Topo berria bihar goizetik martxan izango da

Geltoki berriak izango ditu Kontxa-Erdialdean eta Bentaberrin, eta metro baten maiztasuna izango du Añorga eta Pasaia artean.

Amarako geltokia, ireki aurretik. JON URBE / FOKU
Amarako geltokia, ireki aurretik. JON URBE / FOKU
Julen Ugartemendia Carcedo
Donostia
2026ko azaroaren 20a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larunbat goizeko 6:45an, Lasarte-Oriatik irtendako tren bat Bentaberriko geltoki berrian geratuko da; hiru minutu geroago, Kontxa-Erdialdera helduko da eta handik jarraituko du bere bidea, Hendaiaraino. 6:49an, Pasaiatik abiatutako tren batekin gurutzatuko da. Lurpeko pasabide berrian ibiliko diren lehen trenak izango dira, baina haien ondoren joan-etorria etengabea izango da Donostian eta haren inguruko herrietan, Topo zaharrak metro baten tankera hartzeraino. Eremu horretan inoiz egin duten herrilan publiko handienetako bat da, eta ez da lan erraza izan; 2017an hasi zituzten obrak, eta atzerapenak, gainkostuak eta bizilagunen kexak ugariak izan dira.

ETS Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoa arduratu da lurpeko pasabide berria egiteaz. 4,2 kilometro luze da, eta bidaiariek zazpi minututan zeharkatuko dute. Horren bitartez,  Topoak ibilbide jarraitua egingo du Donostiatik igarotzen denean; izan ere, Amarako geltokiko zokogunea desagerraraziko dute, eta trenek ez dute estazio horretan gelditu eta itxaron beharko Lasarte-Oriarako eta Bilborako bidea hartzeko, gaur egun egiten duten moduan. 

2017tik garatu duten proiektuak zenbait aldaketa dakartza, eta Euskotreneko bidaiariek adi egon beharko dute trena hartzerakoan. Donostian eta Pasaian du eragina aldaketetako batek; izan ere, aurrerantzean Pasaia eta Anoeta arteko sei geltokietan trenen zirkulazio nasa aldatuko dute, eta ezkerretik ibiliko dira, gainontzeko trenen modura. Otsailean egin zuten aldaketa Hendaiako (Lapurdi) eta Galtzarabordako (Errenteria, Gipuzkoa) geltokien artean. Nasak aldatzea beharrezkoa da Zumaia (Gipuzkoa) eta Pasaia arteko trenbide lotura egiteko.

Horrez gain, Euskotrenek aldatu egin ditu Gipuzkoako lineen izenak. Hiru hauek izango dira bihartik aurrera: E1 linea, Bilbotik edo Zumaiatik atera eta Pasaiara arte iristen dena; T0,  Añorga eta Pasaia artekoa; eta T1, Lasarte-Oriatik Irunera edo Hendaiara doana. Ordutegi berriak Euskotrenen webgunean kontsulta daitezke.

Hasiera batean, geltoki berrietan ez da telefono eta Internet estaldurarik izango, baina aurki izango dela aurreratu du Euskotrenek.

Obraren arduradun politiko nagusia, Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburua, harro agertu da trenbide berrituarekin. «Gipuzkoan iraultza ekarriko du. Topoarena lurraldean azken hamarkadetan eginiko inbertsio publiko handienetako bat da», nabarmendu dio BERRIAri, idatziz. Jaurlaritzak egindako kalkuluen arabera, gaur egun urtean 2,8 milioi bidaiari igarotzen dira Amarako geltokitik, baina datozen urteetan zazpi milioi bidaiari inguru izango dira Donostiako hiru geltoki berrien artean. 

«Topoarena Gipuzkoan azken hamarkadetan eginiko inbertsio publiko handienetako bat da»

SUSANA GARCIA CHUECA Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburua

Azpiegitura berria Eusko Jaurlaritzak finantzatu du osorik, baina Donostiako Udala «erabat inplikatuta» egon dela gogorarazi du hiriko Mugikortasun zinegotziak, Olatz Iartzak: «Trenak Donostiari eta Donostialdeari emango dion zerbitzuak onura imajinaezina ekarriko du».

