Solariaren Zierbena Solar 2 eguzki parkea bertan behera uzteko eskatu du Erriberabeitiko Udalak

Arabako udalerriak argudiatu du egitasmoak iraungita dauzkala sare elektrikora konektatzeko baimenak. Zierbena Solar «makroproiektua» osatzen zuten 29 egitasmoetatik aurrera jarraitzen duen bakarra da Zierbena Solar 2.

Eguzki plaka batzuk, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Eguzki plaka batzuk, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko abuztuaren 28a
14:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Solaria enpresaren Zierbena Solar egitasmoak zalaparta handia eragin zuen Araban. Enpresa horrek 29 eguzki parke eraiki nahi zituen, Zierbenako (Bizkaia) azpiestazio elektriko baterako energia sortzeko. Nekazarien eta ekologisten elkarteek gogor salatu zuten egitasmoa: haien ustez, «makroproiektu» bat zen, «lege iruzurra» eginez zatikatua, eta alegazio kanpaina masiboak abiarazi zituzten proiektu guztien aurka. Hasierako 29 eguzki parke egitasmoetatik, ordea, bakarra geratzen da abian, eta hura ere bertan behera uzteko eskatu du Erriberabeitiko Udalak (Araba). 

Aurtengo ekainean hasi zen Zierbena Solarren gainbehera: hilabete hartan, UAGAk, Arabako Nekazarien Elkarteak, salatu zuen egitasmoko eguzki parke ia guztiek iraungita zeuzkatela sare elektrikora konektatzeko baimenak. Baimen horiek 31 hilabeteko iraupena dute, eta 2023 eta 2024an jaso zituzten Zierbena Solar egitasmoko eguzki parkeek. Eusko Jaurlaritzak, ordea, ez ditu egin epe horretan eman beharreko ingurumen-inpaktu txostenak; hortaz, baimenak iraungi egin dira, eta eraikuntzak ezin izan du aurrera egin. 

Hemeretzi, bertan behera

Arrazoi horrengatik, egitasmo guztiak bertan behera uzteko eskatu zion UAGAk Jaurlaritzari, eta Industria Sailak horixe bera iragarri zuen uztailean. Zierbena Solar osatzen zuten eguzki parkeen egitasmoetatik hemeretzi bertan behera geratu ziren orduan, UAGAk berak salaturiko egoera argudiatuta, hots, sarera konektatzeko baimenak iraungita zeuzkatela. 

Denak, ordea, ez ziren bertan behera geratu. Esaterako, Jaurlaritzak ez du atzera bota Erriberabeitian kokaturiko Zierbena Solar 2 egitasmoa. Erriberabeitiko Udalaren arabera, ordea, egoera berean dago egitasmo hori, sarera konektatzeko baimenak «2025eko azaroaren 30ean iraungi baitziren, eta horrek egitasmoa modu automatikoan ezereztea baitakar». Udala sarri agertu da egitasmoaren aurka, 49,9 megawatteko eguzki parkeak 134 hektarea okupatuko bailituzke, gaur egun nekazaritzarako baliatzen direnak.

«Bero-irla» efektua

Udalak kezka agertu du era horretako eguzki parkeen «kontzentrazioaz». Izan ere, Zierbena Solar 2 ez da Erreberabeitian kokatuko litzatekeen lehen eguzki parkea. Getxo Mirador Norte FV enpresak jasoa du aldeko ingurumen inpaktu txostena, udalerrian 7.020 plakako eguzki parkea eraikitzeko, eta, aurretik, Arasurreko industriagunean eraikirik dago Arabako eguzki parkerik handiena, Ekian izenekoa. Haren ondoan, Armiñongo herrian, 150 hektareako beste eguzki parke bat eraiki nahi dute.

Udalak adierazi duenez, jada eraikitako egitasmoen eta aurreikusitakoen artean, Erriberabeitian eguzki parkeek 397 hektarea hartuko lituzkete. Horrek eragina izango luke inguruko kliman, «eremu handiko eguzki parkeetan jazotzen den bero-irla efektua sortuko bailitzateke», udalaren arabera. Horrek inguruko tenperatura igoko luke, eta herritarren bizi kalitateari eragingo lioke.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA