Iraleko murgiltze ikastaroak bertan behera ez uzteko eskeak 6.500 atxikimendu jaso ditu

Steilas, LAB eta ELA sindikatuek nabarmendu dute hamar egunean lortu dituztela eskabidearen aldeko sinadura guztiak, eta esan dute horrek argi uzten duela irakasleentzat «beharrezkoak» direla ikastaroak. Hilaren 14an mobilizazio gehiago egingo dituzte.

Sindikatuen protesta, gaur, Bilbon. LAB SINDIKATUAK UTZITAKOA
Sindikatuen protesta, gaur, Bilbon. LAB SINDIKATUAK UTZITAKOA
arantxa iraola
2026ko maiatzaren 5a
13:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Apirilaren 21ean hasi zuten Steilas, LAB eta ELA sindikatuek ekinbidea: sinadura bilketa bat abiatu zuten eskatzeko Iraleko murgiltze ikastaroak ez ditzatela bertan behera utzi. Ikastaro horiek iragan hamarraldietan giltzarri izan dira irakasleak euskararen eta euskal kulturaren inguruan trebatzeko, eta kezka agerikoa da Jaurlaritzak horiek gehiago egiteko asmorik ez duela eta. Sindikatuen arabera, orokortua da, gainera, erabakiaren gaineko ezinegona: gaur jakinarazi dutenez, 6.500 atxikimendu baino gehiago lortu dituzte ikastaroak egiten jarraitzeko eskakizunaren alde. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren Bilboko Ordezkaritzan elkarretaratze bat egin dute sindikatuek, eskaria gogora ekartzeko. Hantxe iragarri dute, halaber, hilaren 14an ikastetxeetan mobilizazioak egingo dituztela eskari honen alde egiten jarraitzeko.

Sindikatuek esan dute sinadura bilketak izan duen atxikimendu zabalak argi uzten duela irakasleentzat «beharrezkoak» direla ikastaro horiek. Hezkuntza Sailak hainbatetan esana du, ordea, atzean utzi beharrekoak direla. Orain, ikasleengan eta ikastetxeetan arreta jarrita landu nahi du euskara, eta euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuak izango du jardun horren ardura. Institutu horretako zuzendari Josune Zabalak agerraldia egin zuen martxoaren 30ean Eusko Legebiltzarrean, eta han esplikatu zuen eredu berri baten inguruan ari direla lanean. «Irakasleari eta haren prestakuntza indibidualari begira jardutetik, klaustroari begira jarri gatzaizkio; taldeari begira, zuzendariei begira», azaldu zuen.

«Ordezkatu» gabe

Sindikatuen arabera, ordea, bide hori ezin da egin murgiltze ikastaroak bertan behera utzita. Langileen ordezkarien gehiengoarekin ikastaroen gaineko «diagnostikoa, indartzea eta dimentsionamendua» adostu behar direla esan dute, eta «bitartean» mantendu egin behar direla ikastaroak orain arteko ereduan. Duten kezka da datorren ikasturtetik aurrera ikastaroak hezkuntza zentroetan bertan egingo diren «mikroformakuntzak» izango direla, eta pentsatzen dute halako estrategia batekin ez dela aski egun dauden premiei erantzuteko. «Neurri eta baliabide berriak» behar direla uste dute sindikatuek ere, baina irizten diote horiek ezin dituztela «ordezkatu» orain daudenak. Kontrara, orain dauden baliabideak «osatzera eta indartzera» egin behar dela uste dute. 

Salatu dute murgiltze ikastaroak bertan behera uzteko erabakia «gardentasunik gabe eta alde bakarrez» hartu duela Jaurlaritzak, eta sindikatuak ez dituela kontuan hartu. Gogora ekarri dute, ordea, irakasleak hezkuntza sistemaren lorpenen «eragile nagusiak» direnez, ezinbestekoa dela hartzen diren erabakietan langileen ordezkarien iritzia ere kontuan hartzea. 

Larunbat honetan, hiru sindikatuek deituta, Bilbon manifestazioa egingo da euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidearen alde, eta parte hartzera deitu dituzte hezkuntzako langile guztiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA