ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek iazko otsailean lortu zuten Kristau Eskolarekin ados jartzea, eskola erlijiosoetan hainbat protesta eta greba egin ostean. Alta, Steilas, CCOO, LAB eta UGTk gaur salatu dute patronala ez dela betetzen ari orduan hitzartutako ituna: «Kristau Eskola greba amaierako akordioa urratzen saiatzen ari da sinatu zuenetik, duela 22 hilabetetik». Horiek horrela, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek protesta egin dute gaur, Kristau Eskolak Donostian duen egoitzaren aurrean.
Sindikatuek testuingurua eman dute. Haien esanetan, Kristau Eskolak ez zituen lanaldi murrizketak ezarri nahi izan sektorerik «prekarizatuenetan eta feminizatuenetan»: «Hilabeteak kostatu zitzaien lanaldiak murriztea». Ondoren, ez zituzten soldatak eguneratu nahi izan, akordioan hori jasota bazegoen ere. Epaitegietara jo zuten: «Lortu genuen. Epai horren ondoren, Kristau Eskolak eta gainerako patronalek sinatutakoa betetzea eta nominak eguneratzea beste erremediorik ez zuten izan».
Nolanahi ere, sindikatuen arabera, 2025eko urtarriletik DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako langileen soldata igoera murriztu zuten: %16ko igoera zegoen adostuta, eta %15,43koa izatea erabaki zuten, «aldebakarrez». «Tutoretzako plusaren igoera ere, %16koa, oraindik ez dute aplikatu».
Soldataz harago
Soldataz haragoko kexak ere badituzte. Nabarmendu dutenez, etapa guztietan arreta zuzena ordubete murriztea adostu bazuten ere, Kristau Eskolak maiatzean ohar bat bidali zuen eskoletara, hori indarrean ez sartzeko eskatzeko. Horrenbestez, «fede txarra» egotzi diote patronalari.
Hori horrela, berriro ere auzitara joko dute: «Kristau Eskolari exijitzen diogu etxeko lanak egin ditzala, urtarriletik aurrera aplikatu dezala sinatu zuen eskola orduen murrizketa eta konpentsatu ditzala irailaren 1etik aurrera irakasleek egin behar izan ditugun gehiegizko eskola orduak».Â