Roke Mendez frankismoaren biktima gisa aitortu du Espainiako Gobernuak

Frankismo amaieran diktaduraren aurka aritu ziren euskal ekintzaileen artean aitortza jaso duen lehena da. Mendez eta Juan Luis Mondragon 1974an hil zituzten, segada batean, eta GEBehatokiak kereila bat aurkeztu du erantzukizun penalak argitzeko.

Mendezi eta Mondragoni egindako omenaldiaren irudi bat, iaz. BIDASOKO HITZA
Mendezi eta Mondragoni egindako omenaldiaren irudi bat, iaz. BIDASOKO HITZA
Iosu Alberdi.
2025eko irailaren 24a
08:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gobernuak biktimatzat aitortu duen frankismo berantiarreko lehen euskal ekintzailea da Roke Mendez. «Diktadura frankistan jazarpena jasan zuen arrazoi politiko eta ideologikoengatik», gobernuak haren familiari bidalitako Aitortza eta Erreparazio Pertsonalerako Adierazpenaren arabera. Hura eta Juan Luis Mondragon 1974an hil zituzten polizia frankistek, segada batean, eta jazotakoa ezkutatzeko epaiketa bat muntatu zuten. «Legez kanpoko eta zilegitasunik gabeko» epaiketa bat, Madrilek ebatzi duenez. Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak uste du aitortza hori jaso ondoren urrats gehiago egiteko garaia dela, eta kereila bat aurkeztu du «biktimarioen erantzukizun penala» argitzeko.

Polizia frankistak 1974ko maiatzaren 20an hil zituen Mendez eta Mondragon, Hondarribiko Asturiaga hondartzan (Gipuzkoa) egindako segada batean. Bi gazteak ETAn aritu ziren, baina erakunde armatutik aparte zebiltzan ordurako, Ipar Euskal Herrira ihes egin eta gero. Egun hartan, ordea, argitu gabeko arrazoiengatik, Donibane Lohizunetik (Lapurdi) Hondarribira arteko bidea egin zuten motordun txalupa batean, Jose Luis Arrondo Cocoliso-rekin batera; gerora jakin zen hura Poliziaren isil-mandatari bat zela.

Espainiako Gobernuaren adierazpenean kontatzen denez, behin Hondarribian zirela Mendezek «tiroketa batean murgilduta» ikusi zuen bere burua, eta «haren ondorioz hil» zen. Aranzadi elkarteko eta EHUko ikerlariek Hondarribiko Udalaren eskariz argitaratutako txostena zehatzagoa da: «segada» batean «exekutatu» zituzten hura eta Mondragon Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak —ETAren arabera, berrogei bat agente ziren—. Mendezi bost tiro jo zizkioten; horietako bat, buruan. Cocolisok, berriz, ihes egin zuen.

Hilketen ostean, Donostiako Epaitegi Militar Bereziak 66/1974 auzia ireki zuen, «egitateak faltsutzeko» helburuz, GEBehatokiak salatu duenez: «Poliziaren exekuzioaren erantzukizuna bi gazteei egozteko eta egileei erabateko zigorgabetasuna emateko». Hala ebatzi zuen Aranzadik egindako txostenak ere. Bertsio ofizialaren arabera, gazteak izan ziren metrailetaz tiro egiten lehenak. Gainera, terrorismo delitu bat ere egotzi zieten, enpresari bat bahitu nahi zutela esanez.

Roke Mendez
Roke Mendez. BERRIA

Lurralde Politika eta Memoria Demokratikorako Ministerioaren adierazpenak, baina, legez kanpokotzat jo ditu auzitegia, epaimahaia eta «1936ko estatu kolpetik aurrera arrazoi politiko, ideologiko, kontzientziazko edo erlijiosoengatik [Mendezi] zigor pertsonalen bat ezartzeko eratutako beste edozein organo penal edo administratibo». Eta horrekin batera, legez kanpokotzat jo du Mendezen aurka arrazoi horiengatik ezarritako ebazpen judizial eta administratibo oro ere.

Justiziarik eza

Espainiako Gobernua ez da Mendez biktima gisa aitortzen duen lehen erakundea. Eusko Jaurlaritzak ere 2023an egin zion aitortza, 12/2016 legean oinarrituta. Halere, haren balio moral eta politikoa nabarmendu ditu GEBehatokiak, Juan Paredes Txiki-ren eta Angel Otaegiren aitortzaren inguruko eztabaida betean: «Frankismo berantiarreko euskal erresistentziako pertsona bati egindako lehen aitortza da, eta uda honetan frankismoaren biktimen artean argudiatu diren kategorizazio saiakerak desegitera dator».

Justiziarik ezari ere erreparatu dio GEBehatokiak, esanez hura «are nabarmenago» egiten dutela aitortza administratiboek. Haren arabera, Espainiako Memoria Demokratikoaren legea indarrean denetik arrakalak irekitzen ari dira «bunker negazionista judizialean», baina oraindik ere kontraesan nabarmena dago botere exekutiboa eta legegilea urraketa horiek aitortzeko egiten ari diren bidearen eta botere judizialak «biktimarioen alde» duen jarreraren artean: «Agerian uzten du estatuak, instantzia judizialetatik, hiltzaile frankistak estaltzen dituela oraindik ere. Orduan halaxe egin zuen, eta orain ere halaxe egiten du».

Horixe bera egotzi zion NBEren Giza Eskubideen Batzordeak Espainiari, eta exijitu zion ez baliatzeko Amnistia Legea eta auzien preskripzioa giza eskubideen urraketa larriak ez ikertzeko.

Hala, besteak beste, Josu Mujika Aiestaranen kasuan egin bezala, GEBehatokiak kereila bat aurkeztu du Mendezen eta Mondragonen «biktimarioen erantzukizun penala» zehazteko asmoz, baina baita bi kideak Cocolisoren identitatea baieztatzeko ere: «Non dagoen ikertu behar dela uste dugu». Zenbait iturriren arabera, trafiko istripu batean hil zen hura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.