Udaltzainen tiro praktiken auzia azaroaren 29ko bozen kanpainaurrean iritsi da, eta bete-betean baliatu du notizia EGIk. Txio batean, guardia zibil jantzi ditu EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegi —Polizia hark torturatu zuen— eta koalizioaren Kongresuko eledun Mertxe Aizpurua, eta honela gehitu: «Azkenean ezagutu dugu EH Bilduren eredu poliziala; Guardia Zibil espainiarra!».
Azkenean ezagutu dugu @ehbildu-ren eredu poliziala; Guardia Zibil espainiarra!đŸ’ƒ Berriz ere Guardia Zibilaren eskuetan... https://t.co/XRvno5jzov
— Euzko Gaztedi - EGI Gipuzkoa (@egigipuzkoa) November 3, 2026
Udaltzainek Guardia Zibilaren formakuntza jasotzeak duen karga politiko eta sinbolikotik harago, EGIren txioak bat egiten du, hein batean, EAJk azken aste hauetan koalizio subiranistari leporatu dionarekin; Euskal Herrira eta bertako interesetara begira aritu beharrean Espainiako blokeen politikan zentratuta aritzea —zer eta Poliziarena bezalako auzi batean—. «Harrigarria da EH Bildu nola sartu den erabat Espainiaren kontakizunean, alde batera kokaturik», adierazi zuen Eneko Goia diputatugaiak egunkari honek egindako elkarrizketa batean.
Zer esan nahi den eta esandakoa nola esaten den, baina, bi gauza ezberdin dira. Hilabete batzuk atzera eginda, EAJk «errespetu faltatzat» eta «lotsagarritzat» jo zuen PSE-EEk bere sare sozialetan Aitor Esteban EBBko presidentea, traje eta guzti, igerileku batera bota izana antzeko argazki muntaketa batekin; Moncloako ordezkari batekin zuen bilera bat ere bertan behera utzi zuen horregatik. Eta ugari izan dira Espainiako politikaren ajeak Euskal Herrian ez errepikatzearen aldeko mezuak ere. Bitartean, PP eta Vox buru-belarri ari dira adimen artifizialarekin sortutako irudi eta bideoen bitartez Sanchez eta ingurukoak barregarri uzteko asmotan. Hemen ere ikusi dira halakoak kontu anonimoetan, baina finkatu egingo da joera hori?