Beste greba bat eskola erlijiosoetako lan gatazka luzean

ELAk deituta, Kristau Eskolako eta IZEAko eskoletako langileek greba egingo dute hilaren 20an. Sindikatuak gaur erregistratu du deialdia.

ELA greba deialdia erregistratzen, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
ELA greba deialdia erregistratzen, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2026ko urtarrilaren 15a
12:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

ELA sindikatuak deituta, datorren asteartean, hilaren 20an, greba egingo dute Kristau Eskolak eta IZEA Irakaskuntza Zentroen Elkarte Autonomoak kudeatzen dituzten eskoletan. ELAk gaur erregistratu du deialdia, Bilbon. Gainerako sindikatuek —Steilasek, CCOOk, LABek eta UGTk— elkarretaratze bateratu bat egingo dute Bilbon bertan.

Auziaren soka luzea da. ELAk gogora ekarri duenez, 2024ko otsailean izenpetu zuten Kristau Eskolarekin eta IZEArekin greba amaitzeko akordioa —hamalau egunetan egin zuten greba—, lan ituna berritzeko. Harrezkero, salatu dute zenbait puntu bete gabe daudela: «Greba amaierako akordioa sinatu zenetik 23 hilabete igarota, akordioan adostutako eduki batzuk bete gabe daude, patronalen eta Eusko Jaurlaritzaren utzikeriaren eta fede txarraren erruz».

Bi puntu nabarmendu dituzte. Bat, soldata igoerak: «Gainera, lortu diren aurrerapausoetako batzuk epaitegiei esker lortu dira. Hala nola adostutako soldatak adostutako epean ordaintzea. Sindikatuek demanda aurkeztu zuten, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, patronalak zigortu, eta agindu zien ordainketa egiteko. Hala ere, zenbait osagarri eguneratuta ordaindu gabe dauzkate oraindik». Eta bi: irakasleek astean eskola ordu bat gutxiago ematea. «Adostutako eskola orduen murrizketa ere bete gabe dago oraindik, Kristau Eskola patronalak hala aginduta. Ondorioz, 2025-2026ko ikasturtean, ikastetxeen %10 inguruk soilik erabaki dute eskola ordu bat gutxiago eta ordu osagarri bat gehiago ezartzea, akordioan jaso bezala. Erabaki hori ikastetxe horietako zuzendaritzek hartu dute, patronalen jarraibideei muzin eginda». Hori dela eta, auzitara jo du ELAk, eta hilaren 20an, grebaren egunean, izango dute epaiketa.

Gainera, ELAren arabera, orain bi urte adostutako edukiak lan itun batean jaso gabe daude oraindik: «Hamasei negoziazio mahai egin dira epealdi horretan, gehienak ELAren ekimenez, eta, hainbat elkarretaratze eta mobilizazio eginda ere, aurrerapausorik gabe jarraitzen dute langileek. Hori gutxi ez, eta sindikatuek Jaurlaritzari hiru aldiz eskatu arren bilera bat egiteko, Lakuak ez du baiezkorik erantzun».

Protesta gehiago

ELAk ohartarazi du argi dutela zer egin bide beretik jarraituz gero: «Patronalak aurrerantzean ere muzin egiten badie eskaerei, ELAk garbi du, epaitegietan ez ezik, grebaren bidetik ere jarraitu beharko dutela langileek».

Kronologia

  • 2019ko azaroa. Bi urteko lan gatazkaren ondoren —29 egunetan egin zuten greba bi urte horietan—, Kristau Eskolak eta ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek lan ituna izenpetu zuten. 2014an ere izan zuten lan gatazka. Izan ere, patronalak ituna eten zuen soldatak jaisteko, Eusko Jaurlaritzak finantzaketa publikoa gutxitu baitzien.
  • 2023ko apirila. Lan hitzarmen berria sinatzeko garaia heldu zen, baina, orduan ere, adostasunik ez sindikatuen eta patronalen artean. ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek grebara deitu zituzten Kristau Eskola, IZEA, Ikasgiltza eta Ebi Elizbarrutiko Ikastetxeak patronaletako eskolak apirilaren 25erako, negoziazio mahaia «blokeatuta» zegoela eta.
  • 2023ko ekaina. Kristau Eskolako langileek elkarretaratzeak egin zituzten, ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deituta, oraindik ere ez zutelako «patronalaren berririk».
  • 2023ko iraila. Kristau Eskolako eta IZEAko langileak zortzi eguneko grebara deitu zituzten ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek: urriaren 17tik 19ra eta abenduaren 11tik 15era.
  • 2023ko abendua. Zortzi greba egunak igarota, ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek beste hamar greba egunetara deitu zituzten Kristau Eskolako eta IZEAko langileak: 2024ko urtarrilaren 17an eta 18an, 23tik 25era bitarte, otsailaren 6tik 8ra bitarte, eta 19an eta 20an.

  • 2024ko otsailaren 6a. Langileak grebara itzultzekoak ziren, baina, sindikatuek eta patronalek ados jartzea lortu zutenez gero, lan hitzarmen berria izango zuten.

  • 2024ko maiatza. Sindikatuek salatu zuten patronalak ez zirela akordioa betetzen ari, eta protestak antolatu zituzten maiatzaren 16rako eta 22rako. Bide judiziala hartzea erabaki zuten, adostutako soldata igoerak lortze aldera.

  • 2024ko urria. ELAk, Steilasek, CCOOk, LABek eta UGTk Kristau Eskola eta IZEA patronalen aurkako salaketa jarri zuten EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Hauxe salatu zuten:  «Ez dituzte ordaindu nahi otsailean itunpeko sarean sinatutako greba amaierako akordioan adostutako soldata igoerak».

  • 2025eko otsaila. Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek erabaki zuten berriro ere auzitara jotzea, iritzita patronalekin 2024ko otsailean adostu zuten soldata igoerak ez zirela betetzen.

  • 2025eko urria. ELAk auzitara jo zuen Kristau Eskolak eta IZEAk ez zutelako irakasleen asteko jardunean eskola ordu bat murriztu.

  • 2025eko azaroa. ELAk grebara deitu zuen datorren astearterako — orduan egingo dute eskola orduen inguruko epaiketa—; 2024ko otsaileko akordioa ez betetzea egotzi die patronalei. Gainerako sindikatuek elkarretaratze bateratu bat egingo dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.