Hamazazpi urte

Donostiako erdigunearen azpian lurpeko pasabide bat egiteaz 2009ko uztailean hitz egin zuen lehen aldiz PSE-EE alderdiak. «Donostia aldeko metroa» sustatzen hasi ziren metro garai hartako alkate Odon Elorza soziaiista eta haren bi alderdikide, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak eta Ernesto Gasco Garraio sailburuordeak. EAJ ez zen proiektu horren alde agertu, eta Garraio saila alderdi horren eskuetara igaro zenean, metroaren proiektua geldiarazi zuen Iñigo Urkulluren lehen gobernuak, 2013ko otsailean. 

Baina 2013ko amaieran aldaketa bat izan zen. «Azaroan, EAJk gobernu ituna behar zuen aurrekontuak onartzeko, eta PSE-EErekin adostu zuten. Eta orduan metroaren pasabidea bultzatzen hasi ziren», azaldu du Mikel Alvarezek, lan hori salatzeko sortutako Satorralaia elkarteko bozeramailea. 

«Hau ez da metro bat. Trenak metroaren maiztasunak izango ditu, baina berez Topoaren jarraipena da»

OLATZ IARTZA Donostiako Udaleko Mugikortasuneko, Garraio Jasangarriko eta Turismoko zinegotzia

Jarrera aldatu izana justifikatu du Iartzak, haren iritziz, PSE-EEk bultzatutako proiektuak eta gaur egungoak ez dutelako zerikusirik: «Hau ez da metro bat. Trenak metroaren maiztasunak izango ditu, baina berez Topoaren jarraipena da». Alvarezek, aldiz, esan du proiektuaren dokumentazio tekniko guztia aztertzean Donostialdeko metroaz hitz egiten dela, eta uste du 2009an aurkeztutako proiektua eta gaur egun garatutakoa «oso antzekoak» direla.

Funtsean, Satorralaiako kideek uste dute lurpeko pasabide berria ez dela beharrezkoa. «Proiektuaren funtsezko helburua da bisitari eta kontsumitzaile gehiago eramatea erdigunera eta Kontxako hondartzara», esan du Alvarezek. Gainera, elkarteak salatu du baliabide publikoen «xahuketa itzela» izan dela. 2017an obrak hasi zituztenean aurrekontua 181,5 milioi eurokoa zen, eta Satorralaiak dio eraikuntza lanen kostua 340 milioikoa dela gaur egun. Kopuru hori 292 milioi eurora apaldu zuen Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakariak, aste honetan geltoki berrietara egindako bisitan. 

Bentaberriko geltoki berria.
Bentaberriko geltoki berria. JOSEBA PARRON / IRUTXULOKO HITZA

Alvarezek uste du pasabidearen obrekin Donostiako eraikinen egonkortasuna arriskuan jarri dutela. 2020ko ekainean, Londres hotela eta beste bi eraikin hustu behar izan zituzten suhiltzaileek, Zubieta kaleko eraikin bateko sotoan zulo bat agertu zelako obren ondorioz. Horren ostean, tarte horretan tunelaren indusketa urte eta erdiz geldiarazi zuten, eta kontratua bertan behera utzi eta beste bat esleitu behar izan zuten. Beste bi zulo ere agertu ziren inguru horretan.

Arazo gehiago izan dira; besteak beste, ELA sindikatuak 2019an salatu zuen hemertzi orduko lanaldiak egiten zituztela langileek, eta aurtengo ekainean langile bat hil da Topoaren lanetan. 

Chuecak onartu du obrak egin diren bederatzi urteetan «egoera zailak» gertatu direla, baina ziurtatu du arazo horiek ezin zirela aurreikusi. «Mirakontxa inguruko lur karstikoak eragindako arazoa zorroztasun teknikoarekin konpondu du Eusko Trenbide Sareak. Eta erakunde horrek bere obra guztietan inguruko eraikinen jarraipen estua egiten du», ziurtatu du sailburuak. 

«Proiektuaren helburu nagusia da bisitari eta kontsumitzaile gehiago eramatea erdigunera eta Kontxako hondartzara»

MIKEL ALVAREZ Satorralaiako kidea

Satorralaiak protesta bat egingo du bihar eguerdian Easo plazan, proiektuaren aurkako desadostasuna adierazteko. Elkarteak salatu du Donostiako Udalak ez diola utzi plaza horretako kioskoa erabiltzen.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA