Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 892 milioi euroko aurrekontua izango du 2027an, gobernuak aurkeztu duen proiektuaren arabera. Iaz baino %5,4 gehiago da hori. Bingen Zupiria sailburuak adierazi duenez, gobernua sinetsita dago «behar diren aurrekontuak» direla, herritarren «segurtasuna, babesa eta askatasuna bermatu» ahal izateko. Sailak bereziki zibersegurtasuneko eta larrialdietako inbertsioak areagotuko ditu datorren urtean, segurtasunaren jokaleku berriari erantzuteko.
Zupiriak Eusko Legebiltzarrean aurrekontuak aurkezteko egindako agerraldian adierazi duenez, segurtasunaren jokalekua aldatu egin da azken urteetan eta gobernuak ezin dio horri «ezikusiarena» egin. Joan den astean Bilbon izandako istiluetan egin du azpimarra, eta adierazi du gertakariok «beldurra eta kezka» zabaldu zituztela. «Onartezintzat» jo du gertatutakoa, eta elkartasuna adierazi die dendariei eta herritarrei.
Aitortu du, «zorionez», oraingoz ez dela antzeko beste kasurik identifikatu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoako herri nahiz hirietan, Bilboko kasuaz gaindi. Baina erantsi du sare sozialen bidez antolatutako deialdiak «arreta handiz» jarraitu beharko direla aurrerantzean ere: «Seguruenerik honek badu zerikusia aurrerantzean eduki ditzakegun segurtasun sentsazioekin eta pertzepzioekin».
«Aurrekontu honen bidez askatasunean, gizarte kohesioan eta bizi kalitatean inbertitzen dugula uste dugu»
BINGEN ZUPIRIAÂ Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua
Nolanahi ere, beste erronka batzuk ere zerrendatu ditu: Espainiako tren istripua aipatu du, Munduko Kopako istiluak, indarkeria matxista kasuak, bero boladak eta baita lapurretak ere. Bada, azpimarratu du Jaurlaritzaren helburua horiei aurre egitea dela. Eta nabarmendu du, hain justu ere, aurrekontuak horretan lagundu behar duela: «Segurtasuna bizikidetzarako, aurrerapenerako eta euskal gizartearen konfiantzarako inbertsio estrategikoa da, eta aurrekontu honen bidez askatasunean, gizarte kohesioan eta bizi kalitatean inbertitzen dugula uste dugu».
Ibilgailuak eta ekipamenduak
2027ko aurrekontuei dagokienez, Ertzaintzako lantaldearen pertsonal gastuak ordaintzeko izango dira haren hiru laurdenak: 674,4 milioi guztira. Zupiriak esan du eutsi egiten diotela 2030erako 8.000 agente izateko helburuari, eta horretarako lan eskaintza publikoak egiteko baliabideak jasotzen dituela aurrekontuak. Horrez gain, jakinarazi du 28,2 milioi inbertituko dituztela Arkautiko akademia behar berrietara egokitzeko; erdia akademia berritzeko erabiliko da.
Ertzaintzaren baliabideak «modernizatzeko» bideratuko da beste diru sail handi bat: 142 milioi euro. Ia 95 milioi euro autoak eta ontziak erosteko; lau milioi eta erdi uniformeak berritzeko; eta milioi bat pasa babes ekipamendu berriak eskuratzeko. Horrez gain, 48 milioi euro bideratuko dira komunikazio sistema berritzeko. Dena ez da berria izango, hala ere, Zupiriak jakinarazi baitu erretiroa hartu duten ertzainen pistolak berrerabili egingo dituztela. Proba bat izango da oraingoz.
Igoerarik handiena, baina, zibersegurtasuneko eta larrialdietako arloek izango dute, horiek baitira Segurtasun Sailak datorren urterako egindako bi «apustuak». Batetik, %13 handituko da Cyberzaintza EAEko zibersegurtasun agentziaren aurrekontua, 7,3 milioi euroraino. Eta, bestetik, %75 handituko da larrialdiei erantzuteko inbertsioa, besteak beste, itsas salbamenduaren eskumena bere gain hartu izanaren ondorioz. 11 milioi euro pasako aurrekontua izango du.

Aginte bakarreko sistema
«2027a urte bereziki esanguratsua izango da larrialdiei dagokienez», esan du Zupiriak, eta iragarri Babes Berehalako Arreta Bermatzeko Euskal Sistema eratzen hasiko direla, horretarako diru partidarik gorde ez badute ere. Lehendakariak joan den astean, segurtasunari buruzko osoko bilkura monografikoan, iragarri zuen larrialdietako aginte bakarreko sistema hori eratuko zutela.
Suteei, uholdeei, istripuei eta antzeko larrialdiei berehalako erantzun bateratua ematea izango du helburu, eta sare berean bilduko ditu babes zibileko zerbitzuak, suhiltzaileak, osasun zerbitzuak eta erakundeak, besteak beste. Euskalmet ere bai, zeinak 3,64 milioi euroko aurrekontua izango duen 2027an.
Galderen txandan, xehetasun gehiago eman ditu sailburuak larrialdietako aginte bakarreko sistemari buruz, eta azaldu du hiru edo lau urteko epean jarri nahi dutela martxan. Hura diseinatzen eta planifikatzen hasiko dira lehen-lehenik. EH Bilduk kritikatu dio, ordea, lehendakariak jada martxan jartzeko moduan zen sistema baten gisan saldu zuela legebiltzarrean.
Alderdi Popularrak, aldiz, kritikatu du aurrekontua ez datorrela bat segurtasunarekiko herritarrek duten zalantzarekin. Eta sailburuari txarretsi dio iazko aurrekontuetan jasotako dirua erabili gabe utzi izana.