UPNk lege proposamen bat aurkeztu du Espainiako Konstituzioko laugarren xedapen iragankorra ezabatzeko

Erregionalistek proposatu dute Nafarroako Parlamentuak Konstituzioa aldatzeko eskaera egitea Espainiako Kongresuari. UPNk azken asteetan norabide berean egindako hirugarren saiakera da.

Ibarrola, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Ibarrola, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Iosu Alberdi.
2026ko martxoaren 25a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Konstituzioko laugarren xedapen iragankorra Nafarroako agenda politikoaren erdigunean kokatu nahi du UPNk: Konstituzioaren erreforma proposamen bat baliatu du hura indargabetzeko eskaera Espainiako Kongresura eramateko, Nafarroako Parlamentuan adierazpen instituzional bat bultzatu nahi izan du —lortu ez badu ere—, eta gaur jakinarazi du lege proposamen bat aurkeztu duela norabide berean. Erregionalistek auziaren inguruko posizio bat hartzera bultzatu nahi ditu alderdi guztiak; batez ere, PSN.

Xedapen iragankor horrek Nafarroa eta EAE batzeko aukera planteatzen du, eta horren aurka egin nahi du alderdi erregionalistak. Hala, lege proposamenaren funtzio bakarra litzateke xedapena indargabetzeko eskaera Espainiako Kongresuko Mahaiari helaraztea, ganbera hartan auzia tramitatu eta eztabaidatu dezaten.

Cristina Ibarrola UPNko presidentearen esanetan, xedapen iragankor hura «testuinguru historiko jakin batean» onartu zen, baina egun ez du «justifikazio juridiko eta politikorik». «Bere salbuespenezko izaerak ziurgabetasun instituzionala eragiten du, eta ez da bateragarria Nafarroako foru erregimenaren finkapenarekin».

Nafarroako Parlamentuan adierazpen instituzional bat onartzeko egindako saiakeran, baina, argi geratu zen UPNk ez duela erreforma bultzatzeko nahikoa boto. Adierazpen hura erregionalistek, PPk eta Voxek babestu zuten, eta kontra egin zuten EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak; PSN abstenitu egin zen.

Hain zuzen, UPNk parlamentuan duen eledun Javier Esparzak abstentzio hura baliatu zuen sozialisten kontra egiteko. «Alde ez bozkatzea xedapena ezabatzearen kontra egitea da», egotzi zien, eta kritikatu erabaki hark ez duela bat egiten PSNk historikoki izan duen jarrerarekin.

Eztabaida parlamentuko bilkurara eramanda, kexu horretan indar egiteko asmoa izan dezake UPNk. Izan ere, Ibarrolak gaur nabarmendu du «Nafarroan ordezkaritza duten alderdi guztiek» posizio bat hartu beharko dutela xedapen iragankorraren inguruan.

Ikusteko dago, ordea, zer erantzungo duten gainerako alderdiek. Duela bi aste, Geroa Baik UPNri gogoratu zion Foru Hobekuntza eguneratzearen inguruko batzorde bat dagoela martxan Nafarroako Parlamentuan, eta batzordeak izan beharko lukeela halako zerbait eztabaidatzeko lekua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!