Seaskako ikasleei zuzendu egin dizkiete euskaraz erantzundako baxoko matematikako azterketak

Ikasleek, desobedientziara jo, eta baxoko azterketa euskaraz erantzun zuten. Seaskak ikasleen jarrera goraipatu du: «Egoera korapilatsua eta nahasgarria izan arren, ausardiaz eta erantzukizunez jokatu dute».

Ikastoletako zuzendariak euskararen aldeko afixekin, joan den hilean. JON URBE / FOKU
Ikastoletako zuzendariak euskararen aldeko afixekin, joan den hilean. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2026ko uztailaren 10a
13:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azterketa frantsesez eginarazi nahi zieten, baina Seaskako Etxepare lizeoko ikasleek desobedientziara jo zuten: baxoko matematikako proban euskaraz erantzun zuten. Gaur Seaskak jakinarazi duenez, azterketak zuzendu egin dizkiete: «Zinez pozten gaitu euskaraz egin diren probak zuzendu dituztela jakiteak».

Etxepareko ikasleek maiatzaren hasieran iragarri zuten desobeditu eta matematikako azterketa euskaraz egingo zutela: «Etxepare lizeoko komunitate osoaren babesa dugu, hau da, guraso, irakasle eta langileena». Maiatzaren amaieran, ohar bat atera zuen Seaskak, eta iragarri zuen Parisek iradoki zuela euskaraz erantzundako etsaminak ere zuzenduko zituztela. Hala izan da azkenean: «Bordeleko Errektoretza eskertu nahi dugu, euskarazko probak zuzentzeko egin duen hautuagatik eta, horren bidez, ikasleen aukera berdintasuna bermatzeko erakutsi duen borondateagatik». 

Ikasleen ekina ere goraipatu du Seaskak: «Ikasle guztiak zoriondu nahi ditugu. Egoera korapilatsua eta nahasgarria izan arren, ausardiaz eta erantzukizunez jokatu dute, eta hori bereziki azpimarratu nahi dugu».

2028ko baxotik aurrera, egongo da berrikuntzarik: Ipar Euskal Herriko ikasleek espezialitate bat hautatu ahal izango dute, hari dagozkion idatzizko azterketa eta ahozko handia euskaraz pasatzeko. «Ikasturte honetan urrats garrantzitsuak egin ditugu ikasleen hizkuntza eskubideak eta aukera berdintasuna bermatzeko bidean. Horrelako aitzinamendurik ez litzateke posible izanen guztion mobilizaziorik gabe». Horiek horrela, «bihotzez» eskertu dituzte azken hilabeteetan mobilizatu diren ikasleak, familiak, irakasleak, langileak, Euskal Herriko hautetsiak, Seaskaren galdeak Pariseraino eraman dituzten parlamentariak, eta atxikimendua adierazi dien herritar oro.

Azkarrago behar dute

Haatik, Seaskak salatu duenez, heldu den ikasturtean ere ikasleak berriz «ziurgabetasun egoeran» egongo dira. Hortaz: «Ezinbestekoa iruditzen zaigu Frantziako Hezkuntza Ministerioak matematikako proba ere jasotzea baxoan euskararen —eta gainerako hizkuntza gutxituen— lekua arautzeko uda honetan argitaratuko duen dekretuan».

Hots, Seaskak lehenago nahi du aldaketa: «Eskatzen dugu terminaleko ikasleek aukera izan dezatela 2027ko ekainetik aitzina, dekretu berriak ezarriko duen markoaren esperimentazio gisa, baxoko ahozko handia eta berezitasunetako proba bat euskaraz aurkezteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA