Billabesetako langile batzordeak ohartarazi du protestak gogortuko dituela akordiorik lortu ezean

Langile batzordeak datorren astean eginen duen negoziazio bileran parte hartzeko eskatu dio TCC Moventis enpresari. Etzi kontzentrazioa eginen dute Iruñerriko Mankomunitatearen aitzinean.

TCC enpresako langile batzordeko kideak gaur goizean egin duten prentsaurrekoan, Iruñean. AITOR KARASATORRE / BERRIA
TCC enpresako langile batzordeko kideak gaur goizean egin duten prentsaurrekoan, Iruñean. AITOR KARASATORRE / BERRIA
Ane Etxandi.
Iruñea
2025eko irailaren 10a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Billabesetako langileek grebak hasi dituzte berriz ere. Baztertu egin zuten hilaren hasieran TCC Moventis enpresak bidalitako proposamena. Orain arteko formatuari eutsi diote, eta 06:00etatik 08:30era eginen dituzte lanuzteak datozen bi asteetan: astelehenean, asteazkenean eta ostiralean. Langile batzordeak datorren astean eginen duen negoziazio bileran parte hartzeko eskatu dio enpresari, ados jartzeko asmoz. Batzordeak ohartarazi duenez, negoziazioan aurrerapenik ez bada, protestak gogortuko ditu, eta ez du baztertzen greba mugagabea abiatzea. Horixe egin zuten sanferminetan. Etzi kontzentrazioa eginen dute, 10:00etan, Iruñerriko Mankomunitatearen egoitzaren aitzinean.

Gaur goizean egindako prentsaurrekoan TCC Moventiseko langile batzordeak adierazi du atzoko grebak %93ko oihartzuna izan zuela linea finkoetan eta %45ekoa errefortzukoetan. Bihar ere greba eginen dute. «Datu horiek erakusten dute langileak batuta daudela oraindik, eta enpresak behin-behineko langileak erabili dituela errefortzu horiek egiteko», adierazi du Laura Molinak, komitearen bozeramaileak. Enpresaren estrategia aldaketa salatu du; izan ere, haien esanetan, zerbitzu minimoetarako baino errefortzu gehiago baliatzen ari da orain, eta langile «zaurgarriak» erabiltzen ari da horretarako.

«Gaur-gaurkoz, enpresak ez du aurkeztu gure lan baldintzetan benetako aurrerapena ekarriko duen proposamenik», adierazi du Molinak. Gogora ekarri du uztailaren 1ean egindako erreferendumean langileen %78k babestu zutela greba egiten jarraitzea. Bozketa bidez, langileek baztertu egin zuten enpresak, Nafarroako Lan Epaitegiaren bitartekaritzaren bitartez, uztailaren 4an egindako proposamena. Baztertu egin zuten geroago egindako beste proposamen bat ere —ez zuten bozkatu ere egin—, aurrekoaren «ia berdina» zela eta.

Zortzi hilabeteko protesta

Otsailetik ari dira billabesetako langileak lan baldintza hobeen alde borrokan. Lanuzte partzialak egin zituzten lehenengo hilabeteetan, eta uztailaren lehen hamabostaldian greba mugagabea egin zuten. Sanferminek iraun bitartean %70eko gutxieneko zerbitzuekin aritu ziren, eta uztailaren 14an greba etetea erabaki zuten. Orain ekin diete berriz ere protestei, eta gogora ekarri dituzte euren eskaerak.

Azpimarratu dute eskaerak ez direla arlo ekonomikoari buruzkoak soilik: «Gure eskariak, batez ere, langile guztiei eragiten dieten izaera sozialeko neurrietan oinarritzen dira». Besteak beste, zera eskatzen dute: lanaldi erregularrak eta atsedenaldi egokiak, lanaldiaren benetako kontrola eta lan koadranteen hobekuntzak. Gainera, salatu dute azken proposamenak 0,7 euroko plusa eskaintzen ziela gauean lan egiteagatik, eta jaiegunak 7,20 eurotik 9 eurora igo dizkietela.

Horrez gain, komiteak tamalgarritzat jo du langileentzako komunak orain jarri izana: «Hiriko garraio zerbitzuak 50 urte baino gehiago daramatza martxan, eta orain arte billabesetako langileek ahal genuen bezala moldatu behar izan dugu».

Adierazi dute haiek inork baino gehiago nahi dutela greba amaitzea: «Gure nahia gatazka hau amaitzea da, gure helburuak lortzea eta enpresara bakea itzultzea». Baina argi utzi dute ez dutela edozein proposamen onartuko, eta baldintzak nabarmen hobetuko dituen proposamenak baino ez dituztela aintzat hartuko.

Enpresari negoziazio bileran parte hartzea eskatu diete, eta Nafarroako Gobernuari eta Iruñerriko Mankomunitateari bitartekari izateko, haien esanetan, haiek ere badutelako erantzukizuna gatazkan.

Horrekin batera, David Campion Iruñerriko Mankomunitateko presidenteak atzo egindako adierazpen batzuk ere gaitzetsi dituzte. «Campion jaunari galdetzen diogu zer zilegitasun duen batzorde honek hartzen dituen erabakiak zalantzan jartzeko», adierazi du Molinak. Gainera, oso larritzat jo dute langileei leporatzea akordio bat ez sinatzeak ekar ditzakeen ondorioen erantzukizuna: «Langileok eskubide osoa dugu gure lan baldintzen alde borrokatzeko dugun tresna bakarra erabiltzeko, greba egiteko, alegia».

Kontrara, Iruñerriko bizilagunei eskertu egin diete adierazitako babesa, eta «aurrera jarraitzeko indarra» eman dietela adierazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.