EAJren eta PSE-EEren arteko tentsioa baretu egin da. Hala irudikatu nahi izan du Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak gaur Donostian egindako ekitaldi politikoan. Bien arteko «arrakasta formularen alde» mintzatu da Andueza, eta azpimarratu du sozialistek akordio politiko hori babestuko dutela «behar den denbora guztian».
Kanpora begira, Eusko Jaurlaritzako bi bazkideen harremana gaiztotu egin da azken asteetan. Estatutu berriaren harira, Aitor Esteban buruzagi jeltzalea igerileku batera salto egiten azaltzen den irudi bat zabaldu zuten sozialistek sare sozialetan lehenik, eta EAJk soka tenkatzea aurpegiratu zion; gero, berriki, Estebanek berak amaitutzat eman zuen Espainiako legealdia, noiz eta Pedro Sanchez politikoki ahul den garaian. Jeltzaleek ez dute inondik ere nahi batzar nagusietako eta udaletako bozek bat egitea Espainiako Gorteetarako hauteskundeekin, eta adierazpen horren bidez Sanchezi ohartarazi nahi izan zioten tentazio hori ez izateko.
Testuinguru horretan, aste honetan bildu egin dira Esteban eta Andueza. Printzipioz, inbertsioak bizkortzeko premiazko neurriei buruzko lege proposamena eztabaidatzeko batzartu ziren, baina batasun irudia eman nahi izan zuten. Horren ondotik, Sanchezek baztertu egin du 2027ko maiatzean Gorteetarako eta udaletako hauteskundeak egun berean batu eta «Igande Handi» bilakatzea.
Deskonpresio prozesu horretan, Anduezak gaur Donostian nabarmendu du 11 urtez EAJrekin egindako akordioa baliagarria dela eurentzat. «PSEk du protagonismo guztia, eta horrek bermatu egiten du gobernu guztiek politika aurrerakoiak egitea». Anduezaren arabera, «hain da arrakastatsua» formula hori, EH Bilduk ere bat egin nahi baitu. «Beldur gara ez ote diren hori egiten ari soil-soilik boterera ailegatu ahal izateko».
EAJren eta EH Bilduren arteko akordio batek gehiengo zabalagoa ordezkatzen duela diotenen kontra, Anduezak uste du «batura horrek soilik gizartearen parte bat» ordezkatzen duela. Haren irudiko, ordea, sozialisten eta jeltzaleen koalizioak egonkortasuna ematen dio Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gizarteari.
Gaineratu duenez, aste honetan Estebanekin batera egin duen bilera horren bidez aditzera eman dute borondatea dutela elkarrekin lan egiteko. «Desadostasunak izango ditugu, bai noski. Tradizio politiko desberdineko bi alderdi gara, eta PSE-EEk inoiz ez dio bere iritzia emateari utziko, baina garrantzitsuena bion arteko lankidetza irudi hori da». Gogora ekarri du ados jarri direla etxebizitzaren premiazko neurriei, zerga neurriei eta Bilboko Metroko 4. lineari buruz.
Desadostasunen atalean, administrazio arloko hizkuntz eskakizunak daude. Anduezaren arabera, langileen eskubideak babestu nahi dituzte: «Eragotzi dezagun euskara ulertzeko modu uniforme bat inposatu nahi izatea gizartearen parte bati».