Gernikako Estatutuan jasota dauden beste bost eskumenen transferentzia eginez saihestu zuten jeltzaleek eta sozialistek duela hiru aste bi gobernu bazkideen arteko krisia. Soka muturreraino tenkatu zuten bi aldeek, ordea, eta agerian geratu zen elkar lotzen dituzten hariak zein hauskorrak diren. EAJk eta PSE-EEk elkarren arteko xextran jarraitzen badute ere, giroa baretu nahi izan du gaur Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburu sozialistak. Adierazi du falta diren eskumenak berandu baino lehen helduko direla, baina ohartarazi du estatutua osatzea ezin dela berriz tirabira bilakatu: «Autogobernua osatzea ez da sokatira bat».
Torresen arabera, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak elkarlanean jardun behar dute 1979ko estatutua osatzeko; «traineru berean» joan behar dute, eta elkarrekin arraun egin, haren aburuz «helmuga bera» dutelako biek ala biek: «Autogobernua osatzea eta zabaltzea». Bada, elkarlana eta leialtasun instituzionala galdegin ditu sailburuak Eusko Legebiltzarreko kontrolerako saioan: «Traineru bat orekatuta dago taldean lan egiten bada».
Torresek ez du ezkutatu zenbait transferentziaren inguruan iritzi kontrajarriak dituztenik. Aitortu du «irizpideetan desadostasunak» dituztela eta horiek gainditzeko «formula berriak» bilatu beharra ekar dezakeela horrek; esan duenez, baliteke ondorioz adostutako epeak gainditu eta eskualdaketa atzeratzea, azken bost transferentziekin gertatu zen moduan. Dena den, zehaztu du oztopo horiek «teknikoak» direla gehienetan, eta «oso gutxitan politikoak».
«Autogobernua handitzeak, ondo kudeatuz gero, ongizate askoz handiagoa ekarriko die herritarrei»
MIKEL TORRES Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburua
Horiek horrela, sailburuak eskatu du agindutako eskumenak iritsiko direla zalantzan ez jartzeko, nahiz eta ez den bete Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak presidente izendatua izatearen truke EAJrekin adostutakoa: estatutua 2025a amaitu aurretik osatzea. Traineru baten metafora erabili du horretarako ere: «Estatutua hilda dagoela esaten dutenen eta estatu iruzurra dela diotenen aldean, autogobernuan sinesten dugunok lanean jarraitzen dugu; eta inork ez dezala zalantza egin traineru hori helmugara iritsiko denik; iritsiko da, eta ongi, gainera».
Bere alderdiaren galdera bati erantzunez egin ditu adierazpenok Torresek. Izan ere, Ekain Rico legebiltzarkide sozialistak gogorarazi duen moduan, eurek zuzentzen dituzten sailek kudeatuko dituzte Jaurlaritzak urtarrilean jasotako bost eskumenetatik lau; tartean daude Gizarte Segurantzari lotutakoak. Torresek adierazi du garrantzitsua dela transferentzia horiek «zorroztasun eta segurtasun juridiko osoz» egin izana, eta erantsi du transferentzien azken helburua ongizatean haztea dela: «Autogobernua handitzeak, ondo kudeatuz gero, ongizate askoz handiagoa ekarriko die herritarrei».
Pazientzia, «mugan»
Antzera hitz egin du Pradalesek ere autogobernuari buruz. Sozialisten adierazpenei erantzun gabe, Voxi mintzatu zaio lehendakaria, eta adierazi du autogobernua «funtsezko erreminta» dela, besteak beste, alderdi horrek hauspotzen duen «zentralismo intoleranteari» aurre egiteko. «Funtsezko tresna izan da hondatuta zegoen herrialde bat eraikitzeko eta Europako herrialde aurreratuenen mailara eramateko», nabarmendu du.
Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hitzeman du lanean jarraituko duela autogobernua «hobetzeko eta zabaltzeko», nahiz eta aitortu duen «prozesu behar baino gorabeheratsuagoen ondorioz» zenbaitetan «desengainu» batzuk izan dituela, eta pazientzia «mugara» eraman diotela. Eta gainerako alderdi politikoei ere bide horretan laguntzeko deia egin die: «Herri gisa eta ikuspegi zabalarekin jarduteko garaia da».
«Desengainu batzuk izan ditugun arren, prozesua behar baino gorabeheratsuagoa izan den arren, eta gure pazientzia mugara eraman duten arren, lanean jarraituko dugu autogobernu handiago eta hobeago baten alde»
IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Izan ere, Pradalesek kezka agertu du urte hasiera honetan oposizioko alderdiek izan duten jarreraren inguruan. Adierazi duenez, «zubiak eraikitzen baino, lubakiak zulatzen» hasi dute urtea batzuek. EH Bilduri begira, esan du nahiago dutela «demagogia eta manipulazioa» erabili beren iritzia legebiltzarrean azaldu baino. Hori ikusirik, politikagintzan gizalegez jarduteko dekalogoaren arabera aritzea eskatu du, «errespetuz eta arduraz».
Egungo jokalekuak hori eskatzen duela gogorarazi du, hain justu ere. Izan ere, azpimarratu du mundua egoera «nahasian» dela eta «Euskadik partida» nazioarteko taula horretan jokatu behar duela. Hori dela eta, urtarrilean «ateak zabaltzeko» egin dituen «nazioarteko lau egitasmoak» gogorarazi ditu Pradalesek. Horien artean sartu ditu Davosko Forora joan izana eta Sanchezekin bildu izana. Eta iragarri du datorren astean Europako eskualde industrialen ordezkarien bilkura bat egingo duela klusterrekin batera. Flandriarekin batera antolatuko du bilkura hori Jaurlaritzak.