ez da mobilizazioak apaltzeko garaia, eta «presioa areagotzera» deitu dute gizartea: «Herritarrok geldiaraziko dugu genozidioa, inork gelditzekotan».

Agerraldia egin dute Bilbon Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herria koordinakundeko kide Pili Revillak, Ana Gascon Sorianok, Nerea Etxebarriak eta Arantxa Paniaguak, eta «Euskal Herrian Palestinaren aldeko borrokan urteak eta urteak eman dituzten talde eta elkarteetako kideek» inguratuta egin dute. Esan dutenez, azken asteetako mobilizazio eta protestak fruituak ematen ari dira, eta «aldaketak» agertzen hasi dira. Batzuk aipatu dituzte: EHUk erabaki du Israelekiko harremanak moztea, «ikasle, irakasle eta zuzendaritza taldearen ekimenari esker»; osasungintzan, mediku eta erizainak uko egiten hasi zaizkio Israelgo Teva enpresa farmazeutikoaren produktuak erabiltzeari; eta Espainiako Gobernuak ere «pauso batzuk» eman ditu, «nahiz eta nahikoa ez izan, boikota eta harreman guztiak etetea baita eman beharreko erantzuna».

Elkartasun mugimenduaren iritziz, herritarren presioaren ondorioz gertatu da hori guztia, eta, herritarrei eskerrak emateaz batera, mobilizatzen jarraitzeko eskatu diete, asko baita oraindik egin beharrekoa: «Ez da onargarria legebiltzarrean minutu bateko isilaldia egitea, eta aldi berean genozidioaren konplize diren enpresetan inbertitzen jarraitzea». Gogorarazi dute zeintzuk diren elkartasun mugimenduaren helburuak: Palestinan «genozidioa eta blokeoa» amaitzea, indarrez erbesteratutako palestinarrak euren herrialdera itzuli ahal izatea, eta «errudun politiko eta militarrak» auzitara eramatea nazioarteko justiziaren bitartez.

Elkartasun ontzidia

Israelgo armadak atzemandako Global Sumud Flotilla ere hizpide izan dute. Azaldu dutenez, ez dute horri buruzko informazio handirik, baina jakinarazi dute han dauden ekintzaileetako zenbaitek uko egingo diotela Israelek aurkezturiko agiriak sinatzeari. Agiri horietan, sinatzaileak onartu egiten du Israelen «modu irregularrean» sartu dela, eta horrek bide ematen dio Israeli ekintzailea azkar kanporatzeko. Sinatzen ez dutenek, berriz, epaiketa izango dute, eta ez dago argi zigorrik jasoko ote duten; edozein modutan, haiek kanporatzeko prozesua atzeratu egingo da.

Elkartasun mugimendukoek ontzidiaren helburuak gogorarazi dituzte: genozidioa «ikusgarri» egitea, blokeoa apurtzea eta laguntza humanitarioa Gazara eramatea. Ontzidia geldiarazteko Israelek erabilitako indarkeria salatu dute: «Armak eta ur kanoiak erabili dituzte ekinaldi baketsu baten kontra». Halaber, jakinarazi dute beste elkartasun ontzidi bat abian dela jadanik: urriaren 1ean irten zen Italiako portu batetik, ontzi handi batek eta zazpi bat ontzi txikiagok osatzen dute, eta, batez ere, kazetariak eta osasun arloko langileak dira eskifaia kideak.

Bestalde, Donald Trump AEBetako presidenteak aurkeztutako plana gaitzetsi dute elkartasun mugimendukoek: «Ez da bake plana, okupazioa iraunaraztekoa baizik». Esan dutenez, planak ez du «zilegitasunik» hainbat arlotan, besteak beste, horren sustatzaile nagusiak «erantzukizun kriminala duten eragileak» direlako: Trump bera, «genozidioaren konplizea»; Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, «sarraskiaren exekutatzailea»; eta Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohia, «[AEBetako presidente ohi] George W. Bushekin eta [Espainiako presidente ohi] Jose Maria Aznarrekin batera Irakeko gerraren sustatzaile nagusia eta han izandako milioi bat hildakoen erantzulea».

Planaren beste hainbat gabezia nabarmendu dituzte Gazarako Mugimendu Globalekoek: ez du sarraskia geldiarazteko bermerik ematen, Israelen esku uzten du prozesuaren kontrola, ez du aurreikusten gerra krimenen errudun direnen kontrako auzibiderik edo Gazari eragindako kalteen ordainik, preso dauden palestinarren %10 askatzea baino ez du proposatzen, ez du aintzat hartzen Palestinaren lurralde batasuna, eta, azken finean, ez du urratsik egiten palestinarrek benetako estatu bat izateko bidean. «Planak menpekotasuna eta okupazioa betikotzen ditu, eta erregimen koloniala blindatzea du xede».

datozen egunetarako deialdiak

  • Urriak 4. Nazio manifestazioa Iruñean, Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, 12:00etan. 
  • Urriak 7. Manifestazioa Iruñean, erasoaldia hasi zeneko urteurrena dela eta.
  • Urriak 10. Mugimendu feministaren deialdia Bilbon, 19:30ean.
  • Urriak 15: Lanuzteak eta mobilizazioak Hego Euskal Herri osoan.
  • Urriak 17: Egun horretarako, protesta zaratatsuak antolatuak zituen Gernika-Palestina plataformak, baina urriaren 15era pasatzea erabaki dute.
  • Urriak 25: Nazio manifestazioa Bilbon, Gure Haurrak Ere Badira plataformak deituta, 17:30ean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.