«Zer egin dezakegu korapiloak askatuz joateko?»

Jon Mirena Landa eta Carlos Martin Beristain galdera horri erantzuten saiatu dira Argituz-ek antolatutako mahai inguruan. Han, bidelagun izan dituzte giza eskubideen eta memoriaren alorrean lanean ari diren eragile ugari.

Martin Beristain, Landa eta Gamiz, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Martin Beristain, Landa eta Gamiz, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iosu Alberdi.
Donostia
2026ko maiatzaren 22a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herrian gutxi izango dira memoriaren, biktimen eta egiaren auzia Jon Mirena Landa EHUren Unesco katedrako zuzendariak eta Carlos Martin Beristain psikologo eta ikertzaileak baino sakonago landu dutenak. Biak bildu zituen atzo Argituz elkarteak, Donostiako Pedro Arrupe aretoan, nor bere ikuspegitik hizlari aritzeko. Aurrean, baina, ez zituzten entzule hutsak; izan ere, gai horien inguruan buru-belarri lanean ari diren eragile ugariren topaleku ere izan zen hitzaldia. Eta, entzule horiek hitza hartzean, nahi argi bat plazaratu zen: bi adituek esanak egun martxan diren dinamiketan txertatzea. Izan ere, Argituz-eko kide Aintzane Gamizek hasieratik azaldu zuen zein zen jardunaldiaren asmoa: «Zer egin da? Nola egin da? Eta nola heldu geratzen denari? Non egon dira eta daude zailtasunak? Eta zer egin dezakegu korapiloak askatuz joateko?». Hau da, atzera soilik ez, aurrera ere begiratu nahi izan zuten.

Munduko zenbait txokotako gatazketako biktimekin egindako prozesuak izan zituen hizpide Carlos Martin Beristainek, eta bereziki nabarmendu zuen memoria lekuek zenbateko garrantzia duten egiaren, aitortzaren eta erreparazioaren aldeko borroka horretan, biktimentzat eta gizartearentzat duten funtzioagatik. Eta zera azpimarratu zuen: «Memoria leku bat ez da paraxutean iritsi eta jendearen buru gainera erortzen den zerbait. Prozesu baten parte izan behar du». Eta hor, ezinbestean, biktimek erdigunean egon behar dute.

Auzia Euskal Herrira ekarrita, hor dira, besteak beste, Gasteizko San Frantzisko eliza, La Cumbre jauregia, eta Martuteneko espetxea, zeina ixtear baitira. Lehen biak memoria leku izateko bidean dira, eta, hirugarrenari dagokionez, instituzioek jasoa dute eraikinaren parte bat gorde eta gauza bera egiteko eskaera. Nola iritsi horraino, ordea? Biktimek zer leku izan behar dute prozesu horietan? Nola bideratu erakunde publikoekin izan beharreko hartu-emana?

Galderen txandan, auzi horiei heldu zieten Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiko koordinatzaile Agus Hernanek eta San Frantzisko eliza memoria gune bilakatzeko batzorde teknikoko kide  Juan Ibarrondok. Biak ere kexu azaldu ziren biktimei ematen zaien rolagatik, baina baita erakunde publikoek jartzen dituzten zailtasunengatik ere. Adibidez, La Cumbre Espainiako Gobernuaren eskuetatik Donostiako Udalarenetara igarotzeko prozesu burokratiko luzea kritikatu zuen Hernanek, eta gogoratu horren eraginez biktimak «berriro biktimizatzen» direla. Ibarrondok, berriz, kezka azaldu zuen ikusita erakundeek zenbateko eragin ahalmena aitortu dieten biktimei Martxoaren 3ko sarraskia oroitzeko memoria gunea atontzeko prozesuan, eta kontuan hartuta leku hura «gauza berrien aktibatzaile eta mobilizatzaile» izateko nahiak zer oztopo topatzen dituen.

Biei emandako erantzunetan, Martin Beristainek nabarmendu zuen eztabaida politikoetatik ihes egin eta «nukleoa» lastotik bereizi behar dela: «Mahai gainean jarri behar da zein izango diren irizpideak». Batetik, adierazi zuen halako lekuen bi funtzioak —soziala eta biktimentzat duena— uztartu behar direla. Bestetik, «zailtasun praktikoei» aurre egiteko bideak topatzera deitu zuen: «Edukitzailearekin arazoak badaude, edukia landu behar da: proposamena prestatu, eskema egin, ea nola bideratu behar den aztertu. Burokraziaren erritmoari amore ematen badiozu, galduta zaude. Egin ezin direnean prestatu behar dira gauzak, oraindik ere egiteko baldintzarik ez dagoenean».

Bazterrean utzi beharrekoen artean, eztabaida politikoetan «pozoituta» dauden elementuak aipatu zituen Landak: «Hitz batzuez aritzen gara mamira ez jotzeko». Estatu indarkeriaren biktimak aitortzeko balorazio batzordearen jarduna jarri zuen adibide gisa: «Saiatzen gara korapiloak askatzen, zentzudun eztabaidak izateko pertsonez eta haiei arreta emateko moduez». Hala, Txiki eta Otaegiren inguruan sortutako eztabaida gogora ekarrita, galdetu zuen ea zertarako balio izan zuen hark. «Marjina sobera dago esateko diktaduran gizadiaren kontrako krimenak ahalbidetzeko patroi batzuk bazeudela estatuaren agenteen funtzionamenduan».

Gizarteratzea

Eta estatu indarkeriaren biktimak aitortzeko balorazio batzordearen lanari zukua ateratzeko asmoz, Pili Zabalak, GALek hildako Joxi Zabalaren arrebak, Landari berari galdetu zion ea zer egin daitekeen orain arte aitortutako 430 biktimen errekonozimenduan sakontzeko: «Zer egin dezakegu espediente horiekin guztiekin?».

Bada, batzordeak berak urtero Eusko Legebiltzarrean egiten duen agerraldian azaldu izan du haien jarduna gizarteratzeko urratsak behar direla, eta horixe adierazi zuen atzo Landak ere: «Sozializatu beharra dago, eta zailtasun handiak daude». Haren hitzetan, halako prozesu batek modua emango luke beste urrats batzuk egiteko, eta lagungarria izango litzateke oraindik eztabaida politikoan indar hartzen duten «korapiloak askatzeko» ere: «Egia batek beste egia batzuetara darama».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA