Azken ikasturtea dute aurten Iraleko murgiltze ikastaroek. Irakasleak euskalduntzeko edo alfabetatzeko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren programaren barruan, 40 urtean baino gehiagoan eskaini dizkiete irakasleei liberatuta euskara eta euskal kultura ikasteko murgiltze ikastaroak, baina halakorik ez da izango aurrerantzean. Hori salatzeko, Steilasek, LABek eta ELAk deituta, eskola publikoetako «ehunka irakaslek» mobilizazioak egin dituzte gaur eskola atarietan. Gainera, sindikatuek gogorarazi dute 6.500 sinadura bilduta dauzkatela, Iraleko murgiltze ikastaroak bertan behera ez uztea eskatzeko.Â
«Agerikoa da irakasleak ez daudela ados Hezkuntza Sailak Iraleko R ikastaroak bertan behera uzteko hartutako erabakiarekin». Aitzitik, sindikatuek ohar bateratu batean aldarrikatu dutenez,  ikastaro hauek «beharrezkotzat» jotzen dituzte irakasleek: «Mantentzearen alde daude».
Ezinegona azaltzeaz gain, «eskaera zehatzak» egin dizkiote Hezkuntza Sailari. Bat: irakasleentzako euskarazko murgiltze ikastaroei eustea, «langileen ordezkarien gehiengoarekin murgiltze ikastaroen diagnostikoa, indartzea eta dimentsionamendua adostu bitartean». Bi: euskaran eta euskal kulturan ardaztutako formakuntzarako beharra aitortzea eta ikastaroak ez mugatzea ikastetxeetako «mikroformakuntzetara». Hiru: murgiltze bidezko formakuntzaren irismena eta eragina hobetzeko neurriak langileen ordezkariekin jorratzea eta adostea. Lau: gutxienez orain arteko baliabideei eta inbertsioari eustea. Eta bost: euskaran ardaztutako formakuntza «gaur egungo beharretara» egokitzea eta formakuntza indartzea, sindikatuekin negoziatuta.
Sindikatuen esanetan, euskaran eta euskal kulturan ardaztutako irakasleentzako prestakuntza funtsezkoa da euskararen ezagutza eta erabilera bermatzeko eta euskal hiztun osoak hezteko. «Neurri eta baliabide berriak behar dira, baina horiek ezin dituzte daudenak ordezkatu, baizik eta daudenak osatu eta indartu behar dira».