Zer egin daiteke azken 25 urteetan Osakidetzan indarrean egon den sistema alde batera uzteko? Hori da SATSEk, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk beren buruari egin dioten galdera. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuarekin adostutako hitzarmen proposamen bat aurkeztu zuen iragan astean mahai sektorialean; proposamen horretan medikuei eta fakultatiboei begirako hainbat neurri aurreikusi zituzten. Horrek, baina, haserrea eragin zuen. Lehenik, beste sindikatuetako kideek mahai sektorialetik alde egin zuten. Eta, gaur, grebei eta manifestazioei ekingo dietela jakinarazi dute.
Gehiengo sindikala alde batera utzita hitzarmena negoziatu izanak eta Osakidetzako bestelako kolektibo guztiak aintzat hartu ez izanak hautsak harrotu ditu. Horiek horrela, udazkenean manifestazioak eta grebak egingo dituzte Osakidetzako kolektibo guztietako profesionalek. Horien berri emateko egin dute agerraldia SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Ez dute aurreratu zehazki zer egunetan izango diren; hala ere, ez diote atea itxi greba mugagabea egiteari.
ELAko bozeramaile Esther Saavedrak azpimarratu duenez, iragan astean adostutako akordioak «ez die aurre egiten euskal osasun sistema publikoaren egiturazko erronkei». Izan ere, medikuen eta fakultatiboen kexa nagusietako bi «nekea eta kontziliaziorako ezintasuna» zirela nabarmendu du, eta Osasun Sailarekin adostutako planak ez diela horiei «benetako» irtenbiderik ematen: «Akordio horren bidez, langileek garestiago salduko dute beren atsedena, besterik gabe».
«Osakidetzaren beste eredu bat defendatu behar dugu: publikoa, indartsua, eskuragarria, eta elkarrizketaren, negoziazio kolektiboaren eta kolektibo guztien arteko tratu berdintasunaren bidez eraikia»
AMAIA MAYOR SATSE sindikatuko bozeramailea
Sindikatuek nabarmendu dute azken hitzarmen sektoriala duela hamazazpi urte sinatu zutela, eta hartatik egoerak okerrera egin duela. Horri konponbidea emateko hiru eskakizun plazaratu dizkio Osasun Sailari SATSEko bozeramaile Amaia Mayorrek —hura ibili da Saavedrarekin batera bost sindikatuen bozeramaile gisa—: akordio arautzailea osorik eguneratzea, euskal osasun sistema publikoa hobetzeko azterlan bat egitea eta negoziazio kolektiboa errespetatzea.
Akordio sektorialaren garrantzia azpimarratu dute bost sindikatuek. «Kolektibo guztien arteko tratu berdintasunean oinarritutako» sistema bat babestu behar dela adierazi dute, eta iritzi diote SMEk Lakuarekin adostutakoak ez duela hori betetzen. «Osakidetzaren beste eredu bat defendatu behar dugu: publikoa, indartsua, eskuragarria, eta elkarrizketaren, negoziazio kolektiboaren eta kolektibo guztien arteko tratu berdintasunaren bidez eraikia», adierazi du Mayorrek. Horiek horrela, Osakidetzari eskatu dio negoziazio prozesu bat ireki dezan helburu horiek ardatz hartuta.
Azterlana «ezinbesteko»
Osakidetzaren egungo egoeraren zein datozen urteei begira aurreikus daitekeenaren inguruko azterketa bat egitea «ezinbestekoa» dela uste dute sindikatuek. Haien aburuz, horrek sistema hobetzeko modua emango du, «lantaldearen premiak» zein diren erakutsiko baitu. Azterlan hori baliagarria izango da lan kargak ebaluatzeko, ordezkapenak nola bermatu aztertzeko, belaunaldien arteko erreleboa zein izango den identifikatzeko, lan osasuna nola sustatu jakiteko eta herritarrei kalitatezko arta nola eman jakiteko. Eta ebaluazio horretan lortutako emaitzak aintzat hartuta, osasun sistema publikoa berregituratzeko eskatu diote Jaurlaritzari.
Bere horretan segituz gero, sindikatuek ohartarazi dute litekeena dela medikuek eta fakultatiboek salatu dituzten arazoak beste zenbait kolektiboren kexa bihurtzea. Mayorrek medikuez haragoko zenbait profesionalen egoera jarri du adibide gisa: «Emaginei dagokienez, ohartzen hasi gara nola ari diren haien lanorduetatik kanpo ere lanean, hori baita zerbitzua bermatzeko era bakarra».
«[Guk negoziatzeko] Langile guztien lan baldintzak aintzat hartzen dituen hitzarmen proposamen bat aurkeztu beharko du Osasun Sailak»
ESTHER SAAVEDRA ELA sindikatuko bozeramailea
Eta medikuekin jokatu duen bezala ez jarduteko eskatu dio Osakidetzari. Horregatik, «sistema betikotzen» duten akordioak alde batera utzi eta aldaketa sakonak proposatzeko eskatu dio. Sindikatuek iritzi diote beharbada lantaldea handitzea dela gakoa. «Deskantsurako eskubideak eragiten duen hutsunea aparteko orduekin estali nahi du Jaurlaritzak. Baina hori askoz garestiagoa da langile gehiago kontratatzea baino», azaldu du Mayorrek.
Irailean izango da mahai sektorialaren hurrengo bilera, eta, manifestazio eta greba egunen berri eman duten arren, SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek jakinarazi dute bertaratuko direla. «Gu beti gaude prest hitz egin eta negoziatzeko. Horretarako, baina, langile guztien lan baldintzak aintzat hartzen dituen hitzarmen proposamen bat aurkeztu beharko du Osasun Sailak», adierazi du Saavedrak. Horiek horrela, medikuen sindikatuarekin izan duten prestutasuna Osakidetzako beste sindikatuekin ere adierazteko eskatu diote. «Erakutsi dute nahi izanez gero gatazkak azkar konpondu ahal dituztela».
ESK SINdikatuak bat egingo du mobilizazioekin
SATSE, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuekin batera agerraldian egon ez den arren, bost sindikatu horiek egindako eskaerekin bat datorrela jakinarazi du ESK sindikatuak. Horiek horrela, udazkenean egingo dituzten mobilizazio eta greba egunekin bat egingo duela jakinarazi du.