Segurtasun Sailak atxilotuen aurrekari penalen berri ere emango du, jatorria jakinarazteari utzi gabe

Zupiriak berretsi du atxilotuen jatorria publiko egiten jarraituko duela, baina bereziki kasu zehatz batzuetara mugatuko dutela. EH Bilduk atzera egiteko eskatu dio beste behin, estigmatizazioa eta gorrotoa areagotzen dituelako.

Zupiria, ostiraleko osoko bilkuran, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
Zupiria osoko bilkura batean, Eusko Legebiltzarrean. Artxiboko argazkia. RAUL BOGAJO / FOKU
aitor biain
2026ko azaroaren 6a
15:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak atxilotutako eta ikertutako pertsonen aurrekari penalak ere jakinaraziko ditu aurrerantzean, haien jatorriaren berri emateaz gain. Hala adierazi du Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean, eta zehaztu du «gardentasun ariketa» bat dela, «informazio osoa» ematea helburu duena: «Gure erantzukizuna informazio argia eta osoa ematea da, datuak ezkutatu gabe eta testuingurutik atera gabe».

EH Bilduk kontroleko osoko bilkuran egindako galderari erantzunez eman du protokolo aldaketa horren berri Zupiriak. Koalizioak Jaurlaritzari eskatu dio utz diezaiola atxilotuen jatorriaren berri emateari, argudiatuta erabakia erabat politikoa dela eta estigmatizazioa eta gorrotoa areagotu baino ez dituela egiten. «Zergatik ez dira ematen bestelako datu batzuk? Zergatik ez eman errealitate sozioekonomikoaren berri, adibidez?», itaundu dio sailburuari Eraitz Saez de Egilaz legebiltzarkideak.

Halaber, gogorarazi dio hainbat erakundek erabakiaren kontrako iritzia eman dutela, tartean EAEko Arartekoak eta JpD Demokraziarako Epaileak taldeak. Baita Eusko Legebiltzarrak ere, joan den asteko segurtasunari buruzko osoko bilkura monografikoan agerian geratu zenez. Are, egun hartan EAJk ere abstentziora jo zuela eta «hausnartzeko» eskatu dio sailburuari, zalantzaren bat baldin badu ere.

Sailburuak erantzun dio errespetua diela erakunde horiei guztiei, baina berretsi du ez duela atzera egiteko arrazoirik ikusten. Zehaztu du, hala ere, Arartekoak uztailean kaleratu zuen gomendioari erantzunez, aurrerantzean bereziki homizidio, lesio, sexu eraso, arma zuriz egindako eraso eta indarkeriaz egindako lapurreten kasuetara mugatuko dutela informazio horren argitalpena.

Halaxe jakinarazi dio Mikel Manzisidor herri defendatzaileari idatziz, eta ñabartu dio «arreta handiz» erabiliko dutela informazio hori, «estigmatizazioa saihesteko». Izan ere, soilik «funtsezkoa» den kasuetan baino ez argitaratzeko gomendatu zion hark Segurtasun Sailari, eta beti testuinguruan kokatzen laguntzeko bada. Azken argudio hori baliatu du Zupiriak aurrekarien berri emateko erabakia defendatzeko ere, eta joan den astean Bilbon izandako istiluak jarri ditu adibidetzat.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA