Sortuk adierazi du askapen prozesua «egoera erabakigarri batean» dagoela

Gudari Egunean, alderdi subiranistak 60 ekitaldi baino gehiago egin ditu. Jarkik, Ziburun, 'gudari' hitzaren garrantziaz jardun du, eta EHKSk adierazi du «konpromiso erabatekoa» duela autodeterminazioarekin eta sozialismoarekin.

Xabi Iraola, gaur, Sortuk Bilbon egin duen ekitaldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Xabi Iraola, gaur, Sortuk Bilbon egin duen ekitaldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko irailaren 27a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi ETAko militanteak erail zituztenetik 51 urte bete diren egunean, Euskal Herriaren autodeterminazioaren aldarria plazara atera dute hainbat mugimendu politikok. Sortuk ekitaldiak egin ditu 60 herri eta eskualdetan baino gehiagotan Loturak askatzera! lelopean; Jarkik Ziburun (Lapurdi) ospatu du Gudari Eguna; eta EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak adierazi du «konpromiso erabatekoa» duela autodeterminazioarekin eta sozialismoarekin.

Sortuk Bilbon antolatutako ekitaldian izan da Xabi Iraola koordinatzaile orokorra. Nahitaez, gogoan izan ditu Txiki eta Otaegi, eta «nazio askapen mugimendua Euskal Herriaren alde borrokan aritu den, ari den eta ariko den komunitatea» dela adierazi du.

Izan ere, Iraolak esan du «Espainiako estatuan egun errotuta dagoen faxismoaren jatorria» frankismoan eta «ustezko» trantsizioan dagoela: «Duela 51 urte erailketa horien bidez argi utzi nahi izan zuten iruzur hutsa izan zen trantsizioaren mugak zeintzuk ziren. Frankismoaren oinordekoa den faxismoa berria ez da Euskal Herritik pasatuko».

Sorturen iritziz, askapen prozesua garai erabakigarri batean dago, eta, ekitaldian zehar, «78ko erregimenean lotuta gelditu ziren korapiloak» askatzeko aukera dagoela azpimarratu dute. Bidegurutze horren harira, Iraolak esan du Euskal Herria «garaiak eskatzen duen mailan» egongo dela, eta bidegurutzea argi deskribatu du: «Jokoan dagoena ez da zein koloretako gobernua osatuko den Madrilen. Jokoan dagoena da ea Euskal Herriko herritarren eta gure herriaren eskubide nazionalak eta sozialak errespetatuko diren, edo, kontrara, ea herritarron eta herrion eskubideetan atzerakada ekarriko duen aro bat zabalduko den».

«Bloke erreakzionarioari ateak ixtea da ezker independentismoaren egitekorik behinena»

XABI IRAOLASortuko koordinatzaile orokorra

Azpimarratu du PP eta Vox bloke bakar bat direla, eta biek dutela helburu «gehiengo plurinazionala eta aukera leihoa posible egin duten baldintzak amaiaraztea». Horregatik, berretsi du datorren hauteskunde zikloan, Ipar zein Hego Euskal Herrian, «bloke erreakzionarioari ateak ixtea» izango dela «ezker independentismoaren egitekorik behinena».

EAJk Alderdi Eguna ospatu du gaur, eta Iraolak, hori ospatzea ondo dagoela esan duen arren, egin beharreko bidea herri bezala egin behar dela iradoki die jeltzaleei: «Egun horien biharamunean, atzo bezala bihar, herri bat izango dugu eraikitzeko. Eta hori ezin du alderdi batek edo sigla batek bere kabuz egin».

Iraolaren iritziz, Euskal Herria «potentzial politiko izugarria duen agertokia» da, eta esan du horren erakusle direla Euskal Herriko politikagintzan erdigunean diren zenbait gai eta aldarri, hala nola nazio aitortza, erabakitze eskubidea, burujabetza gehiagoren aldarria eta antifaxismoa. Euskal Herria joera globaletatik salbu ez dagoela aitortu du, baina, aldi berean, «salbuespen moduko bat» ere badela hamarkadetako lanari eta borrokari esker.

'Gudari' hitzaren balioaz

Ziburun, Jarkik aldarrikatu du Gudari Eguna «Euskal Herria oinperatzen duten Frantziako eta Espainiako estatuek Euskal Herriko langileon memoriatik erauzi nahi duten eguna» dela, «beste batzuek, interes politikoak zein zapaltzen gaituztenoi otzantasuna erakustean hobariak lortu ditzaketela sinetsita, etengabeko desitxuraketan murgildu duten data».

Jarkiren ekitaldia, gaur, Ziburun. JARKI
Jarkiren ekitaldia, gaur, Ziburun. JARKI

Hala, zeharka, Sortuk irailaren 27ari Gudari Eguna ez deitzearen erabakiaz jardun dira Jarkiko ordezkariak hitzaldian: «Ez da harritzekoa. Euskal Herri langilea ukazioaz nekatuta, azpiratzeaz eta jazarpenaz nazkatuta, Euskal Herriaren asimilazio egoera iraultzeko jarkitzen hasten denean agertzen den hitza da gudaria. Etsaiak inposatutako pentsamoldearekin apurtu, euren marko zein arauak gainditu eta askapen borroka hitzetatik ekintzetara igarotzerakoan gorputza hartzen duen figura da gudariena. Ezinezkoa da gudari hitza irailaren 27tik erauztea. Ezin dugu irailaren 27a gudarien borroka barik ulertu».

Jarkiren ustetan, Euskal Herriko kontakizunaren idazketa ez dute «hura ukatzen eta azpiratzen dutenek eta jazartzen diotenek egingo, argi edukita, gainera, horiek, hitzek balioa galtzen dutenean, armen eta biolentziaren monopolioa izango dutela beti azken defentsa lerro eta gotorleku». 

«Ezinezkoa da 'gudari' hitza irailaren 27tik erauztea. Ezin dugu irailaren 27a gudarien borroka barik ulertu»

JARKI

Antolakundearen iritziz, «etsaiek» gertu ikusten dute «Euskal Herriaren desagerpenaren ortzi muga», eta oldarraldi beteari ekin diote: «Paretak estaltzen ari dira. Kaleak mututzen. Ideiak kriminalizatzen. Euskal Herri langilearen alienazioa baliatzen, asimilazioa areagotu eta bai Frantziako, bai Espainiako ikurren presentzia normalizatu eta geure egiteko».

Beraz, Jarkiren aburuz, «hor datza Euskal Herriko zapalduok, ahaztuok, hartu beharreko erabakia: inposizioa onartu, geure egin eta desagertzea; edo antolatu, etsaia konfrontatu eta kontrabotereraren eraikuntzaren bitartez Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoaren egikaritzea ahalbidetu behar duen alternatiba iraultzailea gorpuztea».

Hainbat belaunalditako borrokak

EHKSk, berriz, adierazi du «borrokaren lekukoa» belaunaldiz belaunaldi pasatuko dela «Euskal Herriaren nazio zapalkuntzak eta klase menderakuntzak» irauten duten bitartean: «Autodeterminazioa ukatzen digute. Langileon interesen araberako estatu propio bat egituratzea, Euskal Estatu Sozialista eraikitzea, ezinezkoa da estatu kapitalistei lotuta segituz gero». «Kartzeletan gatibu segitzen dutenen amnistia» ere exijitu du EHKSk.

Gaur egungoak garai ilunak dira kontseiluaren iritziz, «eta ortzi muga ez da hobea»: «Faxismoa horretara dator: langileon eskubideak deuseztatzera, estatuek abiatutako autoritarismoari segida ematera eta prozesu hori azkartzera». Norabide horretan, esan dute «faxismo espainola eta frantsesa euskararen etsai borrokatuak» direla, eta kolokan daudela eskubide sozial eta politikoak, tartean euskara bera.

«Langileon interesen araberako estatu propio bat egituratzea, Euskal Estatu Sozialista eraikitzea, ezinezkoa da estatu kapitalistei lotuta segituz gero»

EUSKAL HERRIKO KONTSEILU SOZIALISTA

EHKSk ez du faxismoari aliantzen bidez aurre egiteko asmorik, ezta egungo gobernuen bidez ere. «PSOE aski ezaguna da eta Macron ez da hobea. Biak ala biak estatu alderdiak dira, kapitalismoaren eta estatu egituren defentsa egiten dute», adierazi dute, eta horren adibidetzat jo du faxistak inpunitate osoz aritzen diren bitartean antifaxistak zigortu izana.

Azkenik, EHKSk iritzi dio Euskal Herrian antifaxismoa indartsu egotearen arrazoia hainbat belaunaldik aurrera eramandako borrokak direla, eta helburutzat hartu ditu, besteak beste, iraganetik ikastea eta irakaspenak ateratzea, eta egungo baldintzetara eta indar harremanetara egokitutako mugimendu iraultzaile eta komunista egituratzea: «Horretan dihardugu eta konpromiso erabatekoa daukagu autodeterminazioarekin eta sozialismoarekin».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA