Zazpi pertsona auzipetu dituzte urriaren 24ko Baionako mobilizazioen harira

Auzipetuetako biga jadanik epaituak dituzte: interes orokorreko lanak egitera kondenatu dituzte, eta manifestatzea debekatu diete, «bortizkeria» erabiltzeagatik «Poliziaren kontra». Beste pertsona bat gaur bertan epaitzekoa dute.

Baionan urriaren 24an izaniko mobilizazioa, suprefeturaren aitzinean. PATXI BELTZAIZ
Baionan urriaren 24an izaniko mobilizazioa, suprefeturaren aitzinean. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko urriaren 26a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larunbatean, urriaren 24an, 5.000 lagun inguruk protesta egin zuten Baionan, tren geltokitik abiaturik. Denera, hamar lagun atxilotu zituen Frantziako Poliziak, eta, Baionako auzitegiak jakinarazi duenez, horietarik zazpi auzipetu dituzte: interes orokorreko lanak egitera kondenatu dituzte biga, «bortizkeria» erabiltzeagatik «Poliziaren kontra». Manifestatzeko debekua ere ezarri diete.

Atxilotutako hamar lagunetatik hiru libre utzi dituzte azkenean, kargurik gabe eta aferei segidarik eman gabe, ikusirik nahiko elementurik ez zela hobenik identifikatzeko. Beste zazpiak, haatik, epaileen aitzinean pasatzen hasiak dira. Jadanik epaitutako biek, adibidez, egindakoak aitortu dituzte. Beste atxilotu batek ere halaxe eginen du: gaur arratsaldean epaitzekoa dute; beste bat ere epaituko dute gaur, baina haren kasuan ez dute zehaztu hobenik aitortu duenetz.

Beste bi lagun berantago epaituko dituzte, eta, anartean, manifestatzeko debekua ezarri diete haiei ere; egoera berean da zazpigarren atxilotua ere —hura adingabea da, gainera—.  

Baionako karriketan urriaren 17ko manifestazioan bezainbat jende ibili ziren larunbatean, bizitzaren garestitzearen kontra eta justizia sozialaren alde antolatu mobilizazioan. Protesta suprefeturaren eta herriko etxearen parera arribatzean, Frantziako Polizia herritarrei oldartu zitzaien, negar gasa eta gomazko pilotak erabiliz. Hamar lagun atxilotu eta bertze batzuk zauritu zituzten, Pirinio Atlantikoetako prefeturaren agiri baten arabera.

Aitzineko asteburuan jadanik, zortzi lagun atxilotu eta auzipetu zituzten Baionako mobilizazioen harira. Astelehenean bertan, aurrekari judizialik gabeko bi lagun epaitu zituzten; ostegunean beste lau. Azken bi atxilotuek epaiketaren gibelatzea galdegin zuten, eta, beraz, kartzelan sartu dituzte behin-behinean, auzi saioaren eguna iristen zaien arte.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA